Patxi Larrion Galdeano.
ELE

Ostiakoaren burua

2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Hor daukat santuaren burua, gero eramanen dut herrira». Demetrio sakristauak hurbil ditu 80ak; santutegia itxita dago, baina prest ageri da guri atea zabaltzeko. Nongoak garen galdetu eta berehala egin dugu txama, geure familiaren erdia du ezagun, Ollobarrenera ezkondu zen anaia zena; Lokiz aldeko ehiza tokiak ez zaizkio arrotzak.

Sorladako dermioan gaude, Gregorio Ostiakoaren basilikan. Santua Logroñon hil zen. Zerraldoa asto baten gainean lotu, eta animalia Sorlada eta Mues arteko Pinalban geratu zen; bertan da egun santutegia.

Ostiakoak sekulako ospea hartu zuen nekazaritzako izurrien kontra. XVIII. mendearen lehen herenean 1.500 herritako ordezkariak hurbildu ziren basilikara Ostiakoaren laguntza eske. Hona errituala: erlikia Gregorioren burua da, zilarrez ezarria; koskolak zulo bat dauka; bertatik botatzen da ura, eta burutik iragazi ondotik azpitik biltzen da. Ostiakoak bedeinkatu ur hori erabiliko da soroetan izurriak uxatzeko. Erlikia mugikorra izatera heldu zen Gregorioren burua, gisa horretan balizko iruzurrak saihesten baitziren.

Hasieran ez dugu santuaren bizitza hizpide hartu sakristauarekin. Basurdeak eta untxiak harrapatzeko maneraz jardun du Demetriok. Tenpluaren barnean gara, eta ehiza kontuak aipagai, bi sakrek ihes egin diote. Hondarrean elizaz solastatu zaigu, Artzapezpikutzari ezten bat bota dio.

Herrira itzuli, eta izeba Bernardinari galdetu diogu: gogoan du Gregorioren burua bertako elizan; itsulapiko gisa ibiltzen zuten bera gazte zenean.

Barantzandiara bidean ikusi dugu Joakin; ezaguna du Demetrio sakristaua. Aurtengo agorraldiarekin amaitzeko Ostiakoaren burua baino zerbait gehiago behar dugulakoan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.