Alazne Arruti Bengoetxea.
ELE

Bazkalosteak

2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Lehen, elkarren berri bazkalosteetan izan ohi genuen. Etxeko zein elkarteren bateko kafe beroa ezpainetan, egunen joan-etorriaz jarduten zen. Lanaren zamak arindu edota familiaren gorabeherak deslotzen ziren, eta asteak emandakoaz aritzen. Eta guk, haur lokartuok, egurrezko mahai likatsuetan burua etzanda guztia aditzen genuen atseden sakonenean.

Oroitzen dut zer-nolako lasaitasuna sentitzen nuen, nolako patxada eragiten zidan uneak, bozkario hark amets eta hausnarren katramilara kulunkatzen ninduen bitartean. Helduen ahots-korden bibrazioa nabari nezakeen egurretik bularrera hegaldian. Eta konprenitu ezin nitzaken eta niri ez zegozkidan gauzak ulertzeko gai sentitzen nintzen.

Komunikazioak bilakaera bortitza jasan du azken urteetan, ordea. Garenaren eta ez garenaren arteko amildegia sakondu da, eta izan nahi genukeena publiko egin eta horren gainean eraiki ditzakegu harremanak.

Oraintxe bertan, Mediterraneoko itsaso epelean, harearen zakartasuna zanpatzen dihardugula, gazte kuadrilla bat hurbildu da kala despopulatura. Gorputza itsaso zabalari eta eguzkiari emanak gaudela, garrasi betean eta hilabeteko soldataz ordaindutako mugikorra eskuan dutela sartu dira uretara.

Plastiko zati naufragoen artean hasi dira hara eta hona, uretan murgildu eta jirabiraka. Pantailari irribarre egin eta euren zoriontasuna modu aproposean jaso ote den gainbegiratzen dute jarraian. Beharrezkoa bada errepikatzeko prest daudela diote, eta nesketako batek titiak estali beharko dituela dio unea sare sozialetan zabaldu nahi badu.

Eta gu, behin loa eta pentsamenduen haria etenda, kafe baten bila abiatu gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.