Patxi Larrion Galdeano.
ELE

Uraren dorrea eta ubidea

2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Antzinen gara lehengusuok, bero sapa Anglo-Vasco-Navarro trenaren geltokian. Karramarroen trenak Bergara-Gasteiz-Lizarra ibilbidea 1967ko abenduaren 31n egin zuen hondarrekoz. Elektrizitateak mugitzen zuen tren txikia. Egaibarko Antzinen azpiestazio bat zegoen argindarra eraldatzeko, 30.000 volteko indarra 1.600era ekarri behar trena kiskaliko ez bazen.

Gaur Arantza dugu hizlari, nonbait, argindarraren eraldatzeak berotzea zekarren eta prozesuak jarrai zezan nahitaez makineria hoztu behar zuten. Lehengusuak ondoko dorrea seinalatu digu, hamabi metroko altuera du, uraren dorrea da, ur-tangak 2.000 litroko edukiera du eta martxan zen garaian azpiko putzutik ura erauzten zuten hozte-sistema hornitzeko.

Arantzak galderak tartekatzen ditu bere azalpenean, gaurko azterketan Antzingo azpiestaziora iristen zen elektrizitatea nondik heltzen zen asmatu behar dugu.

-Urederratik. Bizkor ibili da IƱaki.

Hamar bat kilometrora dago Eraulgo zentral hidroelektrikoa, ongi kontserbaturiko azulejuan Urederra irakur daiteke. 1927an jarri zen martxan, aitzinetik ur-jauzia gerta zedin zazpi kilometroko ubidea egin zuten Artabia eta Eraul artean.

Zenbat txiribuelta. Ura bideratu argindarra sortzeko, ura ibili eraldatzeak berotu makineria hozteko, eta tren txikian Egan zein Urederran harrapatutako karramarroak garraio.

Herrira itzuli gara, etxeko atarian txitxiriogintzan ari da Joakin. Berritu digunez herriko hainbat gazte ibili ziren Artabia-Eraul ubidea egiten, destajuan aritu ere eta inoiz lansaria jasotzeko arazoak izan zituzten. Egun erabat utzia dago ubidea. Uraren dorrea zutik da, baina azpiko putzuaren emaria ez da garai batekoa. Maeztun bezalaxe tren geltoki zaharra udaletxea dugu Antzinen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.