Manu Lareo. Realeko jokalaria

«Partida serioa jokatu beharko dugu aurrera egiteko»

Rayori irabazi, eta finalerdietan egoteko aukera asko dituztela onartu arren, Manu Lareok ez du uste faboritoak direnik. Aurkaria atzean ondo sartzen den taldea dela nabarmendu du.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Ligan 2-1 galdu zuen Realak Rayoren kontra. Partida «deserosoa» izan zela onartu du Manu Lareok (Gasteiz, 1992), eta gaur, Kopakoa izan arren, antzeko partida espero du.

Nola helduko dio taldeak gaurko kale edo baleko partidari?

Rayo ez dago sasoirik onenean,2019an jokatutako hiru partidak galdu baititu. Gu, berriz, bolada onean gaude. Etxean jokatzeak abantaila txiki bat eman diezaguke, gainera. Baina ez gara fio, eta ziur gaude Rayok zail jarriko dizkigula gauzak. Partida ona eta serioa jokatu beharko dugu aurrera egiteko. Hala eginez gero, aukerak izango ditugu; ni, behintzat, baikorra naiz, taldea ondo ari delako.

Rayo atzean ondo sartzen den taldea da. Pazientzia izango al da kanporaketa gainditzeko gakoetako bat?

Jokatzen hasi arte ez dugu jakingo. Baina lehia partida bakarrera izanda, garrantzitsua izango da aurrea hartzea, eta abantaila ondo kudeatzea. Horrez gain, ligako partidaren irakasgaia dugu. Madrilen jokatu genuen, eta 0-1 aurreratu ostean, 2-1 galdu genuen. Partida osoan jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza gure gain utzi zuten, erosoago jokatzen baitute kontraerasora, batez ere azken minutuetan. Beraz, adi ibili beharko dugu, gaurko partidan antzeko jokoa egin dezaketelako, nahiz aurrean jokalari garrantzitsuak faltako zaizkien.

Partida hartan zertan egin zenuten huts?

Erasoan ez genituen gauzak argi izan, eta zelai erdian ere jokoa sortzea falta izan zitzaigun. Orain, taldeak denboraldi hasierako sendotasuna berreskuratu du defentsan, eta eraginkortasuna eta freskotasuna erasoan. Alaiago jokatzen du, eta bide gehiago ditu erasoko jokoa sortzeko orduan. Hori funtsezkoa da atzean hain ondo ixten ari den talde baten kontra jokatuz gero.

Aurretik jartzea erabakigarria izango litzateke, partida hainbeste ez itxi eta zuek erosoago jokatzeko?

Bai, esan bezala, haiek eroso aritzen dira kontraerasoan, eta, gu aurretik jarriz gero, gehiago arriskatu beharko lukete. Hori guretzat lagungarria izango litzateke. Baina ez dugu burua galdu behar hasiera-hasieratik. Garrantzitsuena aukera garbiak sortzea da, aurrelariak ate aurrean asmatzen ari baikara.

Nahiago duzu kanporaketak partida bakarrera izatea?

Bai. Talde indartsuenen kontra egokituz gero, joan-etorriko kanporaketak gainditzea oso zaila baita. Baina partida bakarrera edozer gerta daiteke, eta gainontzeko taldeoi itxaropen handiagoa ematen digu Kopan balentriaren bat egiteko. Beraz, txapelketari emozio handiagoa eta pizgarri gehiago ematen dizkio. Gainera, uste dut guretzat ere oso ona dela denboraldian liga ez den beste txapelketa bat jokatzea.

Koparen urtea izan daiteke Realarentzat?

Ikusiko dugu. Baina kanporaketahau gainditu, eta finalerdietako zozketan zori apur bat izanez gero... Zergatik ez? Guk ilusio handia dugu. Asko gustatzen zaigun txapelketa da, eta zergatik ez amets egin.

Orkatilan min hartuta egon ondoren, badirudi hobeto zaudela. Nola zaude orain?

Lesioak ez dira sekula onak, eta, gainera, nik min hartu nuen garaia ez zen aproposa izan. Abenduko azken norgehiagokak ez nituen jokatu, eta gero Gabonetako etena etorri zen. Beraz, ia hilabete egon nintzen jokatu gabe. Orain, pixkanaka ari naiz taldera itzultzen, eta espero dut denboraldi hasierako sasoi ona berriz hartzearekin batera hamaikakora bueltatzea. Ez da erraza izango, dena den, lehia handia dagoelako aurrealdeko postuetan, eta gutako bakoitza ditugun aukerak aprobetxatzen ari garelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.