«Meritu latza du»

2020ko ekainean erremontearen jarduna berriz hasi zenetik, sei txapelketa jokatu dira, eta Javier Urrizak guztiak irabazi ditu. Gaur zortzigarren txapela jantzi nahi du buruz buru, Endika Barrenetxeari nagusituta. Imanol Ansak eta Jagoba Labakak Urriza goratu dute, eta faboritotzat jo dute.

Javier Urriza, jarrera ikusgarrian, aurtengo Buruz Buruko Txapelketan jokatutako partida batean. MAIALEN ANDRES.
Julen Etxeberria.
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Non txapela, han Javier Urrizaren burua prest(Iruñea, 1981). Erremontista nafarrak bolada ikusgarria darama duela urtebete pasatxo berriro erremontearen jarduna hasi zenetik. Sei txapelketa edo torneo jokatu dira, eta guztiak irabazi ditu. Banaka zein binaka, torneo luze zein laburretan, denetan gailendu da. Galarretaren 50. Urteurrenaren torneoa lehenbizi, Aritz Zubirirekin; Banakakoa gero; Binakakoa jarraian, Jagoba Labakarekin; Mastersa ondoren; Sagardoaren Txapelketa segidan, Ibon Zalduarekin; eta San Fermin torneoa amaitzeko, Joxin Aizpururekin. Horra, hurrenez hurren, iazko ekainetik hona bildu duen uzta ederra.

Gaur bolada ikusgarri horri segida eman diezaioke, eta ez nolanahi. Buruz buruko txapela irabazteko aukera du. Endika Barrenetxea izango du aurkari finalean, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian (15:15, ETB1). Nagusituz gero, zortzigarren txapela luke Urrizak, zortzigarrena azken hamar urteetan —final guztiak jokatu ditu—. Irabazita ere urrun luke oraindik Koteto Ezkurra, 11 txapelarekin. Baina itzela da egiten ari dena, berandu hasi baitzen erremontean: 25 urterekin debutatu zuen; Ezkurrak, adibidez, 16rekin egin zuen estreinakoa. Palan aritu zen aurretik Urriza, bikain aritu ere, bitan izan baitzen munduko txapeldun afizionatuetan.

«Meritu latza du»: Esaldi bera aipatu dute Imanol Ansa (Urnieta, Gipuzkoa, 1995) eta Labaka (Azpeitia, Gipuzkoa, 1991) erremontistek Urriza egiten ari denaz galdetuta. «11 txapel irabazita, Koteto da erregea, baina izugarria da Urriza egiten ari dena. Makina bat urte darama punta-puntan, eta, hori lortzeko, oso indartsua izan behar da sasoiz eta buruz. Ia 40 urterekin, gailurrean dago oraindik. Txapeldun handia da, zalantzarik gabe», dio Labakak.

Urrizaren hastapenei erreparatu die atzelari azpeitiarrak lortzen ari denari indar handiagoa emateko: «Berandu hasi zen erremontean. Oso zaila da diziplina batetik bestera pasa eta horretara moldatzea. Baina Urrizak azkar egin zuen, bikain egin ere. Orain baino maila handiagoa zegoen orduan: Koteto, Zeberio, San Miguel... erremontista oso onak zeuden, eta guztiei irabazteko gai izan zen».

Ikuslearentzat plazera da Urriza kantxan ikustea. Aurkariarentzat, ordea, sufrikarioa: «Etsigarria da haren aurka jokatzea. Dena perfektu egitera behartzen zaitu, hasi eta buka. Zergatik? Hark ez baitu ezer oparitzen, are gutxiago partida garrantzitsuetan, zerbait jokoan dagoenean. Horietan gehienez bat edo bi huts egiten ditu, gehiago ez. Eta horrek mugara eramaten zaitu partida osoan, presaka jokatzera eta gehiegi arriskatzera», azaldu du Ansa II.ak.

«Etsiarazi egiten dizu»

Barru-barrutik atera zaio nola izan ohi den Urrizaren aurkako ohiko tanto bat: «Egundoko kolpea ematen duzu, eta zeure buruari esaten diozu baietz, seguru tantoa dela. Baina Urrizak pilota bueltatzen dizu; jarraian, beste kolpe on ematen duzu, eta zeure buruari esaten diozu hau baietz, hau ziur tantoa dela, seguru ez duela itzuliko. Eta hara non bueltatzen dizun berriz pilota Urrizak. Desesperatzen hasten zara, eta hirugarren ahaleginean, gehiago arriskatzen duzu, eta kale egiten duzu. Eta Urrizarentzat da azkenean tantoa. Etsigarria da». Traktore batekin alderatu du: «Nire kasuan, hasieran, txisparekin aritzen zara; normala da, hura baino askoz gazteagoa bainaiz. Baina oso zaila da txispa horri partida osoan eustea, eta uneren batean behera egiten duzu, eta hor azaltzen da Urriza traktore baten moduan, taka-taka, tantoak bata bestearen atzetik lortzen. Oso erregularra da. Apenas du gorabeherarik».

Erremonteak ere ez du sekreturik Urrizarentzat, aurrelari urnietarraren arabera: «Erremontea oso kirol teknikoa da, eta hark bikain menperatzen du. Horri esker estaltzen du indarra galdu izana. Orain hain kalitate eta eskarmentu handia duenez, zalantza dut ea 25 urteko Urrizak oraingoari irabaziko ote zion».

Baina jokatu bakarrik ez, jokarazi ere egiten du: sei aldiz irabazi du binakakoa, sei bikotekide ezberdinekin. Labakak «asko» eskertu dio elkarrekin jokatu eta irabazitako azken binakakoan eman zion babesa: «Gozamena da hura bikotekide izatea. Kantxan, izugarri laguntzen dizu: defentsa bikaina izanik, pilota zail asko kentzen dizkizu, eta une oro animatzen zaitu. Eta kantxatik kanpo ere oso pertsona ona da, jatorra, gertukoa. Txantxak egiten ditu, baina baita onartu ere. Giro ona sortzen du».

Ados daude: Urriza da faborito gaur. Ansa II.ak argi du: «Ia doblean». Labakak ez du horren sendo erantzun: «Endikak oso ondo sakatu du azken bi partidetan, eta min egin diezaioke». Aurrelariak ere azpimarratu du sakeak «garrantzi handia» duela buruz burukoan. Hain zuzen, finalerdian Barrenetxea IV.aren sakeari erantzun ezinik ibili zelako geratu da hura finaletik at. Baina argi du ondo sakatu baino gehiago egin beharko dela Urrizari irabazteko. «Haren jokoan irabazi behar zaio. Endikak lortu zuen 2019an, une gozoan baitzegoen. Baina Urriza da faborito».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.