Manex Mantxola Urrate.
ELE

Futbol zelaia gurea da

2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Jokin Azpiazu Carballoren Maskulinitateaketa feminismoa saiakera patatekin irentsi ostean, deigarria egin zitzaidan, beste ideia askoren artean, lehen hezkuntzako irakasle batek botere posizioak eta espazioa mantentzeko estrategien baitako aldaketen harira kontatzen zuena.

Izan ere, gure garaian, jolas-ordua patiorako zen eta patioa futbolerako. Futbolean, oro har, oro ar ibiltzen ginen, eta ez zitzaigun burutik pasa ere egiten espazio hori zalantzan jar zitekeenik. Egun, aldiz, saihestu beharreko maskulinitate gisa identifikatu dugu arketipo matxiruloa, klase baxuko gizon biolento eta zaratatsua, wifebeaterra soinean, zerbeza eskuan eta zigarroa ezpainetan, balio atzerakoi eta, ziurrenik, jatorri atzerritarrarekin. Gauza jakina baita atzerritarren matxismoa beti izan dela gurearen estalgarri. Eta noski, gure burua talde horretatik kanpo dagoela argi uzte aldera, beste modu batera «negoziatzen» dugu.

Patioan zein patiotik kanpo, gure hegemonia kuestionatzera datorren inor ez dugu bidaliko bere txokora bueltan baloikada batez, negar-zotinka eta izterraldean Mikasa tatuaturik duela. Hori eraso bat baita eta gu ez gara erasotzaileak. Horiek besteak dira. Guk elkarrizketa eta negoziazioa erabiltzen ditugu, soseguz. «Ulertuko duzue beste jarduera batzuetarako badaudela espazio gehiago, baina futbolerako hau da bakarra. Logikoa da horretarako erabiltzea». Bide luzeago bat hartzen dugu puntu berera heltzeko. Baina emaitza berdina da. Betiere, goxotasunez. «Nahi baduzue, gurekin jolas zintezkete. Ongi etorriak zarete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.