Goiatz Labandibar.
ELE

Ama birjinak

2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Batzuetan, burbuilak sortzen ditugu. Imajinatzen ditugu bizitza idealak. Nahi genituzkeenak. Errealitateari kontestua ezabatzen diogu, guk nahi dugun hori baino ez dakion geratu. Agian, hori guztia gure burua justifikatzeko trikimailu kaxkar bat baino ez da.

Duela sei bat urte Poloniako Wroclaw hirian pasatu nuen abuztua, proiektu bat lantzen. Ordutik, kariño berezia diot hiriari. Proiektua ahalik eta onena izan zedin, Joan-etorriak programako arduradunek zer behar nuen eta norekin egin nahi nuen galdetu zidaten. Nik, mugimendu feminista ezagutzen zuen norbaitekin egon nahi nuela esan nien.

Kontaktu bat pasatu zidaten. Hitzordua egin, eta haren etxeko tinbrea jo nuen bazkalondoren batean. Neska ilemotz batek ireki zidan atea eta barrura sartzera gonbidatu ninduen. Kafesne bat hartu genuen lehenengo, eta garagardo batzuk ondoren.

Tragoek eta ordu batzuetako elkarrizketak ematen duten konfiantza eta ausardia irabazi nuenean, haren sukaldean ikusten nuenari buruz galdetzeko atrebentzia izan nuen. Ama Birjinaren koadroz josita zeuden horma guztiak. Edozein komentutan baino irudi erlijioso gehiago zeuden etxe hartan.

—A, hauek? Goizero, esnatzen naizenean Polonian bizi naizela akordatzeko da.

Izan ere, ahalegina eginagatik, Polonian ezin zara bizi herrialde ultrakatoliko batean biziko ez bazina bezala (gogoratu, bestela, azken egun hauetan iritsi zaizkigun irudi eta albisteez).

Maiz, errazagoa da kanpokoa ikustea. Baina, zozoak beleari ipurbeltz. Eta guk ere baditugu gure kontraesanak eta metaforak, ez ikusiarena egin nahi badugu ere. Gogoratu goizero, esnatzen zarenean, non bizi zaren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.