Arrauna

Lasaitu ederra hartu du

Hondarribiak irabazi du Eusko Label Ligako hirugarren bandera, Zierbenan, lehen txandan lehiatuta. Santurtzik sailkapeneko lehen postuan segitzen du, Donostiarrari bost puntu kentzen diola

Joseba Amunarriz, Hondarribia taldeko partroia, bandera astintzen atzo Zierbenan, Eusko Label Ligako laugarren jardunaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Banderen lehian ibili beharko lukeen taldearentzat lehen txandan aritzea ez da batere samurra izaten; are gutxiago, oilar batentzat. Baina jakin egin behar da beste aurkariekin arraun egiten. Hondarribiak, behinik behin, hala erakutsi du. Denboraldiko lehen bandera irabazi zuen atzo Zierbenako uretan, aurreko astean Coruñako lehen jardunaldian nagusi izan ondoren. Ama Guadalupekoa ontziak azken bi jardunaldietan erdietsitako emaitza apalak leuntzeko saria jaso zuen.

Ondarroa, Kaiku eta Ares izan zituen alboan Hondarribiak. Irteerako lehen arraunkadetan Galiziako taldea pare bat tosta aurretik jarri bazen ere, Ama Guadalupekoa traineruak berehala hartu zuen lehen postua. Haizeak ipar-ekialdetik jotzen zuen, eta hondarribiarrek, hirugarren kaletik zirenez, etekina atera zioten, itsaso zabalera atera arte gutxienez. Lehen ziabogara iritsi zirenean, Aresi ontzi baten aldea ateratzen zioten. Mikel Orbañanosen taldeak bazekien minutu erdiren aldea atera behar ziela gutxienez lehen txandako ontziei banderaren lehian ibiltzeko. Bigarren luzean Aresi ateratzen zion aldea hamaika segundora igo zuen, eta hirugarrenean, berriz, hemezortzira.

Estropada eremua trapezio formakoa izanik, ontzi bakoitzak zegokion kaletik amaitu behar zuen. Hondarribiarentzat, baina, ez zen oztopoa izan. Metro eskaseko olatua zegoen, eta Joseba Amunarrizek betidanik erakutsi izan du dohainak dituela ontzia olatuaren gainean ibiltzeko. Atzo hala berretsi zuen. Arraunlariek burua hotz zutela erlojuaren aurkako lana burutu zuten, eta, amaieran, Aresi 30 segundo atera zizkioten, Kaikuri 35, eta Ondarroari 38.

Bigarren txandan arituta, Urdaibaik eta Zierbenak bazekiten kontuan hartu beharrekoa zela Hondarribiak egindako denbora. Indartsu atera ziren bi ontziak, eta segituan utzi zituzten atzean Cabo eta Zarautz. Hirugarren ziabogan, etxeko ontziaren eta Hondarribiarren arteko aldea lau segundo zen, bizkaitarren alde. Bou Bizkaia ontzia, berriz, segundo batera zegoen. Dena den, azken luzean, hirugarren kaletik, Zierbena ez zen poparean nahi beste etorri, eta hondarribiarrengandik lau segundo motelago amaitu zuen. Hirugarren egin zuten sailkapenean, eta Urdaibaik laugarren. Zarautz izan zen atzo azkena.

Orio, zortzigarren

Hondarribiarren denbora hobetzeko azken aukera ohorezko txandakoek zuten. Lekittarra, Orio, Donostiarra eta Santurtzirekin aritu zen lehian. Oriok ez zuen egunik onena izan, zortzigarren amaitu baitzuen, eta Lekittarrak, berriz, zazpigarren. Torrekua II.a eta Sotera ontziek lehen posturako lehia estua zuten, baina Hondarribiaren denbora zuten buruan. Santurtzi azken ziabogara lau segundo atzetik iritsi zen, eta ez zen poparean hondarribiarrak bezainbeste ibili: bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.