Italiako Giroa

Bouwman indar handiz nagusitu da Potenzan, ihes egin dutenen arteko lehian

Gorabeheratsua izan da Giroko 7. etapa, eta herbeheretarra esprintean gailendu zaie Mollema eta Formolori. Lider jarraitzen du Lopezek

Bouwman indar handiz nagusitu da Potenzan, ihes egin dutenen arteko lehian.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Diamante eta Potenza artean, indarra erakutsi eta harribitxiaren pareko saria lortu zuen atzo Koen Bowmanek (Jumbo Visma), Italiako Giroko zazpigarren etapan. Aurrenekoz irabazi zuen itzuli handi batean, eta, gainera, mendiko maillotaren jabe bilakatu zen. Ihes egin zuen tropeletik, beste sei txirrindularirekin batera, eta jaun eta jabe izan zen bukaerako estutuan, Bauke Mollema (Trek) eta Davide Formoloren (UAE) aurretik. Laugarren Tom Dumoulin (Jumbo Visma) sartu zen, azken txanpan Bouwmanentzat bideratzaile lana egin ondotik. Onenak elkarrekin helmugaratu ziren, hiru minutu geroago. Juanpe Lopezek (Trek) ez zuen izan lidergoari eusteko arazorik.

Saio menditsua izan zen, 4.500 metroko desnibela gainditu izan behar baitzuen tropelak. Hautagaiek indarrak gordetzeko hautua egin zuten, bihar Blockhausen amaituko den etapa gogorrari begira. Kontrara, sekulako lehia izan zen ihesaldia osatzeko. Ehiztariak jo eta ke aritu ziren ordu eta erdiz, harik eta zazpi lagunek aurrera egin zuten arte Monte Sirinon, eguneko lehen mendatean. Wout Poels (Bahrain) ezinak jo zuen Monte Grande di Viggianon, etapako igoerarik gogorrenean, eta, geroago, moztuta gelditu ziren Diego Camargo (Education First) eta Davide Villella (Cofidis).

Lau ziklistaren artean jokatu zuten, beraz, garaipena, eta bi Jumbo Visma taldekoak ziren: Dumoulin eta Bouwman. Lehena La Sellatan, azken mendatean saiatu zen ihesaldia apurtzen, eta sufriarazi egin zioten taldekideari. Haatik, Bouwmanek lortu zuen lasterketa burura itzultzea, eta, azken kilometroetan, tinko eutsi zien Mollemak eta Formolok egindako eraso ugariei. Dumoulinek esprinta bideratu zion, eta ez zuen hutsik egin errematean. Mendiko sailkapenean, berriz, aurrea hartu zion Lennard Kamnari (Bora). Hautagaien multzoan iritsi ziren Mikel Landa eta Pello Bilbao (Baharain), 16. eta 19. postuan, hurrenez hurren.

Gaurko etapa ere baliteke ihesaldian erabakitzea. Napolin izango du irteera nahiz helmuga, eta, tartean, muinoz jositako zirkuituan ariko dira txirrindulariak. Litekeena da onenek berriz ere onena ez ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.