Alazne Arruti Bengoetxea.
ELE

Etxekotzea

2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Duela gutxi, gurasoenera itzuli eta etxera etxekotzeko ariketari ekin diot ostera. Logelako gotele gorrotagarria desagerrarazi eta kolore zuri eta lasai batez pintatu ditugu hormak. Egurrezko zoru kirrinkaria ere, sendotu eta estali dugu xafla berriez. Eta batek daki egiaz orain emandako pausoek zergatik diruditen orekatuagoak.

Horrez gain, aurreko batean herriko lorategia ere bisitatu nuen landare aromatikoen sailera zuzenean joaz. Eta berehala egin zidan hozka iruzurtiaren sindromeak. Izan ere, nola izendatu neure burua espezia zale amorratua, sarri astintzen ditudan eta sukaldeko armairu ia oso bat betetzen duten potetxoetan pilatutako hautsak zein landaretatik eratorriak diren ere ez badakit?

Beraz, hantxe ekin nion, astearte buruzuri batean, pazientziaz eta presarik gabe (egunerokotasunean gehiegitan falta zaizkidan osagaiak) landare potoak altxa eta etiketa bakoitza banan-banan irakurtzeari. Azkenean, albaka pare bat, erromeroa eta tipulina hartu nituen. Baita bidetik saihestu ezin izan nituen marrubi landare batzuk ere.

Orain, haurtzaroko sentimendu batek astindu nau atzera. Sukaldeko leiho azpian kokatutako landareak ordutik ordura are eta gehiago haziko diren jakitun, maiz bisitatzen baititut egunean zehar. Zoritxarrez, muturreko klima eta beroaldien eraginez, lehen bi albaka landare txikienak ihartu egin zaizkit berehala. Baina guztiei hitz egiten jarraitzen diet eta tira, marrubi batzuk sekula ikusi gabeko lore arrosak botatzen hasi dira, uztail betean fruitu buruak osatzen hasteko. Eta akaso, eurak ari dira nirekin hizketan, neroni ere euren modura loratzen hasi nadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.