Albistea entzun

Elkargoaren finantzen gardentasuna, ezbaian

Peio Etxelekuk dokumentu bat bidali die hautetsiei, lurraldeen arteko desoreka agerian eman nahian. «Gardentasun falta» salatu du. Azterketaren «akatsak» eta bere anbizio politikoa nabarmenduta erantzun diote elkargokoek.

Jean Rene Etxegarai eta Kotte Ezenarro, larunbateko batzarrean.
Jean Rene Etxegarai eta Kotte Ezenarro, larunbateko batzarrean. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko martxoak 9 - Baiona

Nora doa Euskal Hirigune Elkargoaren dirua? Zein da finantzen egoera? Duela bost urte instituzioa sortu zenetik haren aurrekontua eztabaidatzeko orduan piztu ohi diren galderak eta kezkak dira. 2022rako aurrekontua onartu zuten larunbatean egin zuten batzarrean. Bezperan, dokumentu bat bidali zien hautetsiei Peio Etxeleku Kanboko hautetsi (Lapurdi), Errobi lurralde eremuko erreferente eta EAJko Ipar Buru Batzarreko buruak, finantzen arloan «gardentasun falta» salatuz eta lurraldeen artean bere iritziz dagoen desoreka erakustera emanez. Gogor erantzun zion Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak larunbatean: «Batzuek elkarrekin segitu nahi ez badute, badugu juridikoki aukera berriz banatzeko».

 

Ahots kritiko bat baino gehiago entzun zen larunbatean. Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez, Aturri-Errobi lurralde eremuko erreferente eta EH Baiko kideak «lurralde ekitatea eta lurralde elkartasuna» aipatu zituen, ekipamenduei begira oreka bilatu beharko litzatekeela argudiatuta, eta hautetsiak «eskatzaile-zordun» izan ez daitezen metodo bat eskatuta. Mathieu Berge Baionako ezkerreko hautetsiak ildo politiko baten eskasia deitoratu zuen: «Ez da norabiderik, ez da lehentasunik markatua». Ororen buru, azken bost urteetan izan duen babesik apalena izan zuen elkargoko aurrekontu orokorrak: 133 hautetsi alde, eta 27 kontra; 46 abstenitu ziren.

Bost urteko bilakaera

2020ko uztailean Euskal Hirigune Elkargoko hautetsi sartu zenetik, behin baino gehiagotan galdetu ditu Etxelekuk aurrekontuen lurraldekako banaketari buruzko dokumentuak, ahoz eta idatziz; baina sekula ez ditu eskuratu ahal izan. Azkena 2021eko ekainean izan zen, elkargoko batzarrean berean, eta Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapez eta finantza lehendakariordea datuak ematera engaiatu zen; baina ordutik, deus ez.

Hala, bere aldetik egin du azterketa lana Etxelekuk, bost urteetako merkatu edo lehiaketa publikoetako dokumentuetan oinarrituta. Elkargoak hartutako 4.500 delibero aztertu dituela dio; guziak batuta, bost urteetan elkargoak izan duen gastu orokorraren %35era iritsi da. «Hortik atera ditut tendentziak», esplikatu du. «2019ko urtearentzat ariketa bera egin zuten zerbitzuek, baina dokumentua ez zuten zabaldu. Tendentzia berak erakusten ditu», baieztatu du. Lurraldeen arteko desoreka eta Baionaren zentralismoa nabarmendu ditu.

Euskal Hirigune Elkargoa sortu aitzineko hamar herri elkargoen herentzia nabarmendu du lehenik. Ordutik eratorritako funtzionamendu gastuen %64 eta zorraren %72 Euskal Kosta-Aturri hiriguneari dagozkio —Baiona, Angelu, Miarritze, Bidarte eta Bokale biltzen zituen—. Alta, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %42 bizi da eremu horretan. Hego Lapurdi herri elkargotik eratorritako zorrari gehituta, %90ekoa da emaitza, eta biztanleriaren %60 ordezkatzen dute.

Lurraldeka egin diren inbertsioak ere aztertu ditu, biztanle kopuruaren arabera banatuta. Bidaxuneko lurraldean egin da inbertsio gehien; Amikuzen eta Euskal Kosta-Aturrin ondoren. Hego Lapurdi, Errobi, Errobi-Aturri eta Hazparneko lurraldea kaltetuak ageri dira.

«Eztabaida sortzeko» borondatea aipatu du Etxelekuk, eta «gardentasun falta» salatu du, datu partzialekin egin behar izan duelako azterketa.

«Euskal basamortua», aipatu du: «Beti ahantziak gara». Barnealdean komunikazio azpiegituren eskasia dutela, eta «ekonomia berriari buruz» egiten den guzia Euskal Kosta-Aturrin egiten dela: ikerketa zentroak, goi mailako formakuntza... «Zer erran nahi du: lo egiteko leku izan behar dugula, Baionako megalopoli bat zerbitzatzeko? Marrazten ari den Ipar Euskal Herria ez da nik nahi dudana; ez da ezarriak ziren helburuen araberakoa».

Finantzak eta gobernantza

Etxegarairen ahotik izan zuen erantzuna larunbatean Etxelekuk. «Gutxi batzuen» kritikak deitoratu zituen, eta elkargoko finantzen egoera «satisfagarria» dela erran zuen, aurrezki tasa eta zorra itzultzeko gaitasuna aipatuta. Jasotzen dituen kritiken arteko kontraesanak ere azpimarratu zituen: batzuek diotela gehiegi gastatzen dela, eta beste batzuek ez aski. Azkenik, bost urte hauetan barnealdean egin dituzten inbertsio batzuen adibideak eman, eta lurraldeen arteko konparazioa egiten aritzea deitoratu zuen. «Nardatua» agertu zen Etxelekuren dokumentuarekin, eta «puntuz puntu» erantzunen dutela adierazi zuen.

Etxelekuren dokumentuak «gauza interesgarriak» dituela zioen Ezenarrok larunbatean. «Adeitasunez» izan zela dio, BERRIAren deiari erantzutean. «Zorroztasun falta» eta «akatsak» nabarmendu ditu, eta argitu du ostiralean berean erantzun ziotela zerbitzuetatik. Finantzen egoera «ona» azpimarratu du, baina, lurraldeen arteko orekaz galdetuta, izkin egin du. Ez duela «nahikoa elementurik»; Bilbok Bizkaian eta Donostiak Gipuzkoan zentralismoa dutela, eta ez dela bere gaia. «Finantzez mintzo bagara, finantzez erantzuten dut: aurrekontua orekatua da. Edukia arazo politikoa da; gobernantza da».

Etxelekuk izan litzakeen anbizioak iradoki ditu. «Zer da, kapitainez aldatu nahi dugu? Nik ez». Batasunerako deia egin du. «Batzuek uste badute gaizki zerbitzatuak direla, joan daitezke; nik ez dut halakorik nahi».

Etxelekuk bere burua defendatu du: «Ez naiz aski esperimentatua politikan joko horietan sartzeko. Hor naiz ene esperientzia, ene ikusmoldea eta barnealdeko boza entzunarazteko». Dokumentua bidali duenetik hautetsi anitzen erantzunak izan dituela dio; batzuk eskertzeko, eta beste batzuk informazio gehigarriak eskatzeko. Lurralde eremuetako erreferenteei bidali die, eta hamar eremuetan aurkezpenak egitea proposatu die. Batzuek herriko kontseiluan aurkeztea ere proposatu diote, Etxelekuren hitzetan. Denentzat ez da erraza finantzei buruzko datuak aztertu eta ulertzea; elkargoak bere irakurketak agertu ezean, Etxelekurena da hautetsiek duten dokumentua.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Jakes Abeberri hil da

Jakes Abeberri hil da, abertzaletasun mugimenduan erreferentea

Jone Arruabarrena - Ekhi Erremundegi Beloki-Ainize Madariaga

Enbata mugimenduaren sortzaileetako bat eta izen bereko aldizkariaren zuzendari izan zen Abeberri. 92 urterekin zendu da.

Usurbilgo udaletxea. ©NOAUA

Usurbilgo Sagardia plazaren izena aldatzea exijitu du Espainiako Gobernu Ordezkaritzak

Xabier Martin

Joxe Martin Sagardia euskal errefuxiatua BVEk hil zuen 1980an, Miarritzen. ETAko ustezko kideen zerrenda batean dagoela esan dio udalari Espainiako Gobernu Ordezkaritzak, eta Terrorismoaren Biktimen Legea urratzen duela plazaren izenak.

Eneko Andueza eta Maria Txibite, bilera ostean. ©Berria

Sozialistak «ongizatearen berme» direla esan dute Anduezak eta Txibitek

Gotzon Hermosilla

PSE-EEk eta PSNk bilera egin dute, eta bi alderdien arteko «lotura estuak» nabarmendu dituzte.

<b>Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena ospatu zen atzo Senatuan.</b> ©J.C. HIDALGO / EFE

Txibitek Foru Hobekuntza goraipatu du, «batasun konstituzionalaren barnean»

Joxerra Senar

Senatuan egin da Nafarroako estatutuaren urteurreneko ekitaldi nagusia. Hitzeman du «lehenbailehen» egingo dutela ituna trafiko eskumenari buruz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.