Manex Mantxola Urrate.
ELE

Sozietate-zerga

2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Janari azkarra, elkarrizketa soziala, giza baliabideak, ongizate estatua, diskriminazio positiboa, bankuen erreskatea, emakumeen futbola, ekonomia kolaboratiboa, distantzia soziala... Orwelliarki izendaturiko gauzen zerrendan bat gehiago da sozietate-zerga deritzona. Egokiago deritzot etekinen gaineko zerga adiera, langileen zein nagusien soldata, inbertsio eta gainontzeko gastu guztiak ordaindu ostean, hots, enpresak aurrera jarraitzeko behar duen guztiaren ostean, geratzen den soberakinari soilik aplikatzen baitzaio. Finean, langileen soldatetatik aurreztutakoari.

EAEn eta Nafarroa Garaian %24 eta %28 da. Batek baino gehiagok pentsa lezake nahikoa dela, jaistearen aldekorik ere ez da faltako. Baina konfinamenduan ikasi dugunarekin, funtsezko zerbitzuen pribatizazioarekin eta historiaren testuinguruan jarriz gero, ez dago erraza hori defendatzen.

Esaterako, AEBetan, 29ko krisiaren ostean, %94an ezarri zuen Roosevelt presidenteak enpresa handien irabazien gaineko zerga. Eta hala mantendu zuten 40 urtez ondorengo eskuineko eta ez hain eskuineko agintariek ere, ofizioz aktore eta bokazioz politikari zen Ronald Reagan eta haren enparau neoliberalak 1981ean boterera heldu ziren arte. Kolpetik jaitsi zuten %28ra. Eromena Chicago Boysen harmailetan.

Geroztik, burbuilaz burbuila eta zorrez zor ibili dira, 2008ko krisia ekarri ziguten arte. Europatik zetozen austeritate neurriek eta Zapateroren eta Rajoyren guraizeek langile klasearen agonia luzatzea besterik ez zuten lortu. Ekonomia bat mantentzen duena gehiengoaren erosahalmena baita, ez enpresa gutxi batzuen balizko lehiakortasuna. Ez diot nik, Pikettyk eta Krugmanek, komunistatik ezer gutxi duten bi Nobel saridunek, baizik.

Oraindik estropezu hartatik altxatu ez garela, badatorkigu beste bat. Ez diezaiogun harri berari errua bigarrenez bota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.