Aho zapore onarekin itxi nahi dute inoizko sasoirik arraroena

Jon Ander De la Hoz.
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Luze eta astun. Halaxe iragan da amaitzear den futbol sasoia. Koronabirusaren pandemiak hiru hilabeteko etenera behartu ostean, egutegia tenkatu eta zangoak inoiz baino gehiago nekatu zaizkie futbolariei uztailera bitartean.

Amaitzear da Espainiako Liga, eta Reala ez gainontzeko lau euskal taldeak jokoan ezer ez dutela heldu dira akaberara. Sasoi distiratsua eginda bukatuko du Osasunak, babak heltzetik garaiz aterata Eibarrek eta Alavesek, eta lehiatik kanpora behar baino lehenago geratuta Athleticek. Zuri-gorriek ostegunean bukatu zituzten Europa Ligarako sailkatzeko aukerak, etxean galdu eta gero Leganesen aurka, zeina mailaz ez jaisteko borrokan dagoen. Hargatik, orduko aho zapore garratza gozatu nahi du, Granadaren etxean irabazita. Badaki aurten hori egitea zer den; han lortu zuen Espainiako Kopako finalera sartzea.

Alavesek, berriz, arnasa sakon hartuta jasoko du Bartzelona. Patxadaz ariko dira gasteiztarrak; aurreko jardunaldian mailari eusteak buruhauste ederretik libratu ditu babazorroak. Bere onenean egon ez arren, Bartzelona beti da arerio zaila, eta haien aurka hil ala biziko partida bat jokatzeak asko zailduko lieke egoera. Alde ederreko lasaituarekin agurtuko dute liga Osasunak eta Eibarrek. Hain justu, gorritxoek ostegunean Bartzelona mendean hartuta borobildu zuten liga, eta aldarte onarekin segitu nahi dute gaur Mallorcaren aurka jokatuko duten neurketan.

Lau ordu ezberdinetan

Garaipen bat eskuratuta amaitu nahi du Eibarrek ere. Jose Luis Mendilibarren taldeak Europarako borrokan murgilduta dagoen Vila-reali egingo dio bisita, baina armaginek ez dute deus jokoan. Gauzak horrela, agurren neurketa izan daiteke armaginentzat,

Ohorea jokoan, laurek ahalik eta lanik txukunena eginez amaitu nahi dute inoizko sasoirik arraroena. Athleticen eta Osasunaren partida, 21:00etan izango dira; Alavesek 17:00etan jokatuko du, eta 18:30ean Eibarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.