Kritika. Dantza

'Canis familiaris'

Don Juan dantza emanaldiaren irudi bat. VIOLA BERLANDA.
Agus Perez.
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun

'Don Juan'



Konpainia: Aterballetto. Koreografia: Johan Inger.Musika: Marc Alvarez, Manuel Busto. Dramaturgia: Gregor Acuña-Pohi. Eszenografia: Curt Allen Wilmer. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: azaroak 25.

Zorionez, Don Juan—matxismoaren paradigma nagusia— beste ikuspegi batetik eramaten da taulara gaur egun. Izan ere, XVI. mendeko Espainian sortutako mitoak hainbat eraldaketa izan ditu denbora garrenean, eta, jatorrizkoa oinarri hartuta, poesiara, antzerkira eta operara izan da eramana.

Gaia jorratu dutenen artean Moliere, Pushkin eta Lord Byron ditugu besteak beste, eta bitxia da jakitea macho (matxo) hitza bere horretan erabiltzen dela frantsesez eta ingelesez, konkistatzaile haien izaerarik behinena gogoan. Bide batez, gogoratu Laurie Andersonen ¿Señoras y señores, ¿quién es más macho? zioen kanta gogoangarri hura, edo The Macho Man, Hegoafrikako Sikulu, the Warrior musikalean duela hogeita hamar urte Bilboko Arriagan entzun eta oraindik ere gure baitan irauten duena.

Demagun orduan Johan Inger koreografoak Italiako Aterballettorako sortu duen lanak ikuspegi kritikoago bat eman diola garai bateko figurari. Ingerrek zera zioen Maria Luisa Buzziri 2020an egindako elkarrizketa batean: «Ezerk ezin du nire desioen kementasuna geldiarazi». Zertaz ari zen Inger, ordea? Bere nahiez ala Don Juanenez? Berdin du, hala ere. Kontua da anbizio handiko sormen-lan baten ondorioa izan dela Gasteizko jaialdian ikusi duguna, anbizioa, batzuetan, urrutiko intxaurrak bezalakoa suertatzen den arren.

Hasteko eta behin, arriskutsuak dira dantzaren artea kontakizun zehatz bati lotzeko asmo guztiak. Bide horretatik, dantza programatikoaren esparru zailean sartzen gara: dena egongo da kontakizun baten zerbitzura eta gure izpiritua ezin izango da lurreko maila idorretik aireratu. Eta bai, bide horretatik joan da Inger, mito ezagunaren inguruan dagoeneko genekiena besterik ez erakutsiz, maila goreneko dantzaren bidez, hori bai, baina iradokizun oro ezerezean ahaztuta, onirikoari dagokiona Zestoako canis familiaris-en hezurtxoa bezain urrun utzita eta efektismo politen eszena luzeetan beldurrik gabe murgilduta.

Egia da ikusgarriak izan direla efektu bisualak, itzal-argien jokoak eta dantza kolektiboen jantzi koloretsuak. Egia da, era berean, maila paregabea erakutsi dutela dantzari guzti-guztiek —energia nagusi gizonen dantzetan, eta arintasun sublimea emakumeenetan—, baina dena etorri da musikaren menpe, eta musikak Hollywoodeko kutsu edulkoratu nekagarria eduki du, ikusleen emozioak bai ala bai bultzatu nahian balebil bezala.

Bestetik, eta planteamendu gaurkotuari begira, Suzanne Lilarren Le Burlador, a feminist perspective on the Don Juan eta guzti hartu dute kontuan, eta Don Juanen doble bat asmatu du koreografoak pertsonaiaren balizko alde onak salbatu nahian, baina horrek nahasmena besterik ez du eragin ikusleongan. Horren adibide da erdialdeko etenaldi behartuan —dantzari nagusiak lesio bat jasan du eta ordezkatua izan da— inguruan genituen ikusle guztiek komentatzen zutela beren ezin ulertua bikoiztasun horren kontura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.