Eibarren, Realaren eta Barakaldoren txanda da gaur Espainiako Kopan

Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako bigarren kanporaketan, gaur Eibarrek, Realak eta Barakaldok jokatuko dute: lehen biek, etxetik kanpo, maila apalagoko taldeen aurka, eta Barakaldok, zaleen aurrean, Bigarren Mailako Rayo Vallecano historikoa kontrario duela.

Eibar izango da goiztiarrena zelairatzen, 12:00etan jokatuko baitu, Cacereñoren aurka. Espainiako Hirugarren Mailako taldea da, eta aurreko kanporaketan, Bigarren Mailako Alcorcon bota zuen kalera. «Erraza izango dela pentsatzen badugu, susto handi bat emango digute», esan du Jose Luis Mendilibarrek. Azkenaldian ohikoa izaten ari den bezala, hainbat jokalari dauzka min hartuta: Arbilla, Ramis, Diop, Escalante eta Kike. Vitoria bigarren taldeko Cubero atzelariarekin, eta Mari eta Ekhi Bravo erdilariekin osatu du deialdia. Multzo horretan ez dago taldeko kide berria: Sebastian Cristoforo. Fiorentinak utzita dator denboraldia amaitu arte, eta Eibarrek aukera izango du fitxatzeko. 26 urte dauzka, eta ezagun zaharra da Espainiako ligan, Sevillan eta Getafen jokatu baitu. Peñarolen aritu zen aurretik, eta Uruguiako selekzioan ere jokatu izan du.

Realak jokatuko du ondoren, 16:00etan, Ceutan (Espainia), hiri hartako taldearen aurka. Hirugarren Mailan ari da hura ere, baina, Cacereñok egin zuen bezala, aurreko kanporaketan Bigarren Mailako talde bat utzi zuen kanpoan: Numantzia. «Errespetu osoarekin goaz», esan du Imanol Alguacilek. Hogei jokalari daude Ceutan, minez dauden Monreal, Aritz, Odegaard, Illarramendi eta Zurutuza ez beste guztiak. Zelaia belar artifizialekoa da, eta egoera txarrean dago: «Bi taldeak berdindu egingo gaitu horrek», esan du Realeko entrenatzaileak.

Partida berdindua izatea nahiko luketenak Barakaldokoak dira, Rayo Vallecano Bigarren Mailako taldea baitatorkie bisitan. 17:00etan jokatuko dute, Lasesarren, eta ikusmin handia eragin du herrian. Bizkaitarrak larri dabiltza diruz, konkurtso legean sartuta, eta gaurko sosak ondo etorriko zaizkie. Vallecas aldetik 500 sarrera eskatu dituzte partida ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.