Hirugarrena urte erdian

Ezkerreko alderdiek Frantziako Gobernuaren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dute. 89.000 polizia izango dira bihar Jaka Horien protestetan; «ezohiko neurriak» ere hartuko ditu gobernuak
Emmanuel Macron Frantziako presidentea Parisen, iragan igandean, Jaka Horien hirugarren protesta sortaren biharamunean.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea Parisen, iragan igandean, Jaka Horien hirugarren protesta sortaren biharamunean. ETIENNE LAURENT / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko abenduak 7
PCF Alderdi Komunistak, FI Frantzia Intsumisoak eta PS Alderdi Sozialistak Frantziako Gobernuaren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dute astelehenean, Jaka Horiek sorturiko krisi politikoaren aurrean izan duen kudeaketa salatzeko. PSren idazkari nagusi Olivier Faurek eman zuen atzo erabakiaren berri, nahiz eta jakin badakiten arrakastarako ia aukerarik ez dutela —Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdiak gehiengo osoa du Asanblean—. «Zertarako balio duen? Balio du frogatzeko beste bide batzuk posible direla. Haserreak ez badu erreleborik aurkitzen, kalea bakarrik izango duzue». Macronen gobernuaren aurka aurkezturiko hirugarren zentsura mozioa izango da: aurreko biak uztailean aurkeztu zituzten Benalla auziagatik, bata LR Errepublikanoak eskuineko alderdiak, eta bestea ezkerreko hiru alderdiek.

Zentsura mozioak helburutzat izango ditu «gobernu aldaketa eta, beraz, politika aldaketa», Ugo Bernalicis FIren diputatuak azaldu zuenez. Faureren bide beretik, Bernalicisek bide parlamentarioa aldarrikatu zuen krisi politikoari irtenbide bat emateko, Jaka Horien kaleko borrokaren inguruan: «Politikariek ez badute ezinegona bideratzen, desordena iritsiko da. Ekiteko bideak daude, erakundeetakoak».

Egunotan adostuko dute hiru alderdiek astelehenean aurkeztuko duten testuaren edukia; lau eguneko epe horretan, beraz, FIko diputatuak aitortu bezala, gainontzeko alderdien ordezkariak konbentzitzen saiatuko dira, «batez ere LREMkoak [Errepublika Martxan-ekoak]», mozioak babes zabala izan dezan. Izan ere, testua aurkeztuko duten hiru alderdiek 62 ordezkari dituzte soilik ganberan, gehiengo osoko 289etatik urrun.

Baina, gaur-gaurkoz, zail izango dute behar adina babes lortzea: udako bi zentsura mozioek huts egin zuten babes faltagatik, eta herenegun Edouard Philippe lehen ministroak jakinarazi zituen neurriei erabateko babesa eman zien Asanbleak: 358 ordezkarik bozkatu zuten, besteak beste, erregaiaren zerga 2019an emendatzeko asmoa uztearen alde. Ezkerreko alderdien erabakia, beraz, jokaldi sinboliko batera mugatuko da, azken orduko ezustekorik ezean. Aurkeztu eta 48 ordura eztabaidatzen eta bozkatzen dira zentsura mozioak; beraz, aurreikusten da zentsura mozioari buruzko saio hori datorren asteazkenean izatea.

Kalean, bien bitartean, Jaka Horiek manifestazioei eutsi diete, eta bihar izango dute protesta sortaren laugarren aldia. Iazko larunbateko gertakarien eta asteotako erabakien ostean, are garrantzi handiagoa hartu du ekinaldi horrek: Macronen amore ematea «berandu» iritsi dela iritzi dute mugimendukoek eta oposizioko alderdi politikoek, eta keinu gehiago eskatu dizkiote.

Gainera, pixkanaka beste hainbat sektore batu zaizkie Jaka Horiei, batez ere asteon: ikasleak —atzo 146 atxilotu zituzten Paris inguruan— eta kamioilariak greban izango dira etzidanik; eta nekazariak ere kalera aterako dira astelehenean, besteak beste. Baina arreta biharko manifestazioetan du jarria gobernuak: Philippek Senatuan atzo jakinarazi zuenez, 89.000 polizia izango dira Jaka Horien protestetan, eta «ezohiko neurriak» ere hartuko dituzte, zeintzuk diren zehaztu gabe.

Izan ere, Eliseoak «indarkeria handia» espero du mugimenduaren laugarren protesta egunean, eta horregatik dei egin zien herenegun eragile politiko eta sozialei «lasaitasunerako deia» zabal dezaten. Eskari horrek islatu du Macron presiopean dagoela, inoiz baino gehiago, gainera.

Sindikatuen garrantzia

Frantziako presidentearen eskariak, ordea, ez du bide luzerik egin, sindikatuak ere batu baitzaizkie Jaka Horiei. Atzo elkartu ziren Frantziako zazpi garrantzitsuenak: CGT, CFDT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, eta Solidaires, egoeraren inguruko gogoeta egiteko. Bilkuraren ostean, zazpiek eutsi zioten protestarako deialdiari, baina deitoratu egin zuten «edozein motatako indarkeria», betiere zehaztasun batekin: «Haserrea zilegi da».

Larunbata mugarria izan daiteke Macronen agintaldian. Protesten garrantziaz jakitun, egun horretarako antolatuta zeuden hainbat ekitaldi bertan behera utzi dituzte, Parisko saltokiei ateak ixteko eskatu diete eta gizonezkoen futbol ligako lau norgehiagoka atzeratu dituzte. Bitartean, Macronen ospea %18ra jaitsi da, YouGoven inkesta baten arabera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna