Patxi Larrion Galdeano.
ELE

Urbasako elurra

2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Abuztuaren 14a da, festa bezpera, bide luzea du aitzinean hurrengo egunean orain dagoen tokian etxekoekin bazkaldu nahi badu. Biaoak ohi baino luzeagoa behar zuen, baina ñiñi baten negarrak esnarazi du, gose da hirugarrena, lehendabiziko alabak ia lau hilabete ditu.

Ohetik altxatu, estalpean mandoak gobernatu, konportak ikuskatu eta bideari ekiteko prestatu da. Ekaizako elur-ziloak ituan, Portutzar hobetsi du Urbasara igotzeko. Gau itxia da Garimendi aldera iritsi denerako. Azkar egin du konportak elurrez betetzearena. Orbel eta iratzez estali ditu ontziok

Elurraren bidea, Urbasako Ekaiza edota Larraitzatik Lerinera doan bidea, gaua mandoen alboan emanen du Etxabarriko alkateak, urtebete igaro da zotzabarrak eta orbelaren inguruko manifestua sinatu zuenetik, Ameskua, Eraul eta Abartzuzako alkateekin joan zen Irurtzungo bilkurara, 1929ko ekainean Nafarroa Garaiko mendialdeko alkateak elkartu eta Nafarroako Diputazioari eskaria egin zioten komunitatearen interesak defenda zitzan, orbela aziendaren azpietarako eta elurra estaltzeko erabiltzen zen, zotzabarrakinoiz ikatza bilakatuko ziren.Manifestuarena ez da urte hartan komunitateak bultzatu duen auzolan bakarra. Garai berriak omen datoz.

Eguzkia nabarmena da Lerinera heldu denerako, Germanaren ostatuan ama-alabak ditu zain, Urbasako elurra sotoan utzi dute.Hitzartutakoa ordaindu eta hamaiketakoa agindu diote, gizonak bere etxeko mahaia du amets.

Leiho zabaletik akordeoiaren asotsa heldu da, ama-alabak berehala aienatu dira ostatuko sukaldetik.Mandoak bazkatuak zituen ordurako, tripa-zorriz eginen du buelta. Etxean kontatu izan digute hura gertatu eta Etxabarrira iristean aitatxik esan zuena, Beari aipatuko diot, ea zer irizten dion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.