Gurua, geroa

Hirien etorkizuna 'sortzaileen klasekoak' erakartzeko gaitasunaren araberakoa izango zela esan zuen 2002an Richard Floridak. Tesia bere egin zuen kudeatzaile publiko askok. Sortzaileok hiriak itotzen ari direla dio orain.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Richard Floridaren eta beste batzuen babes ozenarekin, hiriak eta estatuak artea tresna gisa erabiltzen saiatu dira, bat-batekotasun humanoa hazkunde ekonomiko bihurtzeko itxaropenarekin. Bilbotik 1997an hasita, alkateak eta gobernuak porrot egindako hiri industrialei bizi berria ematen saiatu dira, turista multzo global bat erakartzeko diseinaturiko arte gune eta museoekin», idatzi zuen Yorkeko Unibertsitateko (Ingalaterra) irakasle Sam Wetherellek iazko abuztuan, Jacobin aldizkarian.

Hizpide duen Richard Floridak (New Jersey, AEB, 1957) mende honen hasieran iragarri zuen hirien arrakasta sortzaileen klaseko kideak eta inbertsioa erakartzeko gaitasunaren araberakoa izango zela, The Rise of the Creative Class. And How It's Transforming Work, Leisure and Everyday Life liburuan (Sortzaileen klasearen sorrera. Lanaren kulturaren eta astialdiaren eraldaketa XXI. mendean, 2002). Hiri kudeatzaileen guru bihurtu zen. Profetatzat jo zuen askok. Torontoko (Kanada) unibertsitate publikoko Rotman Management Eskolako zuzendaria da, eta Creative Class Group aholkularitza enpresa pribatu esklusiboa gidatzen du.

Floridaren sortzaile klasean, Peter F. Drucker austriarrak ezagutzaren langile deitu zituenak sartzen dira —zientzialariak, teknologoak, enpresari berritzaileak, ikerlari profesionalak, abokatuak...—, baina baita artistak, musikariak, diseinatzaileak eta idazleak ere. Gazteak denak, jakina.

'Bohemiotasun indizea'

Pribatizazioa, ekintzailetza, ezagutzaren gizartea, postmodernitatea eta beste hainbat kontzeptu garatuz, Korporazio Modernoaren oinarriak finkatu eta administratzaileen guru bihurtu zen Drucker; haren teorietatik tiraka, egungo gizartearen sistema ekonomikoaren oinarria gazte sortzaileen klasea izan behar zela aldarrikatu zuen Floridak. Eta klase horrek, Floridaren hizkeran betiere, bohemiotasun indize handiko auzoak maite ditu bizitzeko. Artea bera edo artistak bainoago, gertu samar norbait artea egiten ari delako sentsazioa hirian zabaltzea da garrantzitsua, beraz. Sentsazio horrek erakartzen ditu, hain zuzen ere, sortzaileen klasekoak.

Floridak ez zuen kontuan hartu, baina, hirietan bizi diren pertsona guztiak ez direla sortzaileen klasekoak, erakarri nahi diren sortzaileek okupatuko dituzten auzoetan lehendik ere beste pertsona batzuk bizi direla. Floridaren hirian, pobreek eta langile klasekoen beharrek ez daukate garrantzirik. Kapital publiko zein pribatuaren inbertsioak nahi ditu oroz gain.

Bere liburu arrakastatsua argitaratu eta hilabete gutxira, Minnessotako Unibertsitateak (AEB) antolatutako topaketa batera joan zen Florida. Han, sortzaileen klasearen rol politikoaz galdetu zion unibertsitateko buru Robert Bruininksek, ea klase horrek gizarteari etorkizun justuago bat eskaintzeko aukera sortzen ote zuen. Florida ez zen ezer erantzuteko gauza izan.

Iaz, beste lan bat argitaratu zuen: The New Urban Crisis (Krisi urbano berria). Bertan, bere kritikoek iragarritako elitizatze eta gentrifikatze prozesuez mintzo da. Sortzaileen klaseakhiri asko bahitu eta ito dituela dio; munduko 50 eremu metropolitano handienetan munduko biztanleen %7 bakarrik bizi direla, baina hazkundearen %40 ekoizten dutela; hiri izar horiek komunitate itxi bihurtu direla, Airbnb-z eta udako etxe hutsez betetako kaleekin. «Krisi urbano berria suburbioen, urbanizazioaren eta eskala handiko egungo kapitalismoaren krisia da», idatzi du. «Dena gentrifikazioa da orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.