Xabi Tolosa. Aspeko pilotaria

«Niretzat, oso garrantzitsua da horrelako txapelketak jokatzea»

Bere lehen txapelketa nagusia jokatzen ari da Xabi Tolosa, eta «momentuz lan ona» egiten ari dela uste du. Finalerdien aurreko kanporaketarako sailkatzea du xede, Erik Jakarekin: «Oso ondo ezagutzen dugu elkar».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Asteazkena da, eta Xabi Tolosak (Anoeta, Gipuzkoa, 1995) ez du atsedenik. Caixabank Mastersean erabat murgilduta dago —estreinako txapelketa nagusia du—, eta, igandeko partidatik osatu orduko, biharkoa prestatzen ari da. Erik Jakarekin osatzen duen bikoteak bi neurketa irabazi ditu, eta bat galdu: «Kantxan ondo ari gara sentitzen», zehaztu du Tolosak.

Bi partidaren artean, zer egiten du Caixabank Mastersa jokatzen ari den pilotari batek?

Frontoira joango naiz, pilotan pixka bat aritzera. Eskuak suabe berotu, pilotakada on batzuk jo, eta ostiralerako prest egoteko asmoz. Lehengo igandean partida gogorra jokatu genuen, eta, atzo [herenegun] lan fisikoa eginda, eta orain frontoian arituta, nahikoa izango da datorren partidaprestatzeko.

Gaztea zara oraindik. Asko kostatzen al zaizu indarberritzea?

Partida gogorra izan zen. Mastersean bikote guztiak indartsuak dira, eta ez dago partida errazik. Aste barruan ahalik eta ondoen errekuperatzen saiatzen gara, asteburuan ahalik eta ondoen egoteko: oraingoan, ostiralez jokatuko dugu, eta are garrantzitsuagoa da ondo errekuperatzea.

Bi partida galdu eta bat irabazi duzue. Zer balantze egin duzu?

Balantzea nahiko ona da. Ez dut esango oso ona denik, baina gustura gaude egindakoarekin. Partida bat irabazi dugu, eta galdutako bietan hamazazpi tantoan geratu gara. Borrokan aritu gara partida horietan; galdutakoetan ere sentipen onak izan ditugu, eta hori garrantzitsua da. Akaso, galdutakoan sentipen txarrak izanez gero, zailagoa izaten da hurrengo partidei aurre egitea, baina ez da gure kasua. Gogotsu gaude hurrengo partidarako.

Masterseko ligaxkako zazpi partidetatik hiru jokatuta, puntu bakarra bildu duzue. Goialdekoak ihes egin dizuen sentipena duzu?

Hasieratik genekien lehen bi postuak oso garesti egongo zirela, eta gure helburua ez zela hor goian egotea, batez ere jakinda zer bikote dauden eta gu nondik gatozen. Gure helburu argia kanporaketetarako sailkatzea da, eta horrekin gabiltza. Momentuz, puntu batekin gaude, eta gehixeago beharko ditugu postu horietako bat lortzeko.

Bikote askok nahiko dute postu horietako bat lortu.

Bai, denek nahiko dute sei onenen artean egon, eta ez da erraza izango. Orain, [Joseba] Ezkurdiaeta [Ander] Imaz aurkari zuzenen kontra jokatuko dugu, eta puntu garrantzitsua izango da. Partida horretan gertatzen denarekin, bakoitzaren helburuak bistan geratuko direla uste dut, panorama argituko dela.

Jon Ander Peñak eta Beñat Rezustak jardunaldi guztietan irabazi dute; aurrekoan haien aurka galdu zenuten. Koska bat gorago daude?

Bai, ikusi zen bikote oso gogorra dela, oso orekatua aurrean eta atzean. Abiadura handia ematen diote pilotari, eta haiei aurre egitea zaila da. Gurean, [Erik] Jaka lesio batetik dator, eta niretzat lehen aldia da horrelako txapelketa batean. Gu oraindik txapelketari neurria hartzen ari gara; uste dut aurrera egin ahala gora egingo duela gure mailak.

Partida onak jokatu bai, baina zer falta zaizue 22. tantora sarriago heltzeko?

Bi partidak 17an geratuta galdu ditugu, eta, azkenean, detaile txikietan erabaki da. Aurreko bi partidetan alde batera erori da, arrazoi jakin bat izan gabe, eta akaso hurrengoan gure aldera eroriko da. Batek daki. Nik esango nuke arrazoi argirik ez dagoela, eta gurea egiten dugun bitartean beti izango dugula puntuak lortzeko aukera. Horretan segitu beharko dugu.

Bihar, Ezkurdia eta Imaz aurkari. Azken postuan daude, baina kontrario gogorrak al dira?

Bai, ikusita zein diren... Ezkurdia zer-nolako aurrelaria den jakinda, eta Imaz atzean zer ondo dabilen... Orain arte ez dute partidarik irabazi, eta puntu behar handia dute. Gu ere sailkapenaren behealdean gaude, eta garrantzi handia izango du partidak. Azkenean, zazpi jardunaldi dira ligaxkan, eta elkarren arteko lehiak ere garrantzia du sailkapenean berdinketa egonez gero. Aurkari zuzenak dira guretzat, eta haiek ere hala pentsatuko dute guri buruz. Oso garrantzitsua izango da.

Orain bi jardunaldi, Gatikako pilotalekuko frontisak eta zoruak lanak eman zizkizueten. Plentziarako zer pentsatua eman dizue?

Bai, horrelako frontoietan sekula jokatu gabeak gara; nik behintzatPlentzian ez dut inoiz jokatu. Ez da erraza izaten lehen aldian hara joan eta partida on bat egitea; ohiko zirkuitutik kanpora dauden frontoiak dira, eta halakoetan kosta egiten da moldatzea. Nik neuk nahiago dut ohituta gauden frontoietan jokatu, baina udan badakigu herri ezberdinetan aritzen garela, eta, lau pilotariontzat baldintza berak egongo direnez, ez da aitzakiarik egongo.

Mastersaren moldea atsegin al duzu?

Bai. Oso txapelketa erakargarria da: bikote denen maila berdintsua da, eta, zazpi jardunaldi izanik, puntuek balio izugarria dute. Lehen bi postuetakoak zuzenean sailkatzen dira, eta beste laurek kanporaketa jokatzen dute finalerdietara igarotzeko. Metodo polita da, partida guztiei garrantzia ematen dietelako. Enpresek erabat asmatu dutela uste dut.

Onenekin titular gisa jokatzen duzun lehen txapelketa da. Zer esanahi du zuretzat?

Niretzat oso garrantzitsua da horrelako txapelketak jokatzea. Orain arte ordezkapenekin-eta izan ditut aukerak, eta jaialdietako lehen partidetan. Masters batean-edo jokatzeko aukerarik ez dut izan, eta, jakinda oraingo pilotaririk onenak aurkari izango ditudala, garrantzitsua da, zer maila eman dezakedan eta une honetan non nagoen ikusteko. Sekulako motibazioarekin nago; uste dut momentuz lan ona egiten ari naizela, eta horrela segitu nahi dut, kanporaketetarako sailkatu eta txapelketan aurrera egiteko.

Erik Jakarekin ari zara: biak Amezketako Zazpi Iturri elkartean ondu zineten, eta elkarrekin asko jokatu duzue. Babesa al da zuretzat?

Bai. Lasaitasun puntua ematen du. Elkarrekin asko jokatu dugu, bai afizionatuetan, eta bai profesionaletan, eta promozio mailako txapelketa irabazi genuen elkarrekin [2015ean]. Une oro, badakit Erikek zer jokaldi egingo duen kantxan, elkar oso ondo ulertzen baitugu.

Mastersean lan ona egitea bultzada izango da zure ibilbiderako?

Bai, noski. Lehen txapelketa izanagatik, onena eman nahi dut. Puntako pilotariei aurre egiteko gai izateagarrantzitsua izan daiteke etorkizunari begira, enpresari erakusteko hor nagoela, prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.