Emaumeak politikan

BERDINTASUNA AULKIEN JOKOAN

Emakumeek politikan duten rolaz hausnartu dute Eusko Legebiltzarreko legealdi berrian izango diren alderdietako bost kidek; lortutakoa aitortu arren, autokonplazentzia gainditzeaz aritu dira, eta egunerokoan aurkitu dituzten estereotipoak eta zailtasunak xehatu dituzte legebiltzarrean bertan.
ARGAZKIAK: JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2016ko urriak 2

Amaia Arregi

EAJ

Bilbon jaio zen, 1970ean. Zuzenbideko lizentziaduna da, eta hirigintzako masterra egina du. Bizkai Buru Batzarreko kide izan da zortzi urtean. Hirugarren legegintzaldia izango du hastear den hau; 2009tik da legebiltzarkide.

Larraitz Ugarte

EH Bildu

Oñatin (Gipuzkoa) jaio zen, 1976an. Zuzenbideko doktore da, kriminologian aditua, eta Soziologia Juridikoko eta Familia Bitartekotzako diplomaduna. 2011tik 2015era Gipuzkoako Foru Aldundiko eledun eta Azpiegitura diputatu izan zen.

Cristina Makazaga

Elkarrekin Podemos

Gasteizen jaio zen 1974. urtean. Informazio Zientzietako lizentziaduna da, EHUn, Publizitatea eta Harreman Publikoen adarrean. Lehen aldia du ordezkari publiko gisa, Gasteizko Udalean Ahal Dugu-ren aholkulari izan ondoren.

Natalia Rojo

PSE-EE

1977an jaio zen, Gasteizen. Soziologia eta Zientzia Politikoetako ikasketak egin ditu, eta Europako Ikasketak masterra. Udalean hasi zen zinegotzi, Gasteizen. 2005ean heldu zen legebiltzarrera.

Laura Garrido

PP

Gasteizen jaioa, 1970ean. Zuzenbideko eta Politika Zientzietako ikasketak egin ditu. Arabako Biltzar Nagusietan eta zenbait udaletan aritu zen legebiltzarrera heldu aurretik; 2007an iritsi zen hara.

Hastear da XI. legealdia Eusko Legebiltzarrean. Hori gertatu bitartean, gaur zortzi izandako hauteskundeen emaitzek askorako eman dute azken astean. Hautetsien artean 41 emakumezko eta 34 gizonezko egotean jarri dute arreta berdintasunaren isla gisa. Ordea, kopuruak eragiten al du politikaren feminizazioan? Areago, zer uler daiteke politikaren feminizatzeaz hitz egiten denean?

Eusko Legebiltzarra osatu ez bada ere, irailaren 25ean aukeratutako bost legebiltzarkide elkartu ditu BERRIAk parlamentuan bertan: Amaia Arregi (EAJ), Larraitz Ugarte (EH Bildu), Cristina Makazaga (Elkarrekin Podemos), Natalia Rojo (PSE-EE) eta Laura Garrido (PP). Bostek hizpide izan dute emakumeek politikan duten presentzia eta politikaren feminizazioa, haien bizipen eta ezagutzetatik abiatuta. Mahai ingurua gaztelaniaz hasi da, legebiltzarkide euskaldunik bidaltzerik ez zuten alderdien ordezkaritza egoteko (Elkarrekin Podemos eta PSE-EE); solasaldiak aurrera egin ahala, bakoitzak nahi izan duen hizkuntzara jo du.

Abiapuntu komuna dute bostek: emakumeek politikan parte hartzearen beharra eta garrantzia berretsi dute. Batetik, politika gizartearen isla den heinean, gizartearen sektore guztiek ordezkatuta egon behar luketelako han. «Parte hartu nahi duenak ekarpena egin beharko luke, gizartearen zati bat den heinean», zehaztu du Arregik. Rojok ideia hori berretsi du, eta Ugartek beste ideia bat gaineratu dio: beste mota bateko politikak egiteko aukera. «Emakumeon parte hartzeak politikan balio du, hasteko, gizarte honetan dugun rola ikusarazteko, eta berdintasunaren afera agenda politikoan jartzeko».

Instituzioetan parekidetasun kuantitatiboa gainditu egin behar dela dio Makazagak. Hots, emakumeen presentzia lortu beharko litzatekeela ardura postuetan ere. «Politikara heltzea egiturazko arazoa dela uste dut, ez emakumeen banakako arazoa; politikan pausoa eman dugunon ardura da zentzu horretan lan egitea». Garridok ere horri heldu dio: «Oraintxe, emakumezko gehiago gaude legebiltzarrean; baina, esparru batzuetara, batez ere zuzendaritza postuetara, emakumeok ez gara heltzen».

«Asko dago egiteko», oroitarazi du Rojok, eta, bide horretan, gizonen parte hartzearen garrantzia jarri du mahai gainean. «Halako mahai inguruak emakumezkoon artean egiten ditugun bitartean, anekdota huts izango dira; gizonezkoen iritzia entzuten ez dugun bitartean, ez dugu benetako berdintasuna lortuko». Garridok eta Arregik ideia hori berretsi dute. «Gizonen lankidetza eta parte hartzea lortu behar dugu. Funtsezkoa da; bestela ez dugu aurrera egingo», azaldu du PPko legebiltzarkideak. Hau gaineratu du EAJko hautetsiak: «Mahai honetan gauden emakume guztiok oso argi dugu zertan gabiltzan, baina zenbat gizonek irakurriko dute gero hausnartu duguna? Zenbatek parte hartuko zuten egoera nola ikusten duten esateko?».

Makazagak EAEko berdintasun legea jarri du mahai gainean. Azaldu du emakumezkoen presentziaren oreka bermatu duela ordezkaritza organoetan, ikuspuntu kuantitatiboan, baina sakonago heldu ez izana leporatu dio. «Lege bat egon badago, eta lege horretan gizonezkoek ere parte hartu zuten; edonola ere, ez ditu hainbat gai konpondu».

Ugarteren ustez, Berdintasunerako Legearen lorpenak aztertzeko, testuinguru juridikoa kontuan hartu behar da. Legebiltzarraren eta Eusko Jaurlaritzaren tresnak «erabatekoak» ez direla zehaztu du; hots, ez dute eskumenik zigor kodean, abortuan... «Berdintasun erabatekoa lortzeko, bestelako eskuduntzak beharko lirateke: ez da borondate politiko kontua bakarrik, errealitate juridikoa baizik».

Esparru maskulinoa

Rojok oroitarazi du politika «gizonezkoen lanbidea» izan dela. «Alderdi politikoen egitura oso maskulinoa zen, baina konturatu ziren ezin zutela politika egin gizarteari bizkar emanda; ikusi zuten irekiak izan behar zutela gizartean gertatzen zenaren inguruan». Edonola ere, Rojok, Arregik eta Garridok — legebiltzarrean eskarmentua duten hiru emakumezkoek— ez dute sentitu horrek eguneroko lanean eragin dienik.

Arregiren iritziz, eguneroko lanak du eragina, ez bestelakoek. «Gaiak defendatzeko moduak, akordioak lortzeko gaitasunak... Horrek guztiak laguntzen dizu legebiltzarkideen errespetua irabazten». Bat datoz Rojo eta Garrido. «Gai guztietan gizonezkoak eta emakumezkoak daude, eta denekin negoziatu behar duzu; hortik kanpo, bai, Amaiarekin [Arregirekin] gauza gehiagori buruz hitz egingo dut [Joseba] Egibarrekin baino, lotzen gaituzten gauza gehiago ditugulako», esan du Rojok.

EAJko, PSE-EEko eta PPko legebiltzarkideek ez dute uste Eusko Legebiltzarrean gaiak sexuaren arabera banatuta daudenik. Arregik aitortu du garai batean gaiak «nahiko» banatuta zeudela: gizarte politiken batzordean emakumezkoak ziren nagusi, eta ekonomia edota enplegua gizonezkoek jorratzen zituzten. «Apurka-apurka aldatzen ari da hori, jendearen gaitasunen eta ikasketen arabera; dena den, aitortu behar da aurreko legegintzaldian bozeramaile guztiak gizonak zirela». Rojok ildo horretan sakondu du, eta berretsi du ezagutzagatik gertatzen dela banaketa. Makazagak beste era batean ikusten du egoera, ordea. «Agian aldatzen ari da, baina zaintzarekin lotutako guztian emakumezkoen presentzia handiagoa da, udalen testuinguruan behintzat».

Legebiltzarreko jardunean lanak duen garrantzia goratu badute ere, Arregik eta Rojok aitortu dute lana eta familia bateratzeko zailtasunak dituztela. EAJko legebiltzarkideak adibide bat jarri du: «Denetara heldu behar duzu: lana amaitzean seme-alabei etxeko lanak egiten lagundu, hurrengo egunean eskolan zer behar duten, eta motxila prestatu...». «Super woman izan beharra», gaineratu du Rojok.

Politikaren feminizazioa

Emakumezkoek politikagintzan duten presentzia handitu bada ere, Rojoren iritziz, horrek ez du zertan ekarri politikaren feminizazioa. Politikaren kontzeptu globalean sartu beharko litzatekeela zehaztu du: gizarteari helarazten zaizkion balioak, politikaren bitartez egiten dena... Halaber, PSE-EEko ordezkariak baztertu egin du emakumeek ekarpen berezia egiten diotela politikari andrazkoak izateagatik soilik. «Ez da egia, oro har, emakumeok politika gizatiarrago bihurtzen dugunik: batzuek biguntzen dute mundu hori, nolabait; beste batzuek, ez. Modu globalean landu behar da hori».

Ugarte bat agertu da Rojoren hausnarketaren funtsarekin. Areago, gaineratu du ez duela gustukoegi feminizazio kontzeptua; hots, haren iritziz, ideia horrek islatzen du gizonezkoek eta emakumezkoek berezko balio batzuk dituztela, sexuan oinarrituta. «Nire ustez, politika ez da feminizatu behar, feministatu baizik; hau da, feminismoa gauzak aldatzeko sistema gisa sartu». EH Bilduko kideak hausnartu du feminismoak «desprestigio» maila halako bat duela gizartearen sektore batzuetan, ez dutelako ulertzen berdintasuna lortzeko mekanismoa denik. «Prozesu horretan emakumezkook motorra izan gaitezke, baina hainbat gizonekin batera».

Makazagak politika feminizatzeari buruzko beste ikuspegi bat aurkeztu du. Haren ustetan, feminizatzea aurretik ez zeuden eskaerak sartzea da. «Desberdintasuna horrenbeste naturalizatu da, ezen berdintasun moduan antzematen baitugu». Desberdintasuna berdintasun gisa ikustea gizonen artean ohikoagoa dela azaldu du Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, eta, ondorioz, gizonen parte hartzea garrantzitsua bada ere, emakumezkoek «lan nagusia» egin behar dute: «Guk geuk badakigu zeintzuk diren gure eskaerak; geuk ikusten dugu zer ez den betetzen ari gizartean». Alde horretatik, Eusko Legebiltzarraren aitzindaritza eskatu du; hau da, gaia parlamentura heldu aurretik herritarren ordezkariek antzematea non dagoen beharra, eta zuzentzea.

Eusko Legebiltzarreko aulkietan emakumeen kopurua handitu ahala, feminismoak landutako zenbait ildo ere sartu dira agendan. Horretan bat datoz legebiltzarkide guztiak. Lana eta familia kontziliatzeko neurriak aipatu ditu Garridok. «Legebiltzar taldeko kideek esan didate garai batean arratsaldeko batzordeak 17:00etan hasten zirela, eta, emakumea sartu ahala, ordutegiak egokitzeko ekinbideak hasi zirela».

Politikan bidea egiten

Legebiltzarkide gehienen iritziz, emakume izateak ez du baldintzatzen egitura politiko batean ibilbide profesionala izatea. Ugartek zehaztapen bat egin du, ordea: alderdi guztien barruko demokrazia falta. «Pertsona guztiek —gizonezkoek eta emakumezkoek— ez dituzte aukera berberak; alderdi bakoitzeko zuzendaritza politikoa erabakitzen duenaren oso araberakoa da dena, oro har: ez da pertsona baloratzen balio objektiboaren arabera». Mahaiko kide ia guztiek baiezko keinuak egin dituzte hausnarketa horren inguruan. Ugartek, ordea, egoera horri misoginiaren gaia gehitzearen arriskuaz ohartarazi du.

Rojok gogora ekarri du ministro sozialista baten esana: «Gizon ezgai adina emakume ezgai daudenean ardura postuetan, orduan helduko da berdintasuna». Esaldia entzutean, Arregik buruarekin baietz egin du, eta Rojok zehaztu du: «Ezgai den gizonari ahalbidetzen zaio egotea, eta emakumezkoari, ez. Larraitzek [Ugartek] arrazoi osoa du; gero geure buruari iruzur egin nahi badiogu, hori beste kontu bat da». Arregik ere horren haritik sakondu du: «Hauteskunde primarioetan, berdintasuna dago; baina, gero, beste gai batzuk sartzen dira tartean: konfiantzazko postuak...».

Politika alorrean ibilbide profesionala egin nahi duten gizonen eta emakumezkoen artean ere aldeak daude. Hala hausnartu du Makazagak, baita zenbait datu mahai gainean jarri ere: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 64 emakumezko ziren alkate aurreko legegintzaldian, eta horietatik hemeretzi aritu ziren berriro alkate; aldiz, gizonezkoak 185 ziren, eta horietatik 101ek jardun zuten berriro. «Horregatik esaten nuen erabakia norberarena bada ere gu guztion ardura dela erabaki hori garatu ahal izatea ahalbidetzea».

Datuen baliagarritasuna aitortu arren, postu bat uztearen atzean egon daitezkeen arrazoietan arreta jarri dute Arregik, Rojok eta Garridok. Kasuan-kasuan arrazoi ezberdinak daudela zehaztu dute. «Izan daiteke kontziliazioa zaila gertatzen zaizula, eta erabakitzen duzula ez jarraitzea», iritzi dio Garridok. Rojok hausnarketan sakondu du: «Politikagintzan maila batera heltzen zarenean, badakizu zer dagoen; hau ez da 08:00etatik 15:00etara arteko lana. Badakit erabakiak bizitza pertsonala baldintzatuko didala, baina ez emakume izateagatik».

Politikagintzan emakumezkoen ahotsak duen balioaren inguruan, berriz, iritzi kontrajarriak dituzte bost legebiltzarkideek. Garridok ez du sumatu emakumezkoen hitzak pisu txikiagoa duenik. Makazagak hori sumatu duela jakinarazi du, baita Ugartek ere, gazte elkarte batean politikagintzan ari zela. Rojok beste ikuspuntu bat du, ordea: «Ez dut uste gutxiago entzuten gaituztenik; nire iritziz, euren burua gehiegi entzuten dute».

Hamaika estereotipo

Politikagintzaz gain, politikagintzaren berri ematen duten hedabideen erantzukizuna jarri dute mahai gainean bost legebiltzarkideek. «[Legebiltzarrean gizon baino andre gehiago egoteak] Albiste izaten jarraitzen du, hauteskundeen ostean», oroitarazi du Makazagak. «Horrek sumintzen nau», aitortu du Rojok. Kopurura, azalera, mugatzeko ohitura kritikatu dute, baita estereotipoak zabaltzeko joera ere.

Alde horretatik, legebiltzarkideen sexuaren araberako galderak gogora ekarri dituzte. Garrido hasi da: «Asko hitz egin zen bere garaian Arantza Quirogari galdetu ziotenean nola moldatzen zen kontziliazioarekin; hori ez diete gizonezkoei galdetzen». Arregik beste adibide bat jarri du: «Bakartxo Tejeriari galdetu zioten arropa non erosten zuen». Garridok kritikatu du halako galderak emakumezkoei baino ez egitea: «Pentsa [Iñigo] Urkulluri galdetzen diotela non erosten duen arropa, edo Jose Antonio Pastorri».

Ugartek adierazi du egindakoarekin pozik badago ere horren guztiaren azpian arazoak bere hartan dirauela. Iñaki Anasagastik EH Bilduko hautagaiak «busto mintzodun» deitu zituenekoa. «Berak esan zuen, baina beste edozeinek esan zezakeen, hori baita emakumea ikusarazteko modua oraindik ere».

Hedabideek estereotipoak baino gehiago egiten dute. Noiz edo noiz emakumezko politikarien lana gutxietsi nahi izaten da, politikari horien fisikoari erreparatuta: EH Bilduko eta CUPeko «zatar amorratuak», PPko «ilehoriak»... Beste kasu batzuetan, irainera ere heltzen dira, Anna Gabriel CUPeko diputatuari «puta» eta «txorta gaizki joa» esan ziotenean. «Hori gertatzen da beti daudelako matxista atzerakoiak, eta egongo dira mundua amaitzen den arte», baloratu du Rojok. Garridok, aldiz, «edukazio faltarekin» lotu du jokabide hori.

Ugartek, edukazio faltaz gain, «misoginia halako bat» antzeman die halako jokabideei. «Misoginia handia dago politikan, hori agerikoa da; emakume bat apur bat nabarmentzen bada, kristalezko sabaia agertuko zaio: alderdietan gertatzen da, instituzioetan... Kezkagarria da, eta moztu egin behar da».

Makazagak Ugarteren hitzak berretsi ditu. Nabarmendu, edukazio falta duten pertsonak egon badaitezke ere, erasoak noranzko zehatz batean gertatzen direla. «Argudiorik ez dutenean, fisikoari egiten zaio eraso; batez ere, emakumezkoen kontra».

Estereotipoak ez dira soilik hedabideek zabaltzen dituztenak. Gizartean zenbait irudi oker zabalduta daudela hausnartu dute. Zenbaitetan esan ohi da emakumezkoek lankidetzarako joera gehiago dutela, besteak beste. Rojo argia izan da: «Politikan ona eta goxoa bazara, jango zaituzte». Makazagak ideia hori garatu du: «Patriarkatuaren parte da irudi horiek, estereotipo horiek zabaltzea». Ugartek ideia hori berretsi du: «Uste oker horiek rolak mantentzeko eta patriarkatua iraunarazteko baino ez dute balio: zergatik izan behar dugu gozoak, lañoak, irribarretsuak? Ez dugu zertan horrelakoak izan!».

Politikariek beren jardunean duten jarrera bakoitzaren izateko moduarekin lotu du Garridok, betiere testuingurua kontuan hartuta. «Ez da gauza bera lehendakariarekin eztabaidatzea edo lagunekin kafea hartzea». Edonola ere, aipatu estereotipoengatik, jarduera politikoan ari diren gizon eta emakumezkoak ezberdin baloratu ohi dira, jokabide bera dela eta. «Oihukatzen duten gizonek gizonkote irudia ematen dute, eta emakumezkoek, irudi zatarra».

Rojok bere burua jarri du adibidetzat. «Eztabaida batzuen ostean esaten dizute: 'Ene, nola jarri zaren! Zer-nolako oihuak...'. Baina ez dute kontuan hartu, agian, minutu bat lehenago gizonezko legebiltzarkide batek are ozenago oihu egin didala. Hari ez diote ezer esango, baina», kexatu da sozialista.

Gizartearen alde biko soa

Emakumezkoak politikagintzan sartzeak bi eragin dituela hausnartu dute legebiltzarkideek. Batetik, eragin positiboa dutela uste dute batzuek, gizartearen erdiak bere burua ikusten duelako ordezkatuta; bestetik, oraindik ere epaitzen dituzte, emakume langileak direlako. Lehen ondorioari dagokionez, Makazagak bere kasua jarri du adibide gisa: «Hasi berria naiz mundu honetan, alderdi berri batean; horrek anima ditzake beste pertsona batzuk politikara gerturatzera». Garridok «identifikazioa» nabarmendu du. Horrez gain, zehaztu du berdintasunari buruzko diskurtsoek sinesgarritasun handiagoa dutela emakumezkoen hitzetan; edonola ere, hori guztia gizonen presentziarekin eta parte hartzearekin batera lortzeko eskatu du.

Rojo iritzi horretatik aldendu da. Haren ustez, gizartearekin gertutasuna lortzen da egiten diren politiken bitartez, ez emakumezkoen presentziarekin. «Politikak sinesgarriak ez badira, berdin dio gizonezko batek edo emakumezko batek egin». Hots, berdintasuna zeharka egon beharko litzatekeela alderdietan. Makazagak ñabardura bat egin dio Rojori: «Sentsibilizazioak zeharka egon behar du, noski, baina emakumerik gabe ezin izango litzateke berdintasun politika bera egin».

Ugartek hautesleen artean identifikazioa antzeman du hauteskunde kanpainan. «Iruditu zait pentsatzen dutela emakume bat bertan egonda haietako bat dagoela; hori, agian, egia ez bada ere: hau da, haietako bat izan daiteke, edo ez».

Edonola ere, EH Bilduko ordezkariak gaineratu du politikagintzan egoteak alde txar bat duela: horretan ari diren emakumezkoek «presio soziala» sufritu behar dute, gizonezkoek ez bezala. «Ez dago erantzukidetasunik; emakumeon gain daude ardurak, eta presio soziala pairatu behar duzu, haurren bila eskolara joaten ez zarenean lanean aritzeagatik», kritikatu du. «Hori guztia lehen pertsonan bizi dugu, singularrean». «Edo hauteskunde kanpainan zaudenean galdetzen dizutenean nor dagoen seme-alabekin», gaineratu du Garridok.

Makazagak beste ideia bat erantsi die hausnarketa horiei: herritarrek politikariak modu ezberdinean ikustea, sexuaren arabera. «Zer eskatzen digu gizarteak? Zer eskatzen die gizon eta emakume politikariei? Oraindik ere trajea eta gorbata duen gizonezko batek seriotasuna eta pertsona arduratsuaren irudia saltzen du». Irudi hori hauteskunde kanpainan ikusi izan dela gogorarazi dute bost legebiltzarkideek. «Emakumezko bat agertzen denean, gehiago pentsatzen da non egongo diren haren seme-alabak, eta norekin egongo diren bera lanean ari bada».

Emakumeak politikan ikusarazteko moduan bidea dago egiteko. Hala hausnartu du Ugartek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Garraio diputatua zeneko une bat aipatu du: «Gogoratzen dut ingeniarien begirada lehengoz joan nintzenean Errepide Sailera: zur eta lur begiratu ninduten. Agian, ez nuen irudiarekin asmatu: leopardo minigona, sandalia plataformadun k...». «Bada, agian asmatu zenuen jantziarekin», txalotu du Rojok. «Gu gara lehen errudunak gai horien inguruan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna