Hezur gogorra haginkatzera

Realak Atletico Madril jasoko du gaur, Anoetan. Januzaj ez da osatu, eta deialditik at geratu da

Jon Ander De la Hoz.
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Errazak eta zailak. Era guztietako neurketak gainditu behar ditu bere burua sailkapeneko goiko postuetan ikusi nahi duen talde batek. Azterketa gaitza du gaur Realak, ligako hezur gogorrenetako bati aurre egin beharko baitio. Txuri-urdinek Atletico Madril hartuko dute Anoetan; espainiarrak sailkapeneko bigarren postuan daude, eta haien aurkako emaitza donostiarren etorkizunaren termometro bilaka daiteke.

Imanol Alguacilek prestatzen duen taldeak ia bi hilabete daramatza partidarik galdu gabe, baina entrenatzaile oriotarrak badaki lan makurra izango duela Atleticoren aurka: «Maila gorenean lehiatzen da beti. Partida mota guztietara egokitzen da, eta hor daude haien zenbakiak».

Alguacilek azaldu duenez, «denetik» egiten daki Atleticok. Uste du partida bakoitzak «bere uneak» dituela, eta horiek ulertzen «onenak» direla Simeoneren jokalariak: «Jauzi egiteko, lerroak aurreratzeko, atzera egiteko, kontraerasora joateko... Denerako gaitasuna dute. Jokoaren erregistro asko menperatzen dituzte, eta, horren arabera, gauza bat edo beste egin beharko dugu».

Nolanahi ere, etxean hirugarren garaipena jarraian eskuratu nahi dute txuri-urdinek, eta asmo horrekin ariko dira gaur: «Bi taldeak bolada onean iritsikogara. Lehiatzeko gaitasuna izan behar dugu, irabazteko», zehaztu du Imanolek. Realak eta Atleticok Anoetan elkarren aurka jokatu duten azken bi aldietan txuri-urdinak izan dira garaile.

Iragan sasoiko garaipena gertutik bizi izan zuen Alguacilek, orduan ere bera baitzen donostiarren prestatzailea: «Iaztik errepika daitekeen gauza bakarra irabaztea da. Testuingurua ezberdina da, eta jokalari berak ariko balira entrenatzaile berekin ere ez litzateke partida bera aterako. Aurreko urtekoa partidatzarra izan zen, guztia ondo atera zen, eta oraingoan ere guztia emango dugu garaipena eskuratzeko».

Willian Jose eta Theo

Zenbait jokalari jokatzeko prest izango ditu Realak. Joan zen astelehenean, Willian Jose eta Theo Hernandez jokatu ezinik geratu ziren zigorrarengatik, eta litekeena da oraingoan hasieratik aritzea. Adnan Januzajen partaidetza, berriz, kolokan egon zen atzoko entrenamendura arte. Belgikarrak ez zuen proba gainditu, eta taldekideen neurketa harmailatik ikusi beharko du bigarren astez jarraian. Harekin edo hura gabe, Realak abagune bikaina du orain arteko bolada ona kasualitate hutsa ez dela frogatzeko.

REALA-ATLETICO MADRIL

Reala. Rulli; Zaldua, Llorente, Navas, Theo; Merino, Zubeldia, Zurutuza; Oiartzabal, Sandro eta Willian Jose.

Atletico Madril.Oblak; Juanfran, Godin, Filipe Luis, Savic; Koke , Rodri, Saul Ñiguez,Lemar; Griezmann, eta Morata.

Epailea. Gonzalez Gonzalez.

Lekua. Anoeta (29.000 ikusle).

Ordua. 18:30 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.