Patxi Larrion Galdeano.
ELE

Ura kendu dit hark

2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Amaren sortetxeko atarian gara, uda minean, hitz-aspertuan. Urrats batzuk sumatu ditugu beheko aldetik. Adats horia hegan bizkor ari da aldapa igotzen lehengusua. Jaka gorria darama, txankletak oinetan, sutan da: «Berriz kendu didate ura», bota digu sendo. Gutako bi altxatu eta inkestan laguntzeko prest agertu gara.

Ilberria dugu, gau itxia da. Esku-argia lagun, Iturtxipirantz abiatu gara ura non besteratu duten ikastea helburu.

Hau ez da lehendabiziko aldia izan. Ia gauerdira arte zain egon ureztatu ahal izateko, eta txanda egokitzen zaionean urik ez, gainera ureztatzeko sistema aldatu zutenetik maizago gertatzen zaio. Lehen agerikoa zen desbideratze tokiarena, egun kanalizaturik doa ura, horrek dakarren guztiarekin. Betiere, ura lur azaletik desagertzeak ekarri duenaz beste batean arituko gara.

Errekatxo lehorraren ertzetik igotzen ari garela, susmorik ba ote duen galdetu diot lehengusuari: erantzun garbirik eman ez izana oso argigarria gertatu zait, eta istanteko Oihana Aranaren poema bat hartu dut gogoan: «Urak beti bidaiatzen du / bide errazenetik / baina gaitza da aurreikusten / zein den hartuko duen bidea». Gurean, bederen, hark erabaki du uraren bidea.

Iturtxipian, sorburuan bertan topatu dugu desbideratzea. Gakoari eragin, ura besteratu eta herri kaskorantz zuzendu ditugu gure oinak. Itzuleran seme-alabek monopolizatu dute gure solasa.

Jada herrian, etxeraino lagundu dugu lehengusua. Ezustekorik ez baratzean: hark berriz kendu dio ura, zelatan ebaska genuen.

Menturaz Amaia Ezpeldoi detektibeari deitu beharko diogu ura ebasten dion argiturria nor den atzemate aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.