COP26. Anna Perez Catala. Ingurumen gaietako dibulgatzailea

«Goi bilerak aldeaniztasun eta elkartasun txikiagoko mundua erakutsiko du»

Pandemiak nazioarteko harremanak nola aldatu dituen erakutsiko du Glasgowko goi bilerak. Zientziak eskatzen duen helmuga urrun egonda, horretara hurbiltzea aurrerapen bat litzateke, Perez Catalaren ustez.

JON URBE /FOKU.
inaki petxarroman
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
IDDRI institutuan ikertzaile eta ingurumen gaietako dibulgatzaile gisa aritzen da Anna Perez Catala (Badalona-Herrialde Katalanak, 1990) eta berriki izan daDonostian, Cristina Eneak gonbidatuta, COP26 bilerari buruzko mahai inguru batean.

Zertan izan beharko luke berezi COP26 honek?

Lehen goi bilera izango da Parisko Hitzarmena indarrean denetik [2020]. Horrek esan nahi du herrialdeek hura betetzeko planak helarazi behar dizkiotela NBEri. Horrez gain, pandemiaren osteko lehen goi bilera izango da (pandemia bukatu ez bada ere). Hegoaldeko herrialde askotan, oraindik ez daude txertatuta Iparraldeko herrialdeen elkartasun eskasarengatik. Beraz, esan daiteke goi bilera ezberdina izango dela, besteak beste, nazioarteko egoera nola aldatu den erakutsiko duelako, elkarlan eta aldeaniztasuntxikiagoa dagoelako orain.

Zein izango dira negoziaziorako gai nagusiak?

Ziur-ziur, 6. artikulua. Hots, arautu behar duena nola salerosi isuriak munduan. Ikuspegiak oso urruti daude herrialdeen artean. Batzuek ez dute nahi karbono merkatu hori egoterik ere, eta beste batzuk horren zain daude isurien inguruan diru pila bat mugituko delako. Horren inguruko akordioa txarra bada, joko arauetan tranpak egiteko arriskua irekiko du, eta atakan jar dezake isurien beherakada ekarri behar duen prozesua.

Horrez gain, besterik?

Anbizio orokorraren gaia aipatuko nuke. Izan ere, asko falta zaigu zientziak eskatzen digun tokira iristeko, eta COP26ko presidentetzak horri heltzeko eztabaidagune bat sortu du. Hau da, 1,5eko berotze globaletik gora ez igotzeko zer egiten ari garen, eta nola hurbildu behar dugun horretara. Jakina, oreka zaila da itsasoa irensten ari den Pazifiko uharteetako gobernuen eta petrolio ekoizle diren herrialdeen artean.

Parisko Hitzarmenaren xedeak betetzeko plan handinahiagoak aurkeztu dituzte estatuek, baina, helmuga urrun da oraindik.

Gehienek helarazi zizkioten NBEri euren planak 2016 eta 2018 bitartean. Baina, horiekin ez zen iristen zientziak eskatzen zuen tokira, eta eskatu zitzaizkien plan zorrotzagoak. Hainbat herrialdek kasu egin diote deialdi honi, baina ez denek, eta ez zientziak eskatzen duen heinean. Adibidez, Txinak eta Indiak oraindik ez dituzte berrituberen planak. Indiaren kasuan, berrituko duela agindu du. Errusiak aurrekoa baino anbizio txikiagoko plana helarazi du.

Ikatzaren erabilera mugatzeko balioko al du goi bilera honek?

COP bileretan bi errail nahasten dira: testuari buruzko negoziazio korapilatsuak, eta neurri politikoen iragarpenak edo asmoak. Ikatzarena bigarren atal honetan sartuko litzateke. Horri buruzko iragarpenen bat egingo balitz, eragin politiko handia luke, eta saiatzen ari dira zerbait egiten horren inguruan. Uste dut iragarpen zabalagoren bat hel daitekeela Glasgowtik, bai, Erresuma Batuko lehendakaritza saiatzen ari delako horretan. Atalka, baliteke antzeko iragarpenak egitea, adibidez, industria astunak.

NBEk esan du, estatuen plan berritu horiek eskuetan, Parisko Itunetik oso urruti gaudela.

NBEk plan horien inguruko batuketa eginez azaldu du hori. Uste dut herrialdeek planak zorroztu ditzaketela oraindik gehiago. Itxaropena dut inguruan gertatzen ari diren hainbat konturekin. Esaterako, estaturen edo sektoreren batek iragartzen badute karbono neutraltasunera helduko direla dataren batean, hori oraindik ez dagoela aurreikusita zenbaketa ofizialetan. Beraz, pitinka hurbil gaitezkeela benetako helmugara. Zerbait positiboa esatearren, hori aipatuko nuke.

Desadostasunen iturri izan ohi herrialde pobretuen finantzaketa ere.

Uste dut aurrerapenen bat egongo dela horretan. Izan ere, ez badute zerbait aurreratzen, eta ez bada 100.000 milioi dolarreko poltsa osatzen, Hegoaldeko herrialdeak asko haserretuko dira, eta kolokan jar dezakete alde anitzeko elkarlana. Oraingoz, 80.000 milioi inguru hitzeman dituzte herrialdeek. Uste dut 20.000 milioi osagarri horiek ez direla ezer munduko ekonomiarentzat. Prozesuari sinesgarritasuna emateko beharrezkoa da diru poltsa hori.

Zer paper joka dezakete AEBek?

Jarrera onean dabiltza orain. Itzuli direla, hemen direla, plan handinahiak dituztela... Baina, erne, oso aldakorrak izan ohi dira AEBak, eta lau urte barru atzera ere akordiotik kanpo egon daitezke. Lider papera jokatzen ari dira, baina ongi begiratuz gero, askoz ere kontserbadoreagoak dira. Adibidez, ez dute dirurik jarri nahi klima aldaketaren hondamendiekkalte egindakoak laguntzeko.

Eta Txinaz, zer esan daiteke?

Eurek, beste batzuek ez bezala, esaten dutena betetzen dute. Hala ere, ez nago oso ziur zein diren bere helburuak. Oraindik dirua jaso beharko luketen herrialdeen artean dago, ofizialki garapen bidean delako. Pentsatzen dut indar egingo duela bere helburuak handitu behar ez izateko, noraino iristeko prest dagoen jadanik esana daukalako, eta bere planak ez delako berrikusten ari.

Agintariak bertan egoteak edo ez egoteak eragina dauka? Galdetzen dizut zeren Xi Jinpingek iragarri du ez dela egongo.

Esango nuke ezetz. Izan ere, zenbat aldiz joan dira, adibidez, Espainiako agintariak goi bileretara? Horrek ez du askorik aldatu isurtzen dituen gasen emaitza. Txinakoek, adibidez, beti bere herrialdetik bertatik iragartzen dituzte gai honi buruzko aurrerapenak. Joango direnek aprobetxatuko dute iragarpenen bat egiteko, baina ez da izango jadanik dakigunetik oso bestelakoa.

Mugimendu zibilak rol berezia jokatuko du, ezta?

Uste dut mobilizazio aldetik nabarituko dela, eta, pandemiaren etenaren ostean, mugimendua berpizteko balioko duela. Gainera, gizarte mugimenduek egingo duten presioa eta fiskalizazio lana oso beharrezkoak izango dira goi bilera honetako emaitzak hobetzeko; alegia, lorpenik izan den edo ez baloratu ahal izateko.

Pandemiak atzeratutako goi bilera izango da ere. Nola eragin du pandemiak gai honetan?

Uste genuen gauzak aldatuko zirela, naturarekiko harremana berreskuratuko genuela, baina klimari buruzko dinamikak epe luzerakoak dira. Eta pandemian erregai fosil gutxiago erabili badugu ere, trantsiziorako baliatuko diren politikak ez badira egokiak, eta oraingoz ez dira hala, bada, isuriak handitu egingo dira. Oraingoz, beraz, pandemia kaltegarria gertatzen ari da; ikusi besterik ez dago ikatzaren erabilera nola ari den handitzen.

Hainbat aditu zalantzan jartzen ari dira trantsizio ekologiko hau posible ote den diseinatuta dagoen moduan. Zer iruditzen?

Egun sortzen dugun energia kopuru osoa iturri berriztagarriekin lortzea oso zaila litzateke, ezinezkoa ez bada. Beraz, energia kontsumoa gutxitu egin beharko litzateke. Etengabe hazten jarrai dezakegula pentsatzea ez dator bat zientziak egiteko eskatzen ari zaigunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.