EBAZPENAK

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Izu krisia edo antsietatea lan istripu gisa onartua izateko, epaitegietara jo behar izaten da maiz. Hona hemen langileen alde ebatzitako bost kasu. Iturria CCOO eta Steilas sindikatuak dira.
Sidenor altzairutegiko azpikontrata bateko gizonezko langile batek 11 hilabete egin zituen gaixo baimenean antsietateagatik, 2019. eta 2020. urteen artean. Uko egin zion labeko eskoria ateratzeko erabiltzen den makinan jarduteari, bere osasunerako kaltegarria zelakoan, eta enpresak isuna jarri zion. Orduan eman zioten gaixo baimena. Epaitegiak ebatzi zuen langileak makina erabiltzeari uko egitea justifikatuta zegoela, osasun arrazoiengatik, eta izu krisia lotuta zegoela lan baldintzekin.
Bilboko apustu areto bateko emakumezko zerbitzari bat iazko irailetik dago gaixo baimenarekin. Lanean ari zela, bezeroen arteko borroka handi bat hasi zen aretoan, eta hura gelditzen saiatu zen. Izu krisia izan zuen, eta anbulantzian artatu behar izan zuten. Mutualitateak esan zuen ez zuela zerikusirik lanarekin, eta Osakidetzara bideratu zuen. Epaileak, aldiz, lan istripua dela ebatzi zuen.
Muskizeko Urar enpresako emakumezko langile batek hamabost hilabete egin ditu gaixo baimenarekin, 2018ko urriaren eta 2020ko uztailaren artean. Azkenekoan, antsietatea eta depresioa diagnostikatu zizkioten. Enpresak bi Eroski denda kudeatzen ditu, eta epaileak ebatzi zuen langileak enpresarekin duen harreman txarra dela gaixotasunen arrazoietako bat. «Bi aldeen arteko gatazka bat dagoela errealitatea da», ebatzi zuen, eta horregatik dira lan istripu.
Etxez etxeko laguntzaile emakumezko batek hilabeteko gaixo baimena jaso zuen 2019an, erabiltzaile batek lapurretan zebilela egotzi ondoren. Salaketaren ondorioz, urduritasun handia pairatzen hasi zen, hamabi urteko ibilbidean lorturiko izen ona zalantzan jartzen zuelako. Bilboko auzitegi batek ebatzi zuen ez zegoela lapurreta frogarik. Gizarte Segurantzako zuzendaritzak, berriz, ebatzi zuen lan istripua zela. Tratamendu psikologikoa jaso behar izan zuen.
Bizkaiko ikastolako langile batek lau hilabeteko gaixo baimena izan zuen 2018-19 ikasturtean, antsietateagatik. Gizarte Segurantzak ebatzi zuen lan istripua zela, zentroaren eta irakasle batzuen artean gatazka publiko eta nabarmena zegoelako, eta gaixoturiko irakasleari nabarmen handitu ziotelako lan karga. Ikastetxeak eta Asepeyo mutualitateak salaketa jarri arren, Bilboko Lan Arloko epaitegiak Gizarte Segurantzaren ebazpena berretsi zuen. Gero, EAEko Auzitegi Nagusira jo zuten, eta hark ez zuen haien helegitea onartu. «Lotura argia» ebatzi zuen irakasleen egoeraren eta gaixotasunaren artean. Epaitegiek ikastola irakasle baten antsietate baja lan istriputzat jo zuten lehen aldia zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.