Ingurumen Administrazioaren Legea

Udalen autonomia urratzea arbuiatu du oposizioak, aho batez

Ingurumen administrazioaren lege egitasmoari jarritako zuzenketa kritikatu dute EH Bildu, EP-IU eta PP-C's-ek. EAJk eta PSE-EEk esan dute klima aldaketaren erronkei erantzuteko tresna bat dela

Araba Bizirik plataformaren bilkura, legebiltzarraren aurrean. R.BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Ezusterik ezean, Eusko Legebiltzarrak datorren ostegunean onartuko du Ingurumen Administrazioaren Legea. Aski polemikoa izaten ari da lege proposamenaren tramitazioa, EAJk eta PSEk zuzenketa bat txertatu dutelako proiektuan, eta, haren bitartez, gobernuak eskumena izango duelako proiektu bat «interes orokorrekoa» dela ebazteko eta udalek ezin izango diotelako uko egin proiektu hori beren herrian ezartzeari.

Figura berri horrek aurrez aurre jarriko ditu interes orokorra eta udalen eskumenak, eta horixe bera kritikatu zuten atzo EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP-C's taldeek Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Hiru alderdiek lurralde antolamenduaren eta udalen eskumenen aurkako «erasotzat» jo zuten, eta zuzenketa atzera botatzeko eskatu zieten EAJri eta PSE-EEri. Are, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdibideko zuzenketa bat adostu zuten gobernuko bazkideen asmoen aurka, eta haren alde agertu zen PP-C's taldea ere. Testuak ez zuen lortu boto nahikorik aurrera egiteko, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baliatu zutelako proposamena atzera botatzeko. Hala ere, eztabaidak agerian utzi zuen Ingurumen Administrazioaren Legearen inguruan sortutako ika-mika ez dela apaldu,eta Jaurlaritzako bazkideek baino ez dutela babesten interes orokorreko figura bat sortzea.

EAJk eta PSEk kritika andana entzun behar izan zituzten atzo oposizioko taldeen ahotik. EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk kritikatu zuten zuzenketaren bitartez udal autonomia eta tokiko erakundeen eskumenak urratuko direla, etagoi mailako interes publikoko proiektuen figurak «kalte» egingo diola udalek eta legebiltzar taldeek lege prozesuetan parte hartzeko duten eskubideari. Ez hori bakarrik, hiru taldeek Eusko Jaurlaritzari galdegin zioten lege egitasmoaren tramitazioa gelditzea, zuzenketa hori egitasmotik kentzea, eta lurraldea antolatzeko araudiaren tresnen bidez kudeatzea ingurumen azpiegituren auzia.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak «bidegabekeriatzat» jo zuen EAJren eta PSEren asmoa, eta aurpegiratu zien zuzenketa «atzeko atetik» onartzea eta botere banaketak «birrindu» nahi izatea. «Gure herrian aspaldirik ezarrita dauden botere orekak apurtu nahi dituzue. Boterea zentralizatu nahi duzue udalak ahulduta eta eskumenak urratuta». Oterok zalantzan jarri zuen Jaurlaritzak «interes sozialeko ingurumen proiektuak» izendatzeko erabili nahi dituen irizpideek oinarri sendorik izatea: «Tapiak nahi dituenak baino ez dira izango interes sozialeko ingurumen proiektuak».

Bide beretik mintzatu zen Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea, eta galdera egin zien Jaurlaritzako bazkideei: «Nola azaldu diezaiekezue herritarrei udal hauteskundeetan bozkatutakoak ez duela balio eta Eusko Jaurlaritzak erabakitzen duena inposatuko dela?». Muriel Larrea PP-C´s-eko legebiltzarkideak, berriz, salatu zuen zuzenketak «errotik» aldatzen duela lege egitasmoaren edukia, eta Jaurlaritzak udalen iritzia aintzat hartu gabe «inposatu» nahidituela proiektuak.

EAJk eta PSE-EEk, berriz, kritika guztiak alboratu zituzten, eta interes publiko goreneko proiektuen figuraren defentsa egin zuten. Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, figura hori bateragarria da legearekin eta «ezinbesteko tresna» da klima aldaketari lotutako erronka «kolosalei» lehenbailehen erantzuteko. Halaber, azpimarratu zuen udalen eskumenak errespetatuko direla, eta«goi mailako ingurumen beharrei» erantzutea dela helburua. Bide beretik Alberto Alonso PSE-EEko parlamentarioa ere: «Euskadin tresna eraginkor eta garantista bat behar dugu klima aldaketaren aurka borrokatzeko».

Protesta kanpoaldean

Araba Bizirik plataformak deituta, lege egitasmoaren aurkako elkarretaratzea egin zuten goizean Eusko Legebiltzarraren atarian. Plataformako kide batzuk osoko bilkuran izan ziren, eta, eztabaida amaitzear zela, «Tapia legeari ez» zioten afixak erakutsi zituzten; aretotik bota zituzten.

Horren ostean, plataformako kideek salatu zuten EAJk «maltzurki aldatu» nahi duela ingurumen administrazioaren lege proiektua. Halaber, herri eredua «hazkundean» oinarritzea egotzi zioten: «Boteretsuak defendatzen ditu, parte hartzeko arauak mespretxatzen ditu, eta tokiko autonomia eta subiranotasuna baliorik gabe uzten du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.