Itsasargirik gabe, galduta

Alavesen sormen arazoak agerian gelditu ziren ligako estreinako lehian. Pina min hartuta egonik, arabarrek ez dute jokoari zentzua emateko gai den inor zelai erdian.

Alavesek pozarren hartuko luke Marcos Llorente berriro taldean. PAUL BUCK / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Alaves ontzi bat balitz, artilleria astunenari hondoratu gabe eusteko gai den horietako bat litzateke. Horren erakusgarri, ligako lehen partidan Bartzelonaren zelaian eginiko lana: Messi, Suarez eta enparauen joari tinko erantzun zion ordubete luzez, harik eta izar argentinarrak bere makila magikoa astindu zuen arte. Leherrarazten oso zaila den defentsa sistema eraiki du Abelardo Fernandezek, eta hori da, gaur egun, Alavesen bertute nagusia. Alabaina, hori jokoaren alderdi bat besterik ez da; neurketak aurrera ateratzeko, aurkariaren emaria eteten jakitea bezain garrantzitsua da jokoa sortzeko baliabideak izatea. Eta bigarren esparru horretan ageriko gabeziak ditu Arabako taldeak. Hots, ontzi sendoa du Alavesek, baina itsasargirik ezean, ur handitan noraezean ibiltzera kondenaturik dago.

Erresistentzia eta diziplina ez ezik, ageriko sormen arazoak ere erakutsi zituzten arabarrek joan zen larunbatean Camp Noun. Menturaz, Bartzelonaren zelaian jokaturiko partida bat ez da talde baten egoeraz ondorio sakonak ateratzeko lagin fidagarria. Tamainan neurtu behar dira han erakutsitako ahulguneak. Finean, arrakala izugarria dago Bartzelona eta Alavesen artean; bi dimentsio ezberdinetan daude. Edonola, sasoi-aurrean ere baloia zentzuz mugitzeko zailtasunak buruhauste izan zituen Abelardoren taldeak. Zaharrak berri, beraz. Camp Noun Wakaso, Torres eta Manu Garciak jokatu zuten zelai erdian, eta eraiste lanetan txukun jardun arren, ez ziren gauza izan arabarren jokoari argi apur bat emateko. Alavesek ezin izan zuen kataluniarren presioa gainditu, eta hala, minutu askoz desagertuta izan ziren Jony, Ibai eta Sobrino.

Iragan sasoian Tomas Pinaren esku egon zen Arabako taldearen jokoa antolatzeko ardura, eta sasoi honetan ere hala izango da. Aurreko denboraldian Brujasek utzita aritu zen, eta, Abelardoren eskeman funtsezko pieza bilakatu ondotik, Gasteizera itzuli zen duela astebete pasatxo, oraingoan 2021era sinatuta. Luze jo zuten negoziazioek, baina arabarrek ezin zioten erdilari espainiarrari ihes egiten utzi, eta, azkenean, sasoia hasi baino astebete lehenago askatu zuten mataza. Hura fitxatuta, Alavesek badu iparrorratz bat; hori bai, ezingo du ligako lehen partidetan erabili, min hartuta baitago. Ziztada bat sentitu zuen izterrean joan zen astean, eta Bartzelonaren aurkako lehia galdu ostean, ia baztertuta dago Betis eta Espanyolen aurkako neurketetarako. Hartara, hura osatu arte kontraerasoetara eta baloi luzeetara mugatuko da gasteiztarren jokoa.

Agerikoa da Alavesek beste arkitekto bat ekartzeko premia duela, bestela Pinarekiko erabateko menpekotasuna izango duelako. Hautagaiez hitz egiteko orduan, izen bat dago ororen gainetik: Marcos Llorente. Erdilariak arrastoa utzi zuen Mendizorrotzan orain dela bi denboraldi, eta gasteiztarrentzat luxua litzateke berriz ere hura taldean izatea. Ez du ematen Julen Lopetegiren planetan sartzen denik —deialditik kanpo gelditu zen lehen jardunaldian—, beraz, begi onez ikus lezake jokatzeko aukera izango duen nonbaitera irtetera. Hori bai, oso zaila izango da jokalariak atzera ere Gasteizerako bidea hartzea.

Dinamita gutxi

Zulorik handiena zelaiaren erdigunean du Alavesek, baina orain dituen aurrelariek ere ez dute nahikoa berme eskaintzen. Sobrino, Guidetti eta Bastonen artean zortzi gol besterik ez zuten sartu iragan denboraldian; Munirrek bere kabuz sartu zituenak baino bi gutxiago. Aurrelari marokoarrak golerako sen handia erakutsi zuen, eta, hori gutxi balitz bezala, jokoaren sormenean ere eragin handia izan zuen. Bada, nola bete daiteke haren lekua? Hori da zale gasteiztarrek buruan darabilten itaun behinenetako bat. Aukerarik onena Munir bueltan ekartzea litzateke, baina Llorenterekin gertatzen den moduan, ia ezinezkoa da. Hori horrela, beste hiru izen aipatu dira azkenaldian arabarren aurrealdea indartzeko hautagai gisa: Borja Mayoral, Paco Alcacer eta Jonathan Calleri.

Mayoral dago Sergio Fernandez kirol zuzendariaren zerrendako lehen postuan. Iaztik du jomugan Real Madrileko harrobian hazitako aurrelaria. Dena den, zaila izango da hura Lopetegiren taldetik irtetea, entrenatzaile gipuzkoarraren konfiantza baitauka. Europako txapeldunak beste aurrelari bat fitxatu ezean, beraz, nekez fitxatu ahal izango du Alavesek. Alcacer, berriz, ez da Ernesto Valverderen planetan sartzen, eta Fernandez harremanetan jarri da Bartzelonarekin. Hirugarren aukera Calleri da, aurreko sasoian Las Palmasekin bederatzi gol sartu zituen aurrelari argentinarra. Inor iristekotan, utzita helduko da, azken sasoietako formulari jarraikiz. Deyverson eta Munir estrategia horren arrakastaren adibide dira; txanponaren beste aldean dago Bojar Krkic.

Denbora agortzen ari zaie arabarrei, datorren astean itxiko baita udako merkatua. Inor gehiago iritsi ezean, aurrerapausoa eman beharko dute Sobrinok, Guidettik eta Bastonek. Sobrino mugikortasun eta abiadura handiko aurrelaria da, baina orain arte ez du harrapakari senik erakutsi. Guidettik, berriz, ez du hamar golen langa gainditu Espainiako Lehen Mailan jokatu dituen hiru sasoietan. Bastonek hemezortzi gol egin zituen Eibarrekin orain dela hiru denboraldi, baina geroztik behera egin du nabarmen, lesioak eta jarraitutasun falta tarteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.