Goiatz Labandibar.
ELE

Kulero zaharkituak

2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Zuri-beltzeko argazki zaharrak ikustean nahi gabe hasten naiz imajinatzen agertzen direnen bizitzak. Nola zuten izena. Non bizi ziren. Zertaz bizi ziren. Zer gustatzen zitzaien. Zer zuten gorroto.

Lisboan bada kale bat Largo dos Trigueiros izenekoa, Mouraria auzoan. Lisboako kaleek duten xarma hori dauka, dekadentziaren eta edertasunaren mugan. Baina kale honek badu beste zerbait gehiago...

Camilla Watson argazkilariak kale horretan jaio eta bizi diren auzotarrei argazkiak atera zizkien, eta, orain, hormak apaintzen dituzte Dona Antoniak eta Dona Laixadak, Senhor Joaquimek, Aldoncak eta Leonorrek, haiekin bizi diren etxeko katu eta txakurrek... Largo dos Trigueiros nolakoa zen eta nolakoa den kontatu dezaketen bakarrak direlako bertako bizilagunak. Kaleen memoria (historikoa) dira. Izan ere, kale bat ez da bi aldeetara eraikinak dituen espazio fisiko huts bat. Hori baino gehiago da.

Kale bat da arropa zabalduak, kulero zaharkituak eta koloregabetutako maindireak. Txabusinan hondakinak ateratzea. Leihoetako loreak ureztatzea. Kortina atzeko begiratu kuxkuxeroak. Balkoitik balkoirako elkarrizketak. Janari usaina. Herriak eta hiriak humano bihurtzen dituzten ekintza horiek dira kalea.

(Orain, jarri Nao es, tu facultade de sentir, itxi begiak eta gozatu Mikel Laboak kantatutako fado ederraz. Edo, are hobeto, batzuetan bigarren aukerak originala hobetzen duenez, Txinaurriak diskorako Hotelek eta Miren Izak egindako bertsioa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.