Gomendioak

Euskal zonbiak, betiereko klasikoak, kapitalaren hortz zorrotzak eta beste

DVD zaharrak berpiztea ez da aukera txarra konfinamendu egunotan; bestela, alternatiba interesgarriak eskaintzen ditu sareak

Ataun of the Dead trilogiako hirugarren eta azken atala: Napardeath. KATIHOTSAK.
Gontzal Agote.
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gazteenentzako eta abiadura handiko garai zoroen ondorioz amnesiak jotako zaharrontzako gida labur-laburra: etxe askotan izan, badira aspaldian ahaztutako plastikozko kutxatxo batzuk. Horien barnean, borobil perfektua egiten duen objektu bat izan ohi da. Zorte apur batekin, hura sartzeko gailu bat izanen da egongelako bazter batean edo jostailu zaharrak pilatzen dituen armairuan.
Objektu horrek DVD du izena, eta, garai ez oso urrun batean, horrekin ikusten ziren filmak etxean. Bilatuz gero, seguru bat baino gehiago agertuko dela, eta altxor ezkutu bat aurkitzea baino aberasgarriagoa izaten ahal da horiek biziberritzearen esperientzia.
Nolanahi ere, denboraren premietara egokitu behar, eta halakorik bilatzeko patxadarik ez dutenentzat edota hodeiak ekarriko duenaren zain bizitza pasatzen duten horientzat, hona sareak etxeko zinemarako eskaintzen dituen aukera zenbait.

'Napardeath'
Non ikusi: Katihotsak.eus.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Zonbi eta banpiroen trilogiari amaiera ematen dion filmarekin jira eta bira ibili ondoren, Katihotsakoek berriki sarean jarri dute ikusgai beren azken filma. Ataunof the Dead-ekin hasi zuten trilogiaren amaiera da, eta aurreko biak ere ikusteko aukera dago bertan.
Zumalakarregi zonbiak Euskal Alderdi Banpiroa garaitu du, eta Iruñera abiatu da, euskaldunen erregea izateko asmoz. Hiribururako bidea, baina, ez zaio erraz izanen, besteak beste, Antso Azkarraren momiari aurre egin beharko baitio.

'Eskerrik asko, ugazaba'
Non ikusi: Argia.eus (multimedia kanala), Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Sekulako arrakasta izan zuen duela bost urte François Ruffin kazetariak aurkeztu zuen dokumentalak. Ez soilik oso zabaldua izan zelako: Nuit debout mugimenduaren pizgarrietako bat ere izan zelako ere bai. Era berean, Ruffini parlamenturako bidea ireki zion filmak.
Frantziako aberatsenen taldeko kidea da Bernard Arnault, eta haren atzetik abiatuko da Ruffin, haren enpresen bidegabekerien berri emateko. Zeregin horretan, Poloniara eraman duten enpresa bateko kaleratutako langile bikote bat izanen du bidelagun.

'Marriage Story'
Non ikusi: Netflix.
Hizkuntza: Ez da euskaraz ikusgai.
Iazko harribitxietako bat izan zen, baina ez zen zinema aretoetara ailegatu, zuzenean Netflix plataforman estreinatu baitzuten. Hala ere, Oscar sarietarako lehian sartu, eta Laura Dernek merezitako estatuatxoa eskuratu zuen. Harekin batera, nabarmentzekoa da Scarlett Johanssonek eta Adam Driverrek filmean egiten duten lan bikaina.
Bikote harreman baten hondamendia da Noah Baumbachek filmean kontatzen duena: banantzearen bidean sortuko diren zauriak zein duda-mudak, baita prozesu horren inguruan dagoen merkantilismoa ere.

'Muga deitzen da pausoa'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako efilm plataforman, Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Zinema aretoetan estreinatu zen iaz Maider Oleagaren film zirraragarria. Dokumentala dela esatea murriztailea litzateke, esperimentaziotik asko baitu absentziarekin, memoriarekin eta espazio fisikoarekin jolasten den bidaia horrek.
Bi emakumek topo eginen dute Donostiako Parte Zaharreko etxe batean. Bata zinemagilea da, eta etxe horretara ailegatu berri da. Bestea, berriz, 1982an hil zen, Elbira Zipitria zen, euskararen eta ikastolen sustatzailea. Bazter guztietan bizirik da oraindik haren presentziaren arrastoa.

'Printze txikia'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako efilm plataforman, Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Asko dira Antoine de Saint-Exuperyren liburuaren gainean egin diren moldaketak, baina, horien artean, 2015ean Mark Osbornek egin zuena berezienetakoa da. Animazio film bat da bertsio hori, stop motion teknikaren bitartez egina, eta umeekin ikusteko aproposa.
Istorioak bi maila ditu: batetik, printze txikiaren gorabeherak ezagutuko ditu ikusleak adineko pertsonaia bitxi baten bitartez. Bestetik, alabaren eta amaren istorioa dago; lekualdatu berri dira, eta ama alaba lehiakorra izan dadin prestatzen ari da. Gaztetxoa, ordea, ez da zoriontsubizimodu horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.