Arrauna

Ematen bazaio, eremu eskuzabala

Zarauzko estropadako lehen jardunaldia jokatuko dute gaur Eusko Label eta Euskotren ligetan. Eremu gustukoa da patroientzat, olatua lagungarri sartzen baitzaie traineruei brankaz eta poparean joateko. Baina, gauzak ondo egin ezean, azkar batean galtzen du eskuzabaltasun hori.

Hondarribia Zarauzko estropadan, popareko luzeetako batean, duela bi urte, Eusko Label ligako jardunaldi batean. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Berezia eta kuttuna izaten da arraunlarientzat, patroientzat eta entrenatzaileentzat Zarauzko Estropada. Beti izan du kutsu berezia, eta Eusko Label ligaren barruko egutegian sartu izanak ez dio kendu xarmarik. Eremuak ematen dio, besteak beste, erakargarritasuna, eskuzabala delako, esker onekoa. Brankaz eta poparean egoki ibiltzeko aproposa da, traineruei zuzen sartzen baitzaie olatua, eta, nola ia inoiz ez den bare egoten itsasoa, gozatzeko eta etekina ateratzeko modukoa izan ohi da.

Badu, ordea, ezinbestean bete beharreko baldintza bat: eman egin behar zaio zerbait, eremuak bueltan zerbait eman dezan. Arraunean ondo egin behar da, alegia. Hori egin ezean, eskuzabaltasuna galtzen du Zarauzkoak.

Patroientzako estropadak izaten dira, eta eremua ondo baino hobeto ezagutzen du Ioseba Amunarrizek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1978). Kuttuna duenik ez du ezkutatu: «Itsasoko estropada bat da azkenean, eta eremuak badu antzik Kontxakoarekin, norabidean. Gozatzeko modukoa da, eta fidagarria. Gehien gustatzen zaizkidanetako bat da». Joateko eta etortzeko egokia izateari eman dio garrantzia Hondarribiko patroi eskarmentudunak: «Brankaz eta poparean ibiltzeko balekoa da, eta, lana ondo egiten bada, asko gozatzen da».

Esperientzia handia izan arren, gaur ere tentsio puntu berezi batekin aterako dela aitortu du Amunarrizek: «Ondo dakit zer gertatzen den eremu honetan olatuak hartzen ez direnean. Zalantzaz beterik uzten zaitu, konfiantza kentzen dizu, eta horrek aparteko tentsioa sortzen dit lan ona egiteko».

Olatuak popareko lanarekin bakarrik lotu ohi dira, baina kanporanzko bi luzeetan ere lagungarriak izan daitezke. Amunarrizi berari entzun izan zaio, itsasoko estropadetan eta brankaz, «olatua, olatua, bagoaz honekin» esaten arraunlariei. Kontran datorkien olatuari zer etekin klase ateratzen zaion azaldu du: «Zarautzen, olatuak errebotea egiten du errepideko horman, eta horrek bultzada ematen dio traineruari kanpora joateko. Lor daiteke ontzia ahalik eta azkarren iristea kanpoko ziabogara».

Popareko lanerako, eremuak badu berezitasun bat: barruko kaleetatik hobeto eta azkarrago bukatu ohi dute traineruek, barrurantz markatzen duelako olatuak. Amunarrizek garbi asko azaldu du zer kale dituen gustuko horregatik: «Nik beti nahiago aurreneko bi kaleak. Hirugarrena ere ez da txarra». Ez du laugarren kalea aipatu, zerbaitegatik: «Eremu berrian ari garenetik, laugarren kaletik baino azkarrago ibiltzen gara beste kaleetatik».

Eremua esker onekoa, fidagarria eta gustagarria izanagatik ere, itsasoa beti itsaso, eta bada eragile bat ezaugarri on guztiak itsustu ditzakeena: haizea. Hain justu, ipar-mendebaldeko haize petral samarra dago emanda gaurko, eta hori gogoratu du Hondarribiko patroiak: «Mugituta egongo da. Eremua irekia da, ez dago babesik inon, eta, haizeak jotzen badu, trapaia ateratzen da. Prest egon behar dugu. Olatuen berezko garbitasuna zikindu egingo du haizeak. Hala ere, haizeak berdin jotzen du denentzat, eta fidagarria da alde horretatik».

Astudillo ere, tentsioz

Gizonezkoen gaurko jardunaren aurretik (18:00), emakumezkoak ariko dira hogei minutu lehenago, eta Arraun Lagunak-en traineruaren txopan Andrea Astudillo (Zierbena, Bizkaia, 1999) joango da. Hark ere aitortu du Zarauzkoak baduela berezirik: «Badira beste eremu polit batzuk ere, Lekeitiokoa eta Oriokoa, adibidez, baina Zarauzkoari estropadaren garrantziak beste zerbait ematen dio».

Eremu eskuzabala denik ez du ukatu, baina itsasoaren berezko ezaugarriek gauzak alda ditzaketela azaldu du: «Ia beti sartzen da olatua poparetik, baina ez beti, eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Edozer gerta daiteke». Ezjakintasun horrek ez ezik, eremuaren berezitasunak ere tentsioa sortzen dio: «Ardura handiagoa eskatzen digu patroiei. Azkenean, trainerua joaten bazaigu, gure errua izango da. Estropada irabaz daiteke olatuak hartzen badira, baina baita galdu ere, hartzen ez badira. Horrek tentsioa sortzen dit». Nahiago du, baina, alderdi onetik begiratu Zarauzko jardunari: «Gauzak ondo egiten badira, gozatzeko lekua da». Kaleen arteko aldeari edo egokierei buruz, unean uneko egoerari egin dio aipamena: «Egoera azkar alda daiteke itsasoan, eta adi ibili beharra dago. Berez, barrukoak hobeak dira, baina gerta daiteke hala ez izatea ere».

Kanpora joateko olatuak baliatzearen inguruan, gogoeta hau egin du Arrauneko patroiak: «Pasatu eta gero, bultza egiten dio traineruari, eta kale batzuetan gehiago tiratzen du. Zarautzen ere bada hori egiteko aukerarik». Amunarrizek bezala, oso garbi dauka zer egin behar den eremuaren alde onak baliatzeko: «Arraunean ondo egitea funtsezkoa da».

Gaur izango dute azken-aurreko estropada Euskotren ligan, eta Arraunek Hondarribia atzean uzten segitu behar du, jaitsierako kanporaketa ez jokatzeko: «Itxialdiaren ondoren, kostatzen ari zaigu psikologikoki, baina bagoaz hobetuz, pixkanaka. Aurreko asteburuan Hondarribiaren aurretik sartzea lagungarria izan zaigu».

Getariako arraunlariak ere etxean sartuta egon dira, COVID-19arengatik. Asteazkenean egin zuten lehen entrenamendua, eta gaur lehian izango dira berriz ere, KAE 1 ligan. Santanderren (Espainia) da estropada (12:00), eta han bertan aritu beharko dute maila bat beheragokoek ere (18:00). Ordubete lehenago jardun beharko dute ETE ligakoek, eremu berean. Arraunlarien zoritxarrerako, Santanderkoa ez da Zarauzkoa bezain eskuzabala eta gustagarria izaten. Hangoak ez du beti bueltatzen emandakoa. Esker txarrekoa ere izaten da halakoetan eremu hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.