KRONOLOGIA

2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Maiatzak 12-26: Auzitan dauden espezialitateetako azterketak egin zituzten. Denera, 96.000 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena lan eskaintza publikoan,3.335 toki betetzeko.

Ekainak 4: Azterketen emaitzak argitaratu ostean, Elkarrekin Podemosek eta ESK sindikatuak maiatzaren 11n—azterketak baino lehenago— notario aurrean erregistratutako «kiniela» bat erakutsi zuten; bertan, anestesiologiako proba gaindituko zuten hiru pertsonen izenak ageri ziren. Asmatu zuten. Horrez gain, filtrazioak iradoki zitzaketen hainbat datu atera ziren argitara: besteak beste, noten arteko alde handiak —anestesiologian eta kardiologian, eskainitako lanpostu kopuruaren pareko parte-hartzaile kopuruek oso nota altuak atera zituzten, eta gainerako gehienek, dezente baxuagoak—. Egun berean, EH Bilduk eta LABek antzerako adierazpenak egin zituzten, susmoa espezialitate gehiagotan ere bazeukatela adieraziz.

Ekainak 6: Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak iragarri zuen behin-behinean geldiaraziko zituztela hiru espezialitateetako frogak. Azterketen emaitzak Oviedoko (Asturias, Espainia) Unibertsitateko aditu bati helarazi zizkioten, berrikusteko.

Ekainak 8: Oposizioak eskatuta, agerraldia egin zuen Jon Darpon Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Hasieran adierazi zuen bere saila dela «auzia argitzeko interes handiena» duena; horren ostean, ordea, zakar oldartu zitzaion Elkarrekin Podemosi, «etika falta» egotziz, irregulartasunak «aldez aurretik jakinda» ez eragozteagatik.

Uztailak 11: Oviedoko Unibertsitatearen analisian oinarrituta, hiru espezialitateetako probak urte amaieran berriz egingo dituztela iragarri zuen Mujikak, «zuzenketetan akatsak» antzeman zituztela argudiatuta. Sindikatuek eta hiru anestesistak, ordea, jendaurrean zalantzak agertu dituzte bertsio horren inguruan.

Uztailak 19: Legebiltzarreko alderdi guztiek aurreko hilean erregistratutako eskaeren haritik, Darpon, Mujika eta Juan Carlos Soto Osakidetzako Giza Baliabideetarako zuzendaria Osasun Batzordearen aurrean agertu ziren azalpenak ematera, eta beste lau ikerketa zabaldu dituztela iragarri zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.