Literatura. 'Zorioneko familia'

Neurriaren bila

Idazlea: Iñaki Irasizabal. Argitaletxea: Elkar.

2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Liburuaren atzealdeko testuan Elkar argitaletxeak adierazten dio Iñaki Irasizabal ezagutzen ez duen irakurleari egile durangarraren ohiko habitat literarioa nobela beltzen ingurukoa dela, eta norabide aldaketa suposatzen duela azken lan honek idazlearen sorkuntzan; preseski, singularrean planteatutako izenburuak nahasmendua eragin baitezake ere, Zorioneko familia hamar kontakizun laburrek osaturiko ipuin-bilduma da.

Izenburuan biltzen da, hala ere, ipuin guztiak zeharkatuko dituen hari ikusezina: familia desitxuratuen inguruko hausnarketa zenbaitetan ironiko eta usu sarkastikoa. Azaleko irudiak ere emango dio pista liburura biluzi gerturatzen denari: errauts-kutxatila baten islatutako familia irribarretsua. Heriotzak, beraz, presentzia nabarmena izango du narrazio guztietan. Era berean, alderdi horrek lotzen du bilduma egilearen aurreko ekoizpenarekin; ipuin guztiek konpartitzen dute kutsu ilun bat, eta misterioaren eta pilatutako tentsioaren arteko oreka bilatzen du Irasizabalek idazketan. Agian, bide horretatik datorkio galbidea idazleari, hartzaileari irakurketa bideratu nahian gehiegitxo esaten diolako susmoa izan baitut sarri, gehienbat, narratzaile orojakileek kontatutako pasarteetan. Misterioak indeterminazioari leku gehiago egitea eskatzen duela iruditu zait kasu horietan; kimatze lana eskertuko lukeela prosak.

Alderdi positiborik nabarmengarriena narrazioen arteko fokalizazioen aniztasuna dela esango nuke. Lantzen den gaiaren osotasunaren kontrapuntu gisa funtzionatzen dute ahots desberdinek. Asmatzen du, aldi berean, generoak eskatzen duen moduan ateratzen zukua ipuinei; hau da, ipuinen amaiera aldera, ustekabeko gertakizunak azaleratuz efektu haustailea lortzen.

Thriller poliziakoen mundutik datorren egile baten lana dela jakinik, tentuz gerturatu naiz lan honetara, eta baiki, irakurketaren aurreko susmoak baieztatu ditut: euskal giroa txertatzen dela nobela beltzaren ezaugarri den kritika sozialaren bertsio inuzentearen barnean (Krisia edo Zu etazure arreba ipuinak horren erakusle dira). Azalduko dut esan nahi dudana: gertuko pertsonaiak ageri dira protagonista gisa, maila ertaineko pertsona arruntak; batez besteko euskal irakurlea identifikatzeko gai dena eta gizarte arazoetan eragiteko aukera duena. Sarri, baina, sozialki eragiteko behar hori kontzientziaren mandatua bilakatuko zaio irakurleari, autoreak iradoki nahi dituen sarkasmoz eta ironiaz baino gehiago, onberatasunak bultzatuta jardungo duelako. Horrela, fikziozko narrazioa kontakizun minberan erortzen da maiz.

Hori da emaitza: lana erori egiten dela justu idazlearen helburu nagusia betetzeko saiakeran; ez baitu balizko irakurleak idazlearen kritika sozial horretan begi zorrotzik aurkituko, egunerokoan bizi ditugun egoera latzen gaineko iruzkin xaloak baizik, gehiengoak irits ditzakeen deliberamendu arinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.