Mikel Arregi. Rikardo Arregiren anaia

«Euskara eta politika, horiek biak ziren Rikardoren kezkak»

GARI GARAIALDE / FOKU.
Miel Anjel Elustondo
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Begoña Arregik inork ez bezalako harremana izan zuen neba Rikardorekin. Hari lagundu zion, baina ez zen kolaborazio hutsa. Begoña Arregi ez zen, beste gabe, «Rikardoren arreba», izen eta izan osoaren jabe baizik. Halaxe ageri baita Begoña Arregiren izena, adibidez, Batasunaren Kutxa-ren sinatzaileen artean, hau da, 1970ean arrakasta handienarekin kaleratutako liburuan. 61 idazle-irakaslek euskara estandarraren bideari segitzeko konpromisoa hartu zuten, «gure Herriaren historiarako inportantziarik goreneko Zin eta Mezu batean», Anaitasuna aldizkariak idatzi zuenez.

Begoña Arregiren mina, ordea, Gabriel Arestiren auhena bezain handia, edo handiagoa, da gaur egun ere. Aukeran, nahiago ez hitz egin. Ordez, anaietan gazteena, Mikel Arregi (Andoain, Gipuzkoa, 1949) mintzatu zaigu.

Zuen arreba Begoñak Rikardoren gainean zuk baino gehiago dakiela diozu...

Bai, bada! Rikardo 1962an irten zen apaizgaitegitik, hirugarren anaia, Joseba, han zen garaian, eta ni hara sartzeko nintzenean. 1966an, berriz, soldadu joan zen Rikardo, eta, beraz, esan liteke Josebak eta biok ez genuela bizi izan Rikardoren garai garrantzitsuena. Begoñak, aldiz, bai. Harreman estua zuten biek. Goizetan, elkarrekin joaten ziren Andoaindik Donostiara, Begoña lanera, eta Rikardo unibertsitatera eta bestelako eginkizunetara. Horrez gainera, laguntzaile ere ibiltzen zuen Rikardok Begoña.

Nola izan zenuen zure anaia Rikardoren heriotzaren berri?

Donostian nengoen, apaizgaitegia utzi berria. Aurrera tabernan nintzen. Abertzale giroa zen han nagusi. Aitak egin zigun harako bidea eta, gero, hango seme-alabekin harreman zuzena izan nuen; Juan Luisekin eta Lorerekin, batik bat. Han nintzen eguerdian eta baten batek eman zidan albistea. Istripua gertatu zela, Rikardo hila zela... Etxera joan nintzen, Andoainera. Etxean, gauza bera, istripua izan zuela Rikardok, baina ez zela seguru hila zela. Begoñak aita hartu autoan eta Mutrikura joan ziren. Eta Rikardo hila. Uztailaren 10ean izan zen, Done Kristobal.

Horixe aipatzen du Gabriel Arestik poeman, Done Kristobal, gidarien zaindaria.

Istripu zozo bat. Anaia zorabiatu egiten zen autoan. Leihoa jaitsita joango zen, seguruena. Istripua izan zuten, kolpea hartuko zuen, eta hil. Gauzak gertatu egiten dira. Amak bolada txarra izan zuen ondoren...

Ramon Saizarbitoriak dio Rikardok politika bokazioa zuela…

Nik Ramoni berari adituta dakit haiek gazte taldea zirela, kultura zutela gogoan, baina Rikardok, aldiz, politika ikuspegia zuela benetan, eta, behin, Andoainen, horixe esan ziola gure anaiak Ramoni: «Diputatu izatera iritsiko naiz Madrilen. Horren atzetik jokatu behar dut». Eta, nire ustez, Usurbilgo hitzaldia ere bide horretan doa. Rikardok bi kezka horiek zituen: euskara, batetik, politika, bestetik.

Hiletaren oroitzapenik baduzu?

Bai, asko, gainera. Oroitzen naiz nola irten ginen Eguzki-alde etxetik, aitaren lankideek hilkutxa bizkarrean zeramatela, nola igo genuen elizarainoko aldapa... eta jendetza, jendetza handia.

Argazkiren batzuk badira, Manuel Lekuona hilkutxa bedeinkatzen...

Apaiz asko ziren han. Manuel eta Juan Mari Lekuona, Pedro Berrondo, Jabier Garagorri, Agustin Ezeiza Zeruko Argia-ren zuzendaria garai hartan, Joan Mari Torrealdai...

Gabriel Arestik mezatan irakurri zuela oroitzen zara?

Baina hori ez zen hileta-mezan izan, handik egun batzuetara egindako herri-mezan baizik. Orduantxe irakurri zuen Arestik poema, eta kantatu zuen Txori erresiñula Mikel Laboak, eta jo zuten txalaparta Artze anaiek, baina ez eliza barruan, kanpoan baizik. Amak esan zuen, txalaparta, elizan mesedez ezetz... Oso gogoan dauzkat horiek. Egun hartan ezagutu nuen, adibidez, Daniel Landart, eliza atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.