AEBak. Abortatzeko eskubidea

Botikak dira bide bakarra askorentzat

Pandemian asko handitu zen abortatzeko pilulen kontsumoa AEBetan, eta, Gorenak haurdunaldia etetea debekatu ostean, litekeena da are gehiago handitzea horiek hartzen dituzten andreen kopurua. Baina estatu batzuk horiek debekatu nahian ari dira.

Emakumezko bat Misoprostol botikaren kaxa batekin, Ciudad Juarezko (Mexiko) farmazia batean. LUIS TORRES / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
AEBetan egondako abortuen erdiak baino gehiago pilula bidez izaten dira; hau da, neurri kirurgikorik gabe. Auzitegi Gorenak joan den ostiralean hartutako erabakiaren ostean, litekeena da gora egitea portzentaje horrek aurten eta datorren urteetan. Eta horrekin batera, datorren gatazka guneetako bat bihur liteke.

«Mifepristone eta Misoprostol»etengabe entzuten diren oihuak dira abortu eskubidearen aldeko manifestazioetan Estatu Batuetan. Lehen hiruhilekoan dauden haurdunaldiak eteteko pilulen izenak dira: lehenak haurdunaldirako hormonak blokeatzen ditu, eta duela 20 urte baino gehiago onartu zuten. Misoprostolek kontrakzioak eragiten eta gorputzetik kanporatzen laguntzen du.

Mifepristone botikaren erabilera gorantz joan da urtez urte, eta 2020an % 54ra iritsi zen: pandemiaren erdian, FDAk (AEBetako Botika eta Janarien agentzia) farmazietan saltzeaz gain online erostea eta hori etxera eramatea ere onartu zuen. Zenbait estatuk denbora daramate oztopoak jartzeko asmoz, hala ere. Merrick Garland AEBetako fiskal nagusiak Mifepristone botika ez debekatzeko eskatu zien estatuei Gorenaren erabakia irten berritan. «Estatuek ez lukete galarazi beharko; FDAk segurua eta eraginkorra dela esana du». Joe Biden AEBetako presidenteak ere pilulak eskueran izatea babestuko duela esan du, baina ez dago argi nola egingo duen hori.

Debekua eta zirrikituak

Abortua erabat galarazi duten edo hala egiteko asmoa duten estatuetan, alabaina, ez dute bereizketarik egin abortu kirurgiko edo pilula bidezkoen artean. Abortuak egiten dituzten kliniketako langileek legea urratuko lukete—eta zenbait kasutan emakumeari haurdunaldia eteten laguntzen dion edozein pertsonak ere— eta haien aurka auzitara jo dezakete estatuek. Missourin, esaterako, hamabost urteko espetxe zigorra izan dezake abortuak egiten dituenak. Emakumeen zentroetan diharduten medikuek ere debekatuta daukate pilulak errezetatzea. Laburbilduta: aborturako botikarik ezin da lortu estatu horietan.

Estatuek, alabaina, ez dute zigortzen abortua izaten duen emakumea. Ondorioz, emakume askok etxean bakarrik etengo dute haurdunaldia, Internet bidez lorturiko pilulekin. Izan ere, sarean eros daitezke botikak, baina errezeta behar da, eta kliniketako medikuei errezetatzea ere debekatu diete zenbait estatutan.

Osasun zerbitzu telematikoetan pazientearen lurraldeko araudia gailentzen da. Hau da, abortua debekatuta dagoen Oklahomako emakume batek hura legala den Kaliforniako mediku batekin ordua izanda ere, medikuak arazo legalak izan ditzake pilulen errezetarik egiten badio Oklahoman haurdunaldia etetea erabaki duen emakumeari. Estatu batzuek berariaz debekatu dituzte zerbitzu horiek. Louisianako kasuan hamar urteko espetxe zigorra aurreikusten du estatutik kanpo telezerbitzu bidez aborturako pilulak errezetatzen dituztenentzat. AEBetan dauden aborturako telezerbitzu konpainiak zirrikituen bila ari dira, bideorik gabeko kontsultak egiteko esaterako, edo medikuak pazientearen kokapenik ez jakiteko. Gero, posta kutxa batera bidaliko lituzkete botikak, eta handik helaraziko litzateke andrearen etxera, hala bidalketa zuzenik egon ez dadin.

Atzerriko zerbitzuak

Egoera horretan, atzerriko zerbitzuak dira askori geratzen zaien bide bakarra. Aid Access, esaterako, Rebecca Gomperts nederlandar medikuak sorturiko aborturako telemedikuntza zerbitzua da. Europan dauden medikuek egiten dituzte kontsultak, eta haiek sinatzen dituzte errezetak. Gero Indiako farmazia batek egiten du banaketa postaz. Gompertsek haurdun ez dauden emakumeentzat ere errezetatzeko eskatu die medikuei, inoiz behar izanez gero botika etxean izan dezaten.

Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala ezabatu eta berehala, botika horiei buruzko informazioek nabarmen egin zuten gora sare sozialetan, eta iganderako 250.000 aipamen baino gehiago zenbatu zituzten. Facebookek eta Instagramek berehala ezabatu zituzten pilulak eskaintzen zituzten iruzkinak, «armak, animaliak eta botikak saltzea» debekatuta dagoelako plataforma horietan.

Hala ere, arauak ez dira beti berdin betearazten, APko kazetari batek erakutsi duen legez: abortu pilulak eskaintzen zituen iruzkina egin, eta minutu bakarrean kendu zioten. Segidan, «abortu pilulak» jarri beharrean, «arma bat» jarri zuen, eta halaxe geratu zen ukitu gabe. Beste horrenbeste, «belarra» (marihuana) eskaini zuenean. Sare sozialeko arduradunek esan dutenez, botikak banatzea debekatuta egongo da plataforman, baina ez pilulak nola lortu azaltzen duten iruzkinak. Izan ere, inoiz baino garrantzitsuagoa bihurtu da informazio zuzena lortzea, legea urratu gabe aborturako medikazioa zelan eskuratu argitzeko. Informazio horietako batzuek Hey Jane, Just the Pill eta Choix teleosasun zerbitzuak aholkatzen dituzte, haien bidez errezetak eta botikak helarazteko abortua debekatzen ari diren estatuetara.

Bide hori ere itxi nahi dute, eta borroka legal handia egongo da datozen hiletan telezerbitzu medikoak oztopatu eta pilulak posta bidez banatzea eragotzi nahi duten estatuetan. Hori ikusirik, geroz eta jende gehiagok eskatzen diote Bidenen Gobernuari neurriak hartzeko. Estatuek arautzen dute medikuntzaren praktika, baina lege federalak estatuen legeen gainetik daude. «FDA da osasun publikoa arautzen duen agentzia federala, eta segurtasun estandar bateratua ezartzen du botikentzat. Estatuek ezin dute erabaki zein botika onartzen dituzten, eta zein ez» adierazi dio Lawrence Gostin Georgetowneko unibertsitateko irakasleak The Hill webguneari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.