urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Gidoia betetzen

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Bazetorrela, bazetorrela, eta ostiral gauean—Euskal Herrian eta Sirian larunbat goizaldean— iragarri zuen Donald Trumpek bonbardeketei ekin zietela. Baxar al-Assaden eraso kimikoak geldiarazteko erasoak omen ziren, iragan asteburuan Douman egindako izugarrikeriaren ordain. Iaz ez bezala, Washingtonek oraingo honetan Parisen eta Londresen konplizitatearekin jo du Damaskoren aurka, mendebaldeko aliatuen erantzun bateratua erakutsiz erregimenaren aurka. Eta orduan ez bezala, halaber, orain misil-erasoa ez da berehalakoa izan, Doumakoa gertatu eta zenbait egunera etorri baita. Iragarrita zegoen hala erantzun behar zutela Estatu Batuek, eufemismoz noiz eta nola izango zen zehaztuko ez zuela jakinarazi arren Donald Trumpek.

Errusiak gogor kritikatu ditu asmo horiek aste osoan zehar, eta bonbardaketa bera gaitzetsi du gero. Nazio Batuetan salatu zuen joan den asteburuko irudi lazgarria, dozenaka heldu eta ume hilik eta beste hainbat hilzorian ahotik bitsa zeriela, berariaz prestatutako manipulazioa zela. Sare sozialetan zabiltzatenok, ezkerreko lagunek ere antzeko bertsioak zabaldu dituzuela ikusiko zenuten agian, eta beti galdera bera: gerra irabaztear da Al-Assad; zertarako egingo zuen horrelakorik? Gertatzen da, baina, aurreko eraso guztietan erantzun bera eman izan dela, «zein interes daukan Al-Assadek» horrelakoak egiteko, horiek gabe ere garaipen militarrak lortzen ari bada. Eta horrekin batera, Saudi Arabia edo beste herrialderen baten babesa duten militante jihadistek eurek prestatutako erasoa izan ote den, Al-Assadi errua egotzi eta balizko bonbardaketak justifikatzeko. Azken hori bertsio light-a da, erasoa egon bai baina matxinoek eurek gauzatutako izugarrikeria gisa erakutsita. Beste bertsioak—are higuingarriagoa— dena gezurra dela eta ume horiek antzezten ari direla dio. Twitter-en bertxiokatzea edo Facebook-en zabaltzea baino ez da, horren aurretik asteburuko mendi irteera eta segidan lagun arteko bazkaria partekatzen den gisan. Gernika gorriek erre zuten ala Condor-Legioa izan zen txio bidez ebatziko dugu. Hangoari buruz ari gara, baina gure enpatiaz ere asko esaten du itolarrian ageri diren umeak gezurretan ari direla dioten bertsioak horrelako arinkeriaz zabaltzean.

Nik zer uste dudan? Ez daukat elementurik azken eraso kimikoaz mintzatzeko. Iturri asko eta jende asko galdekatuta, agian, iritsi gintezke zerbait jakitera. Agian, horrela ere ez orain bertan. Horren aurrean, gerran jendea hiltzen ari dela ikusten ari naiz. Eta etxeko sofatik jende batek, ezkertiartasunean, «ez zarete benetan hiltzen ari» esaten diela. Horren ostean potentzien jokoa dator, Estatu Batuen erasoaren aurrean «gerrarik ez» esan eta Errusiaren edo Iranen oldarra kritikatzeko gai ez izatea, Washingtonekin eta Riadekin eta jihadisten edo Moskurekin eta Teheranekin eta Al-Assadekin halabeharrez lerratu beharra.

Trump bonbardaketaren berri ematera irten zenean, neurri garrantzitsu bat hartzea erabaki zutela zirudien. Damaskon eta erregimenaren beste gune batzuetan eztanda handiak entzun zirela zabaldu zen atzo goizaldean, eta segidan Theresa Mayk eta Emmanuel Macronek ere bat egin zuten. Handik gutxira, «mission accomplished» iragarri zuen Trumpek, misioa burutu eta helburuak beteta nonbait. «Iraunkortasuna» izan behar omen zuen neurria bere horretan amaitu zen, ustez Al-Assadek jasan zuen aurreko asteburuko krimenaren zigorra. Nazioarteko legedia —eta Estatu Batuetako Konstituzioa, Kongresuaren baimena behar omen dute horrelako erabakiek— urratuta, berriz gogorarazi diote Al-Assadi eta Moskuri nork dituen arma handienak munduan, eta nahi dutenean txikitu dezaketela. Baina era berean, neurria bere horretan amaitzen da. Damaskok eta Kremlinek saltzen dute misilen erdiak baino gehiago atzeman dituztela euren bateriek. Batzuk eta besteak pozik, gidoia bete da. Eraso kimikorik ez dezakeela esan dio Washingtonek Damaskori. Bestelakoak egiteak, airetik barrilak jaurtitzeak edo presondegietan milaka lagun torturatuta hiltzeak —islamistak zein komunistak, denetik dauka erregimenaren biktimen zerrenda luzeak— ez dauka ondoriorik, aspaldi dakite hori.

Geoestrategia kriminal horretan halabeharrez baten edo bestearen alde jarri beharra zentzugabea da. Eta iraingarria, «zureen» krimenen ukazioak ume hilekiko enpatia ere galarazten dizunean. Gainontzean, siriarrak dira hiltzen direnak. Munduko munstro ankerrenaren eskuetan, Trumpen esanetan. Baina munstro anker horri ihes egin nahi diotenei iheserako eskubidea ukatuz, halaber, Washingtonen, Londresen, Riaden zein Moskun.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.