Itxaron zerrendan

Athleticen garrantzi handia izan duten zenbait jokalari apenas ari diren jokatzen Eduardo Berizzoren aginduetara. Entrenatzaileak zelai erdian egin du iraultzarik handiena.

Mikel Balentziaga. JAVIER ZORRILLA-SASCHA STEINBACH-LUKAS BARTH-TUTTAS / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Lan ona egiten denean, ez dago aldatzeko arrazoirik; maila ematen ez denean, aldiz, hobetzeko neurriak hartu behar izaten dira. Athleticek espero baino maila apalagoa eman zuen aurreko sasoian eta agintariek zenbait aldaketa egitea erabaki zuten. Zuzendaritzak teknikaria aldatu zuen, eta zelaiko arduradun berriari eman zion ardura taldean gauzak bere onera bueltatzeko erabakiak hartzeko. Zuri-gorriek ligako bi partida baino ez dituzte jokatu, eta oraindik goiz da behin betiko ondorioak ateratzeko, baina Eduardo Berizzoren lehen erabakiek argi eta garbi erakutsi dute sormen lerroan atzeman duela taldearen gabezia nagusia: Mikel San Jose, Ander Iturraspe eta Beñat Etxebarria dira kaltetuenak, baina ez dira bakarrak. Azken urteotan ordezkaezinak ziruditen askok aurrerapausoa eman beharko dute lekua ez galtzeko.

BEÑAT ETXEBARRIA

Nahi eta ezin

Berizzok Bilbon lur hartu aurretik, Beñatek (Igorre, Bizkaia, 1987) zailtasunak zituen hamaikakoan lekua izateko; Kuko Zigandaren aginduetara Ernesto Valverderekin baino dezente gutxiago jokatu zuen, pubiseko lesio batek ez ziolako maila ematen utzi, besteak beste. Baina ebakuntza egin zioten, eta, taldera bueltatu arren, gutxi jokatu zuen sasoiaren bigarren zatian; ez zen aurreko urteetako Beñat izan. Berizzorekin gauzak aldatu egingo zirela uste zen, argentinarrak gustuko baititu dohain teknikoak dituzten erdilariak. Protagonista izan gura du, eta horretarako ezinbestekoa da baloia izatea. Beñat futbolari aproposa da jokamolde horretarako, baina, Berizzoren apustuan, baloia izateak adina garrantzia dauka jokalariak hara-hona ibiltzeak. Arlo fisikoan asko eskatzen du. Erritmo handian jokatzea eskatzen du, eta, horretarako, prest egon behar da. Oraingoz, Beñat ez du horretarako gertu ikusten. Horrez gain, Iker Muniain erditik jartzeak ere ez dio mesederik egin. Lehiakortasuna areagotu du.

MIKEL SAN JOSE

Hirugarren aukera da

Taldeko zutabea zen Mikel San Jose (Atarrabia, Nafarroa, 1989), baina, egun, atzelarien aurretik jokatzeko hirugarren aukera da. Dani Garciak indartsu ekin dio zuri-gorriz hasi duen ibilbideari. Zumarragakoaren jokoak bete egin du entrenatzailea. Taktikoki ona da, eta erraz jokatzen du baloia oinetan duenean. Ez du arriskurik hartzen. Lehen bi partidetan ikusitakoaren arabera, Iturraspe da postu horretan aritzeko bigarren aukera, eta San Jose hirugarrena. Ondorioz, harmailatik ikusi behar izan ditu lehen bi partidak. Klubak aulkirako egin duen apustuak berari egin dio kalterik gehien; izan ere, aintzat hartuta Berizzok Sevillan eta batez ere Celtan zelairatzen zituen erdilarien ezaugarriak, San Jose da bere gustuetatik gehien aldentzen dena. Halere, nafarrak ez du etsiko, une latzagoak gainditutakoa da eta. Gorabehera gutxiko futbolaria da, eta prest egongo da taldeak behar duenerako. Liverpooletik Lezamara itzuli zenetik, entrenatzaile guztiekin jokatu du.

MIKEL BALENTZIAGA

Yuriren itzalpean

Defentsako ezker hegala da azken hamarkadan Athleticen zeresan gehien eman duen postua. Leku horretan jokatu duten jokalari guztiak lupaz aztertu dituzte; Mikel Balentziaga (Zumarraga, Gipuzkoa, 1988) izan da horietako bat. Kosta egin zitzaion Athleticen lekua hartu eta segida izatea. Jokalari langile eta saiatua da, defentsan oso sendoa, eta nekez galtzen ditu lehiak bere parekoarekin. Erasoan, ordea, gehiago kostatzen zaio. Halaber, oso estimatua da taldekideen artean. Valverdek behin baino gehiagotan nabarmendu zuen bere jarrera. Ondo bete du bere lana azken urteotan,baina klubak asko igo dio lehiakortasunaren langa. Azken sasoietan, ia bermatuta izan du postua. eta ez du kontrario indartsurik izan. Baina denboraldi honetan bere mailari beste pausu bat ematera behartuko dion aurkari bat ekarri diote: Yuri Berchiche. Zarauztarra taldearen maila hobetzeko fitxatu dute; apustu segurua da. Gainera, Berizzoren gustukoa da. Gauzak aldatu ezean, denboraldi gaitza izango da Balentziagarentzat. Hala ere, baleko futbolaria da Athleticentzat: batetik, eguneroko beharrean daukan guztia emango duelako; jokatu edo ez, haren entrenatzeko gaitasunak ez du behera egingo, eta horrek taldeari mesede egingo dio. Bestetik, aukera ematen diotenean, maila emango du.

UNAI NUÑEZ

Laugarren erdiko atzelaria

Deigarria izan da izen handiko beteranoak harmailan ikustea, baina beste batzuk ere hobetu beharra daukate hamaikakoan lekua berreskuratu gura baldin badute: Unai Nuñezek, esaterako (Portugalete, Bizkaia, 1997). Maila nagusian hasiberria izan arren, Ligako ia partida guztiak jokatu zituen aurreko sasoian; maila ona eman zuen, baina ez da nahikoa izan teknikari berria konbentzitzeko. Bazirudien Iñigo Martinezen lesioak lekua bermatuko ziola hamaikakoan, baina Berizzok Peru Nolaskoainen aldeko apustua egin du. Hortaz, gaur-gaurkoz, taldeko laugarren erdiko atzelaria da, Iñigo Martinezen eta Yeray Alvarezen atzetik.

Bestalde, badirudi Iñigo Lekuek ere gauzak zail izango dituela. Hegaleko atzelaria min hartuta dago, baina lesionatu aurretik ere ez zen entrenatzailearen asmoetan sartzen. Ezta Cristian Ganea ere. Errumaniarrak goi mailako futbolak eskatzen duen erritmoa hartu behar du jokatzeko aukeraren bat izateko. Mikel Ricoren lekua zein den ere ez dago argi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.