Kurdistanentzat estatus politikoa aldarrikatu dute kurduek Estrasburgon

Abdullah Ocalan buruzagiaren aldeko martxan haren bakartzea amaitzeko eskatu dute milaka lagunek, hura atxilotu eta 21. urtemugan

Estrasburgon (Frantzia) atzo egindako manifestazioaren irudi bat. BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Abdullah Ocalan atzoko egunez atxilotu zuten, duela 21 urte, eta, kartzelan badago ere, bakartuta, kurduen erreferente da oraindik ere, erresistentziaren ikur, bake bidearen aitzindari, konfederalismo demokratikoaren aita. Estrasburgon atzo elkartutako milaka lagunek ozen aldarrikatu zuten libre nahi dutela, baita gainontzeko preso politiko kurduak ere. Martxa Luzearen bukaera ekitaldia zen. Luxenburgon abiatu zuten zeharkaldia, astelehenean, eta atzo beste hirietatik abiatutako taldeekin egin zuten bat. Kurdistanentzat estatus politikoa ere aldarrikatu zuten manifestazioan.

Ocalan, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzailea, 1999tik dago preso. Kenyan atxilotu zuten, baina berehala deportatu zuten Turkiara. Imrali uharteko kartzelan abuztuan elkartu zen bere abokatuekin, bakartzeasalatzeko egindako kanpainari esker. Aurretik, 2016tik, erabat bakartuta eduki zuten. 2011ko uztailaren 27an elkartu zen azkenekoz abokatuekin, eta 2016ko irailaren 11n senideekin.

Kurduek, bada, bakartzea amaitzeko eskatu zuten atzo ere; izan ere, haren atxiloketaren urtemuga protesta eguna da kurduentzat. Giza Eskubideen Europako Auzitegia, Europako Parlamentua eta Europar Kontseilua biltzen dituen hiria aukeratzen dute horretarako, eta, diasporan bizi diren kurduez gain, nazioarteko hamar bat estatutako ekintzaileek ere egiten dute bat protesta ekintzarekin; besteak beste, Euskal Herrikoek.

KNK Kurdistango Kongresu Nazionalak antolatzen du martxa, eta, nazioarteko elkartasuna eskertu zuten erakundeko ordezkariek. Kurdistan zatituta dagoen lau nazioetan kurduak jazarriak direla ere salatu zuten: Bakur (Turkia), Basur (Irak), Rojava (Siria) eta Rojhilaten (Iran).

Zainab Murad KNK-ko kopresidenteak egunkari honi azaldu bezala «kurdu izate hutsa delitua da»: «Bakurren milaka kurdu atxilotu dituzte, udalak eta egoitzak itxi, herriak suntsitu, eraso etengabea da, baita eraso kulturala ere. Basurren independentzia erreferenduma egiteko baldintzarik ez zegoen, eta horren erakusgarri da orduz geroztik gobernu autonomoak lurralde historikoaren ia erdia galdu duela, eta kurduek erretiratu behar izan dutela, errepresioa handitu dela, eta jihadistak eskuratzen ari direla eremu hori. Rojhilaten, berriz, jazarpena itzela da, baita hermetismoa ere. Irango erregimenak torturarekin agintzen du».

HDPren kongresua

Eragile kurduek salatu dute Turkiak azken hiru egunetan ehun kurdu baino gehiago atxilotu dituela, politikariak ez ezik baita kazetariak eta ikasleak ere. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoaren 4. Kongresuaren atarian egin dituzte atxiloketak, alderdiak datorren igandean egitekoa baitu urteko batzarra. Ayse Acar Basaran HDPko diputatuaren hitzetan «genozidio politikoa» da: «Gure alderdia kriminalizatzeko ahalegina egiten ari dira akusazio faltsuekin, baina ez gaituzte beldurtuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.