Manex Mantxola Urrate.
ELE

Krustxeven eskutitza

2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun

Steven Soderbergh zuzendariaren Traffic filmari (2000) esker izan nuen pasadizo honen berri.

Diotenez, Nikita Krhustxovek, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izateari utzi zionean, bi eskutitz idatzi eta gutunazal banatan itxita utzi zizkion bere ondorengo izango zen Leonidas Brezhnevi, honela zioen ohar batez lagunduta: «Ustez konponbiderik ez daukan ataka batean bazaude, ireki lehenengo gutuna eta bertan topatuko duzu irtenbide bat. Berriz arazoak badituzu, gauza bera egin bigarrenarekin».

Brezhnev egoera delikatu batera heldu zenean, Khrustxovez oroitu eta lehenengo gutunazala ireki zuen. Honela zion: «Bota iezadazu guztiaren errua».

Eta hala egin zuen Brezhnevek, egoera baretzea lortuz. Halere, ez zen luze igaro beste krisi batek kolpatu zuen arte eta orduan bigarren gutunaz oroitu zen. Hau ere ireki zuen salbazio bila. Honela zion bigarrenak:

«Eseri eta idatzi bi eskutitz».

Kontakizuna gurera ekarriz, Euskal Herrian, zehazki EAEn, bestelakoak dira gauzak. Badirudi Espainian gobernu berri bat denero Khrustxovena bezalako lehen eskutitz bat ematen diotela EAJri eta, horrela, besteen erruaren azpian beraienak ezkutatuz eusten diotela botereari.

Baina azken boladan inoiz baino ageriago azaleratzen ari dira Espainiari egotzi ezinezko erruak, eta sinesten hasten gara badela garaia eseri eta bi eskutitz horiek idazten has daitezen.

Gero, hauteskundeetako emaitzak ikusten ditugu eta jabetzen gara besteen erruak ez direla nahikoa, alternatiba bat eskaini beharra dagoela, eta oraingoz, ez dugula asmatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.