Urrezko hizkiz idatzita geratuko den urtea

Reala distiratsu aritu da aurten. Espainiako Kopako garaikur bat eskuratu du, Europarako sailkatu da, eta taldea gehiago indartu du. Sendotzeko bidean urratsak egiten ari da kluba, eta horrek eragin zuzena du gizonezkoen lehen taldean.

Mikel Oiartzabal Realeko kapitainetako bat, Espainiako Kopako titulua jasotzen, taldekideekin batera. JULIO MUÑOZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Realeko zaleek ez dute berehalakoan ahaztuko 2021. urtea. Klubeko talde nagusiak eta harrobikoak ondo aritu dira, eta gizonezkoen lehen taldeak distira berezia egin du: Espainiako Kopa irabazi du, Europarako sailkatu da bigarren urtez jarraian, eta sendotzeko bidean urratsak egin ditu. Luze iraungo duen aurrerako jauzia izatea nahi dute.

TXAPELDUNAK BERRIZ ERE

Realak garaikur bat eskuratu du aurten, 34 urteren ondoren. Txuri-urdinek 2019-2020ko sasoiko Espainiako Kopa irabazi zuten joan zen apirilaren 3an, Athleticen aurkako derbian. Donostiarren egungo proiektuak goia jo zuen egun hartan, historiari data garrantzitsu bat gehituz. Urtea markatu duen gertakaria izan zen. Mikel Oiartzabalek 63. minutuan penaltiz egindako golak eman zion garaipena Realari. Asier Illarramendik jasotako garaikurrak poz eztanda bat zabaldu zuen bazterretan: «Txapeldunak, txapeldunak!» oihukatzeko ordua ailegatu zen, halako batean.

LIGAN, GOIKO POSTUETAN

Espainiako ligan ere gozo ari da Reala. Joan zen sasoian, aurrekoan bezala, azken unean lortu zuen helburua: Europarako sailkatzea. Bigarren urtez segidan, Europa ligarako urratsa egin dute txuri-urdinek. 2021-2022ko sasoia ere bikain hasi zuten; zenbait jardunalditan lehen postuan egonda. Horretan zerikusi zuzena izan du ligan hamabi partida segidan galdu gabe egoteak.

Abenduan, ordea, beherakada handia izan du Realak, eta ordaindu egin du hori. Hori izan da urtearen alderdi ilun bakarrenetakoa. Gauza bera gertatu zitzaion iazko abenduan ere. Halako txakalaldiek baldintzatu dezakete etorkizuna, Europarako sailkatzea ohiko bilakatu nahi duen talde batentzat.

Kontuak kontu, txuri-urdinek Europako postuetan agurtukodute urtea, eta ondo kokatuta ekingo diote sasoiaren bigarren zatiari. Aukera denak zabalik dituztela.

EUROPAN, URRATSA NAHI

Bestelako kontua da Europa ligako lehia. Bi aldietan azken partidan gainditu du multzoen fasea. Iazko abenduan, 93. minutuan egin zuen aurrera, Napoliren aurka, baina otsailean kolpetik eten zitzaion ametsa. Final-hamaseirenetan, joaneko partidan astindu egin zuen Manchester Unitedek (0-4), Turinen (Italia), eta itzulerakoan sailkatzetik urrun geratu zen Reala (0-0).

Hor du epe laburrerako erronka: Europan lehiakorrago izatea. Aurtengo sasoian, PSVri aise irabazita (3-0) igaro du multzoen fasea, eta datorren otsailean ekingo die final-hamaseirenei, Leipzigen aurkako kanporaketan. Europa ligan aurrera segitzea litzateke klubaren sendotasunaren erakuslerik behinena. Hobetzeko tarte handia du hor.

ZUBIETA ETA IZARRAK, BAT

Realaren sendotzearen adierazle argia da lehen taldea. Orain gutxi elastiko txuri-urdinez jantzita ikustea pentsaezina zen zenbait jokalari donostiarrekin ari dira egun: David Silvaren eta Natxo Monrealen kasua da. Aste honetan bertan, goi mailako beste futbolari bat batu da proiektura: Rafael Alcantara, Rafinha, Paris Saint Germainek utzita. Denboraldia amaitu bitarte egongo da utzita.

Haiez gain, beste zenbait izar donostian loratu dira: Mikel Merino, Alexander Isak eta Robin Le Normand, kasurako. Aldiz, Zubietak bere fruituak ematen segitzen du: Mikel Oiartzabal da taldeko erreferentea, Igor Zubeldia, Aritz Elustondo edota Martin Zubimendi dira horren adibide.

Gainera, Zubietako faktoriak etenik gabe fabrikatzen ditu jokalariak. Imanol Alguacil entrenatzaile denetik, hamasei jokalari estreinatu dira lehen taldearekin, eta haietako zenbait, 2021. urtean. Jon Karrikaburu, Jon Ander Olasagasti, Julen Lobete, Urko Gonzalez de Zarate eta Beñat Turrientes dira horren adibide, eta bigarren taldeko German Valerak eta Cristo Romerok ere jokatu dute.

IMANOLEN BURU-BIHOTZAK

Imanol Alguacil da jokalari guzti-guztien gidaria. Teknikari oriotarrak bere toki propioa eskuratu du Realaren historian. Pasioaren eta arrazionaltasunaren arteko orekak egonkortu egin du postuan. Beste prestatzaileen kaleratzeak ordeztuz ekin ziona bere merituei esker jabetu da Anoetako aulkitxoaz. Imanolek ulertu egiten du Reala, bizi egiten du, eta horrek urrats sendoak egitea ahalbidetu dio. Hala esan zuen Jokin Aperribai presidenteak behin, BERRIAk egindako elkarrizketa batean: «Realak eduki dezakeen entrenatzailerik onena da».

BEHE MAILETAKOAK, GOIAN

Realak bizi duen onaren erakusle dira harrobiko taldeak ere. Bigaren taldea, Reala B,Espainiako Bigarren Mailara igo da aurten. Moxalek historiako hirugarren sasoia dute kategoria horretan, eta, gaur egun, mailari eusteko borroka betean daude. Gaur Eibarren kontra jokatuko dute.

Realaren hirugarren taldeak ere mailaz igotzea lortu du 2021ean. Espainiako Federazioaren bigarren mailan ari da, eta bigarren postuan dago, lidergotik puntu bakarrera.

INOIZKO BAZKIDE GEHIEN

Klubaren onbideak suspertu egin ditu zaleak, eta horren adibide da Anoetan egon ohi den giroa. Realak inoizko bazkide gehien du orain: 37.316. Donostiako estadioa bere mugara ailegatzen ari da. Aperribai presidenteak jakinarazi zuenez, 37.500 lagun biltzen direnean ez da gehiagorentzat lekurik egongo. Anoetak 39.500 lagunentzako tokia du.

Kontuak horrela, Realak bazkideekin soilik bete dezake estadioko edukieraren %94,7. Presidenteak agintea eskuratu zuenetik dituen xedeetako bat bete du horrenbestez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.