Iker Muniain: «Erakutsi dugu arrazoiak daudela gugan sinesteko»

ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Athleticek bihar jokatuko du Espainiako Kopako finalerdietako itzulerakoa, Granadan. Zuri-gorriek 1-0eko abantaila dute, eta partidari heltzeko moduaren inguruan mintzatu zen atzo Iker Muniain kapitaina. «Abantaila txikia dugu, eta argi dago giroa haien aldekoa izango dela, etxean jokatzen dutelako. Baina guk gol bat sartzen badugu, haiek hiru sartu beharko dituzte gu kanporatzeko. Hori guztia hartu behar dugu kontuan, eta, neurketangertatzen dena gertatuta ere, azkenera arte sinetsi gure aukeretan».

Txapelketa honetan hori «sobera» erakutsi du taldeak, Muniainen ustez. «Gugan sinesteko arrazoiak badaude. Taldeak fedea, bihotza eta adorea izan ditu kanporaketa guztietan. Elxen, Teneriferen eta Bartzelonaren aurkako lehiak gogoratzea besterik ez dago». Oraingoan ere hala izan behar duela nabarmendu zuen. «Indar guztia partidan jarriko dugu, harago pentsatu gabe». Vila-realan aurkako garaipenak «konfiantza» eman diela gaineratu zuen. «Bolada oso txar batetik gentozen, eta, garaipen horri esker, indartuta iritsiko gara etziko [biharko] lehiara».

Norgehiagokari tankera hau hartu dio: «Haiek ahaleginduko dira partida ahalik eta luzeen egiten eta azken txanpara bizirik iristen. Gu, berriz, San Mamesen bezala aterako gara. Gol aukera asko sortu genituen, eta baten bat gehiagotan asmatzea falta izan zitzaigun».

Txartel bat ateratzen badiete, Iñigo Martienezek, Yuiri Berchichek eta Iñaki Williamsek ez lukete finala jokatuko, Athletic sailkatuz gero. «Egoera hori ondo kudeatzen jakin behar dute, baina erotu gabe. Argi dago finala garrantzitsua dela, baina horretarako Grandaren aurkako partida irabazi behar dugu, eta ezeren gainetik taldea dago».

Biharko partidari begira hiru jokalari faltako ditu Garitanok: Dani Garcia, Oscar de Marcos eta Asier Villalibre. Lehena zigortuta dago txartelengatik, eta beste biak min hartuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.