Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Irakurleari

2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Duela hilabete batzuetatik hona, irrati kritikak idaztea izan da iganderoko jomuga, Frekuentziaren gerizpean atalaren baitan. Zientziari eskaini nion nire lehenengo jarduna, nahiko agerikoa egoera zein zen kontuan hartuta, eta denbora honetan, maiz ahotan hartu dudan gaia izan da. Garai ezin hobea zientziaz eta zehazki osasunaz hitz egiteko, ezta?

Oro har, metodo zientifikoa uhinetan barna entzutea ohikoa izan da; azalpenak gero eta ugariagoak izan dira irratsaioetan. Zientzia programazioan egon da jaun eta jabe; bai arlo hori jorratzen duten espazioetan, bai berez zientziazkoak ez direnetan. KKinZona irratiko Pentsatu, ez sinistu; Euskadi Irratiko Norteko ferrokarrila, Ekosfera, Faktoria magazine-ko Zientzia eta pazientzia atala, Osasun etxea; eta Radio Euskadiko La mecánica del caracol. Boteprontoan horiek. Bada, gehiago izan dira, bizitzen ari garen egoera atipikoak, gero eta tipikoagoa denak, hala eskatuta. Zientzia ongi komunikatzea zein zaila den egiaztatu dugu gero!

Itxialdia. Musukoen erabilera. Txertoak. Jira-bira horretatik at, arnasa sakon hartzeko irratsaioak eta horietan lan egiten duten ahotsak ere mintzagai. Pandemiaren inguruko informazio jarioaren aurrean, Euskadi Irratiko Arratsean, adibidez. Gauez, esaterako, SER kateko El faro, eta Catalunya Radioko Crims; hiltzaileen istorioak aditzeko beti baita une aproposa.

Modu honetan, Euskal Herriko zein Espainiako irrati-agendari erreparatu diot: ordu txikietako programazioari ere lekua eskaini diot, baita irratiaren kontsumo mistoaren errealitateari ere; irratia ikusteko beharraz —eta modaz— aritu naiz, soinuaren berezko indarrari uko egiten diolako. Ezbaian jarri dut futbolaren irrati-emankizunei ematen zaien gehiegizko arreta beste saio interesgarrien kaltetan. Gainera, podcasten fenomenoari buruz jardun dut Play eta entzun atalean, narratiba berriak berpiztu baitira eta entzungaien zerrenda puzten ari baita izugarrizko abiadan.

Lekukoa pasa beharrean nago. Halaber, gertutik jarraituko zaituztet. Adi, orain beste baten hitzak sehaskatuko baititu espazio honek. Zorte on datorrenari, eta mila esker egunero mikrofonoaren aurrean paratzen zareten esatari guztiei. Uhinetatik datorren sorginkeriaz zipriztindu gaitezen, eta irratiak salba gaitzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.