Lehengora itzultzen ari da

Bera Berak lehen postua berreskuratzeko partida dauka gaur, Gaskan, Guardes hirugarren sailkatuaren aurka. Galiziarrak ez dira bolada onean, baina horrek «arriskutsuago» egiten dituela dio Maitane Etxeberriak.

Maitane Etxeberria, jaurtiketa bat egiten. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Denboraldi hasiera zaila izan zuen Maitane Etxeberria Bera Berako jokalariak (Lezo, Gipuzkoa, 1997). Txapeldunen Ligako atariko lehen partidan, Bietigheimen aurka, ezker eskuko hatz erakusleko falangea apurtu zuen. Irailaren 13an izan zen. Ustez, hilabete egon behar zuen jokatu gabe eskuin hegalekoak, baina lesioa okertu egin zen, eta abenduaren 30 arte ez zen itzuli, Zuazoren kontrako ligako partidan. Zortzi gol sartu zituen, eta partidako jokalari onena izendatu zuten. «Fisikoki oso ondo nago, eta partidaz partida gero eta konfiantza handiagoa hartzen ari naiz. Disfrutatu egin nahi dut denboraldiaren azken zatiaz».

Konfiantza hori hartu ahala, haren ekarpena handituz doa, eta gaur hori berretsi nahi du Guardesen aurka, Gaskan, Ligako partidan (21:00, Teledeporte). Berriro lidergoa berreskuratzeko partida izango da gipuzkoarrentzat. Izan ere, Espainiako Eskubaloi Federazioak 0-10 eman dio irabazitzatRo'Casari bihar Valentziaren pabiloian jokatu behar zuen partida,etxeko taldeak ez dituelako ordaindu epaileen funtsari dagozkion 11.025 euroak.

Etxeberriak azaldu du «gogoz» daudela gaurko lehiarako:«Guardes aurkari zuzena da titulurako borrokan, eta han irabazi egin ziguten: 28-24». Galiziako taldea ez dago bolada onean. Orain hamabost egun, ezustean, Espainiako Kopatik kanporatu zuen Elxek, eta aurreko asteburuan gol baten aldez galdu zuen etxean Zuazoren kontra: 25-26. Horrek lehen postutik aldendu ditu. Sei puntura daude orain Ro'Casarengandik, eta laura Bera Berarengandik. Etxeberriak uste du, ordea, horrek «are arriskutsuago» egiten dituela: «Ziur nago azken partidetako sentipen txar horiek alde batera uzteko gogoz etorriko direla». Gainera, beraiei aurreko sasoian gertatutakoa ekarri du gogora: «Lehen postutik lau puntura ginen otsailean, eta, azkenean, txapeldun izan ginen». Horrenbestez, ez ditu titulua irabazteko borrokatik baztertu.

Gaurko partidan«oso adi» atera beharko dutela nabarmendu du: «Ezin ditugu baloi inozoak galdu. Kontu handia izan behar dugu». Hortik harago, honela aztertu du egin beharko duten erasoko lana: «Kontraerasoan ateratzeko aukera txikiena baliatu behar dugu. Izan ere, haiek defentsa ondo antolatzen dutenean, oso zaila da zuloak topatzea. Ez badugu lortzen, dena den, burua hotz izan behar dugu, eta lasai jokatu. Presaka edo frustratuta aritzeak ez digu mesederik egingo»

Lehen lerroa eten beharra

Defentsan, berriz, haien lehen lerroa ondo zaindu beharko dutela azpimarratu du: «Oso bizkor mugitzen dute baloia, eta hori saihesten ahalegindu behar dugu. Anthia Espiñeira eta Estela Doiro ondo zaindu beharko ditugu, min handia egin ohi diguten jokalariak baitira». Joanekoan lau golen aldez irabazi zietela kontuan hartuta, garrantzitsua iritzi dio alde handiagoz irabazteari.

Gaurkoa pasatuta, zale asko martxoaren 6an Ro'Casa liderraren aurka jokatu duten partidari begira jarriko dira. Jokalariek, ordea, nahiago dute partidaz partida joan. «Aurretik Castelloren aurka jokatu behar dugu, eta partida horri ere garrantzia eman behar diogu. Guardesen eta Ro'Casaren kontra irabazteagatik ez dugu liga irabazita izango, ezta alderantziz ere».

Garrantzitsuena orain arte erakutsi duten «joko mailari eta intentsitateari» eustea dela dio. «Horretarako ari gara lanean. Europan ez egoteak aukera eman digu lan fisiko gehiago egiteko. Gimnasioan lan gehiago ari gara egiten azken bi asteetan, sasoia fisikoki ondo amaitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.