Albistea entzun

Exekutibo berria eta gatazka zaharra Kongoko Errepublika Demokratikoan

Bikote bat ibai bat zeharkatzeko txaluparen zain, Kinshasan.
Bikote bat ibai bat zeharkatzeko txaluparen zain, Kinshasan. O. EPELDE Tamaina handiagoan ikusi

Oskar Epelde -

2021eko apirilak 17

Duela hiru urteko hauteskundeen ondoren ezarritako gobernu koalizioaren porrotarekin batera, Felix Tshisekedi presidenteak antsiatu eta laboratu duen zuzenbide estatuaren aldeko «batasun sakratuaren gobernua» heldu da Kongoko Errepublika Demokratikora. Baina ikusteko dago parlamentuko gehiengoaren laguntza izango ote duen bere egitasmoak gauzatzeko orduan. Baliteke agintetik kanpo geratu direla uste duten diputatuek gobernuaren arrakasta blokeatuz neurtzea euren indarra, datorren urteko hauteskundeetan presidentetza aldaketa etor litekeela uste badute behintzat. Gobernu berriak dituen eginbeharren artean dago hauteskundeak antolatzea, eta haien sinesgarritasuna bermatuko duen prozedura sortzea. Oposizioan geratu direnek Tshisekidiri amore eman gabe boterea lortuko badute, libreak behar dute izan bozek.

Emakumeak dira gobernu berriko kideen %27, eta %80, aurpegi berriak. Sama Lukonde lehen ministroak nabarmendu du «bazter politiko ugari» bateratu direla, «jatorri eta ideologia politiko ezberdinetakoak». Guztira, 56 kidek osatzen dute gobernua. Lukondek esan du FCC Kongoko Fronte Komuna eta CACH Cap for Change alderdien arteko koalizioa —Joseph Kabilak zuzendutakoa— historiako atal txar bat izan dela, eta denbora larregi igaro dela gobernu berria osatzeko, eta hau gaineratu du: «Hainbeste eginbehar daukagu, ezen ezin baitugu denbora gehiago galdu». Bi urte eskas ditu aurretik, eta emaitzak lortu behar ditu, ez bakarrik hauteskundeak adosteko, baita beste lehentasunetan ere: justizian, osasunean, hezkuntzan, nekazaritzan, arrantzan eta artzaintzan, ekonomian, azpiegituran eta, bereziki, segurtasunean.

Ipar Kivuko lurraldeetan talde armatuen erasoak etengabeak izan dira Kabilaren aldeko koalizioaren porrotaz geroztik. Gobernu berriak duen erronka erabakigarrienetako bat da zorigaitz horren kurba apaltzea.

Jokamolde ezberdina

Lehen ministroak armadaren barruan gertatu ohi diren funts desbideraketak ikertu nahi ditu. «Jakina da soldadu soilei ez zaiela dirurik iristen, eta zehazki jakin beharra dago zer gertatzen den», esan du. Defentsa ministro Gilbert Kabanda Bukavuko unibertsitate katolikotik dator, baina, jeneral-mediku erretiratua delarik, ondo ezagutzen ditu armadaren barruko prozedurak. Haren lana da, segurtasuna bermatzearekin batera, armada erreformatzea. Baina aurrekontu oso txikia du, eta armadak piramide alderantzikatuaren egitura du, non diru iturriak eta leialtasunak biziki aldakorrak diren. Aldi berean, Armagabetze, Desmobilizazio eta Gizarteratze komunitarioaren programak gabezia itzelak ditu. Etengabeko lana egin beharko litzateke gazteei aukerak eskaintzeko hirietan eta landa eremuetan, talde armatuek aukerarik izan ez dezaten diru promesekin eta konspirazioekin horiek errekrutatzeko.

Sakoneko autokritikak egin behar ditu nazioarteak ere Beni eta Butemboko manifestariek MONUSCO Nazio Batuen Erakundearen Kongorako misioa areriotzat hartu duten honetan. Hamar hildako utzi dituzte manifestazioek. Herritarrak ez babestea leporatzen diote MONUSCOri. Izan ere, oso zabaldua dago Beni eskualdean gertatu diren sarraskiak botere erregional ezberdinen arteko talkaren ondorio diren susmoa.

Lehen ministroa izendatuta, bi hilabete behar izan dituzte gobernua osatzeko. Bide horretan, nabarmentzekoa da emakume bat izendatu izana Justizia ministro: Rose Mutombo. Emakume Kongoarren Adostasunaren Eremuko presidentea ere bada Mutombo. Estatu-kontseiluko magistratua izan da, gainera, eta azken urteetan ikasketa anitz egin ditu atzerrian emakumeen eskubideen aitortza gobernu ereduan sartzeko.

Ingurumen ministro berria, Eve Bazaiba, Basoko eskualdekoa da jatorriz, eta MLC Kongo Askatzeko Mugimenduko kidea orain arte oposizioko alderdi nagusia izan da. Erakunde ekologistek eskari argia egin diote ministro berriari: giza eskubideekiko eta bereziki bertako komunitateen eta oihanetik bizi diren jatorrizko herrien eskubideekiko engaiamendu berri bat. Kongoko Errepublika Demokratikoak lehen mailako baso tropikalen 122 milioi hektarea ditu: hau da, gaitasun izugarria du herrialde garatuenek isurtzen duten karbono dioxidoa xurgatzeko. Jakina da planeta berotzeak eta muturreko klimek ondorio latzak dituztela karbono dioxido gutxien isurtzen duten herrialdeetan, Afrikan bereziki, eta Kongon ere hasiak dira arrisku horri aurre egiteko finantza bideak lortzeko lanetan.

Etorkizuna

Kongo arroaren oihanetan herritarrak basozaintzaren onurak bilatzen dituzte, euren kabuz gizadia eta izadia babesteko. Hurrengo belaunaldiek baliatuko dituzte borroka horren emaitzak. Egur eta mineralen ustiaketak luze gabeko mozkin nabariak ekarri dizkie agintariei orain arte, baina aldi berean kalteak eragin dizkiete basoetan bizi diren herritarrei. Adibide bat jartzearren, arrantza nabarmen murriztu da, meatzaritzak Lohaleko uretan eragiten duen kutsaduraren ondorioz. Gainera, trukean ez dute jasotzen kalitatezko osasun zerbitzurik, ez hezkuntzarik ere. Garraiobideak hobetzea ere eskatu dute zuhaitzak moztu eta ateratzea onartuko badute, baina sinaturiko promesak ez dira bete, eta ezin inori konturik eskatu.

Gerora begirako askotariko ekimenak sortu dituzte herritarrek. Adibidez, Mambasa eskualdean, giza eskubideen aldeko taldeek erreferendum bat antolatu asmo dute Txinako enpresa batek eskualdeko basoan egiten duen jardueraz galdetzeko. Bazaiba ministroarekin itxaropena handiagoa ote den galdetuta, Mambasako John Vuleveryo abokatuak hala dio: «Agian bai, baina gure politikariengan itxaropen gutxi daukat nik». Hala, ikusteko dago ekimenok gobernuaren laguntza izango duten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Bi lagun Israelen bonbek suntsitutako eraikin baten hondakinen artean, atzo, Gazan. ©MOHAMMED SABER / EFE

Gazako setioa gogortu du Israelek, inbasioa hastekotan den honetan

Julen Aperribai

Tel Avivek orain arteko erasorik luzeena egin du, eta tropak lurrez inbaditzeko zain dauzka. Istiluak izan dira Zisjordanian ere, eta hamar palestinar hil dituzte han dagoeneko. Gazan hildakoak 126 dira
 ©BERRIA

«Konstituzioa aldatzen ez den bitartean, egoerak berdin segituko du»

Cecilia Valdez

Txileko konstituzio berria idatziko duen 155 kideko batzordea aukeratuko dute herritarrek gaur eta bihar. Testua aldatzearen alde dauden ezkerreko alderdiak banatuta aurkeztu diren arren, nahikoa babes lortuko duten itxaropena du Atriak.

Israelek ehunka misil bota ditu Gazara, orain arteko erasorik luzeenean

Arantxa Elizegi Egilegor

Dagoeneko 119 palestinar hil ditu Israelek. Ehunka etxebizitza erabat suntsituta daude, eta milaka dira desplazatuak. Zisjordania okupatuan kolono israeldarrak palestinarren etxeetan sartu dira indarrez, eta gutxienez adingabe bat zauritu dute. Su-etena emateari uko egin dio Tel Avivek, eta Egiptoko bitartekaritza taldeak utzi egin ditu hori lortzeko negoziazioak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.