Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Almodovarkeriak

2016ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Berriz ere aitorpenak. Armairutik aterako naiz: ez ditut Almodovarren filmak gustuko. Orokorrean, alegia. Ez naiz ni izango zinemagile mantxatarraren —zergatik nabarmendu behar dugu beti bere jatorria?— izugarrizko talentua ukatuko duena. Erraz uler dezaket munduan zehar pizten duen miresmena, batez ere atzerrian, exotismoaren laguntzari esker. Kostata ulertzen dudana da horrenbeste emakumek Almodovarren erretratu histerikoarekin bat egitea, haren filmetan hain berezko eta errepikakor den unibertso femeninoa propio sentitzea.

Aitortuko dut, gaztetan, ¿Qué he hecho yo para merecer esto? filmak txoratu egin ninduela, eta sentitu nuen zirrara oraindik oroimenean mantentzen da bizirik. Handik aurrera, ez bero ez hotz. Edo hobeto esanda, bero eta hotz, hau da, huts. Haren film guztietan erraz aurki dezaket zerbait interesgarri, harrigarri, dibertigarri. Haren pelikulen remake-ak egiteko ezintasuna egiten duen zinemaren egiazkotasunaren seinale ona da, baina kontatzen dituen gauzen egiazkotasunaren seinale txarra.

Ausarta izan da beti Almodovar emakumeei ahotsa ematen, protagonismo osoa eskaintzen. Haren filmak emakume indartsuz, beren sexualitatearen jabe direnez —bagina izan ala ez—, askez eta punkiz josita daude. Frankismoaren osteko Espainiaren estereotipo binario guztiak izorratu zituen, modernitatearen eta tradizioaren arteko borrokaren argazki paregabea osatuz, eguneroko munstro liluragarri maitagarriak erakutsiz.

Baina, baina. Almodovarrek melodrama sutsuarekiko duen zaletasunak, koloretsua, hunkigarria eta bitxia izan arren, melodramaren sinesgarritasuna hondatzen du. Bere azken filmetan aurrekoetan baino askoz neurritsuago ibili da Almodovar. Baina Almodovar beti da Almodovar, eta eszentrikotasun xarmangarriak —berezko marka— emakumeen arteko dramaren egiatasunaren aurka jotzen du berriro ere. Emakume indartsu horiek gizonezkoen galtzontzilloen erruz bizitzan porrot egiten dute beti, desioa kontrolatzeko ezgaiak dira, eta gizonenganako menpekotasun emozionalaren biktima koitaduak dira. Preso daude.

Nire ikuspuntutik —intentsitate baxuko matxistarena, alegia—, zalantzak ditut Almodovarren feminismoarekin: askatasun sexualaren apologia bai, baina kultura menderatzailearen rolak etengabe irudikatzea ez ote den horiek iraunaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.