KRITIKA. Musika

Negutegian

Michel Tabachnik suitzarrak zuzendu zuen Euskadiko Orkestra herenegun. TIPEZ.
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Michel Tabachnik. Mezzosopranoa: Rinat Shaham. Egitaraua: Wagnerren Sigfridoren idilioa eta Wesendonck Lieder, eta Mozarten 35. sinfonia, Haffner (KV385). Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urriak 29a.

Deigarria suertatu zen Richard Wagnerrek bere emazte Cosimarentzat «urbetetze opari sinfoniko» gisa konposatutako Sigfridoren idilioa-n Euskadiko Orkestrak haizeen jatorrizko egitura mantendu bai, baina, aldi berean, hariak beharrik gabe gehitu izana. Xehetasun horrek obraren oreka arriskuan jarri zuen behin baino gehiagotan, biolinen gehiegizko presentziarekin; zorionez, oboeak aurkezten duen sehaska-kanta fina ez zen estali, eta izan ziren ere sotiltasunari tokia uzteko uneak.

Michel Tabachnik maisuaren ezagutza eta eskarmentua agerian geratu ziren Wesendonck Lieder deritzon abesti sortan, Mathilde Wesendonckek idatzitako bost poema sutsuak testu-oinarri dituena. Atal bakoitzaren funtzio eta beharretan aditu, orkestra gorputz organiko bat balitz bezala gidatu zuen, Schmerzen-en, adibidez, dinamikak espanturik gabe menderatuz. Rinat Shaham mezzosopranoa iaz ere entzun ahal izan genuen Kursaalean Euskadiko Orkestrarekin. Bere ahotsa bikain moldatzen zaio errepertorio mota honi: intentsitate handiko Im Treibhaus bere behe- zein goi-erregistroaren aberastasunaren erakusgarri betea izan zen.

Ordubeteko programa amaitzeko, klasizismoaren arintasuna eta energia biltzearen eredu den Wolfgang Amadeus Mozarten 35. sinfonia izan genuen, Sigmund Haffnerren enkargua izanik honen abizena daramana. Ia arnasarik hartu gabe ekin zion Tabachnikek lehen mugimenduari; kohesio sakonean jardun zen orkestrarekin batera, Allegro con spirito bizitik Andante ordenatura aise igaro zirelako sentsazioa piztu zuen, bukaerako Presto-an gehiegi bizkortu gabe.

Ez dut ezkutatuko lerro hauek idaztean Kursaaleko besaulki-patioa bere edukieraren herena baino gutxiagoan ikusteak sortu zizkidan kezka eta pena alde batera uzteko esfortzu handia egin dudala. Euskadiko Orkestrak aurkeztutako programaren sen erromantikoaren zurrunbiloaz zein klasizismo indartsuaz kutsatuta, denon onerako izango da testuinguruak sortu digun negutegi ilunean musikak argitasuna erein dezakeelako sinesmenari eustea. Batzuetan lortzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.