Gasteizko jaiak

Haurrak festaren jabe

Festaren lekukoa hartu, eta pozez eta ilusioz hartu dituzte kaleak neska eta blusa txikiek

Giro ederra izan zen atzo Plaza Berrian; haurrez bete zen Zeledon Txiki eta Neska Txikiri ongietorria emateko. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Lur Gil.
Gasteiz
2014ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Zerutik jaitsi ziren atzo eguerdian Zeledon Txiki eta Neska Txiki, egun osoko festa handiari hasiera emanez. Ilusioa nabari zen Plaza Berrian bilduta zeuden haur guztien begietan, eta irribarrea ahoan, aurtengo txiki guztien ordezkarien jaitsiera horrek daukan garrantziaren jakitun. Bazekiten jaitsieraren ondoren eurena izango zela protagonismoa, festa eurentzat izango zela, egun handia baitzuten atzo.

Goiz-goizetik hasi ziren Asier Moreno eta Amaia Alvarez, aurtengo Zeledon Txiki eta Neska Txiki, eguneko eginbeharretan. Hilabeteetan entseatu duten aurreskua ederki dantzatu zioten Andre Maria Zuriari, eta jarraian Plaza Berrira joan ziren festari hasiera ematera. Txaloka eta dantzan eman zieten ongietorria hezur-haragizko Zeledon Txiki eta Neska Txiki agertzeko zain zeuden haurrek, plaza zerutik zeharkatu ostean. Saltoka agertu ziren Moreno eta Alvarez zeharkaldiaren ostean, aterkia eskuan eta urduritasun aurpegiarekin, baina pozez gainezka. Ez ziren protagonista bakarrak izan, aurten, Aspace omendu nahi izan baitzuten, elkarteak 25 urte bete dituelako. Hala, erakunde horren Zeledon Txiki eta Neska Txiki ere egon ziren Plaza Berriko agertokian. Festarako deia egin zuen Zeledon Txikik: «Gaur gure eguna da, zuona, haur guztiona; eta saltoka, dantzan eta jolasean ederki pasatzeko gonbita egiten dizuegu». Zeledonen abestiak nagusitu ziren orduan, plaza guztia saltoka zegoen bitartean, baita erraldoiak ere, Udal Musika Bandaren doinuekin.

Egun osoa haurrentzat

Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren dantzaldiari erraldoien konpartsak hartu zion txanda, eta festa Plaza Berritik hiri osora zabaldu zen. Blusen eta Nesken kuadrillek egitarau berezia antolatu zuten atzoko egunerako, haurrentzako ekitaldiz beteta. Erdiguneko plaza gehienetan ikus zitezkeen haurrak jolasean, alde batetik bestera korrika eta ur botila eskuan, atzoko beroari aurre egiteko. Barrakak ere bete egin ziren, haurren eguna izanik, haiek zutelako eguneko kontrola, eta, eginbeharren artean, barraketara joatea ezinbestekoa zen askorentzat.

Arratsaldean ere izan ziren protagonista, eta blusa eta neska nagusiek zezen plazarako ibilaldia egiten zuten bitartean, haurrek Florida kaletik Aihotz plazarakoa egin zuten, han, zezenen ordez, txikientzako jolasak eta indarra hartzeko askaria baitzituzten zain. Itzulera ibilaldia ere egin zuten Florida kalera iluntzean, asko blusa eta neska nagusien itxura handiarekin. Eguna bukatzeko, zezensuzkoa eta su artifizialak izan zituzten, eta kontzertuetara ere geratu ziren asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.