«Pilotak irabazi du»

«Oso pozik» daude Jon Ander Albisu, Aimar Olaizola eta Jokin Altuna, Baikoren eta haren pilotari gehienen arteko gatazka amaitu delako. «Gogotsu» daude ohiko jardunari berriz ekiteko.

Pilotari bat, pilota bat eskuetan duela, aukeraketa batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Baiko enpresako hamabost pilotari grebalariek Enpresen Ligarekin adostutako akordioak arnasa eman dio eskuz pilota profesionalari. Itolarrian baitzegoen. Hitzarmen horrek amaiarazi egin du azken hilabete eta erdian pilotaren zutabeak dardarka jarri dituen lan gatazka. Bihartik aurrera, ohiko jardunari ekingo diote berriz ere pilotari guztiek. Frontoian izango dute arreta osoa, eta ez bulego eta epaitegietan. Guztiek nabarmendu dute bazutela «horren beharra».

JON ANDER ALBISU Baikoko pilotaria

«Egin ditugun sakrifizioekmerezi izan dute»

«Dena barneratu nahian» dabil Jon Ander Albisu (Ataun, Gipuzkoa, 1990). «Lanak» ditu «sinesteko» amaitu dela azken asteetan «hamaika buruhauste» eragin dizkion gatazka. «Oso pozik gaude». «Pozik» dago adostutakoarekin, nahiz eta zehaztu ez dutela lortu eskatutako guztia. «Baina bi eskaera nagusi genituen: bata, enpresa utzitako lau pilotariei beste kontratu bat eskaintzea; eta bestea, gutxieneko soldata bat zehaztea. Oso gustura gaude bi eskaera horiek lortu ditugulako».

Aitortu duenez, «momentu gogorrak» pasatu dituzte azken asteetan. «Ez genuen besterik buruan, eta nekagarria izan da. Bizpahiru aste egin genituen ez aurrera ez atzera, baina, pixkanaka, aurrera egin genuen, eta horrek itxaropena piztu zuen gugan. Azkenean, lortu da akordioa».

«Oso argi» du: «Merezi» izan du. «Guk hasieratik argi genuen batuta egonez gero gauzak lor genitzakeela. Une gogorrak egon dira, erabaki zailak hartu behar izan ditugu, eta gauza asko utzi behar izan ditugu bazter batean. Baina enpresak azkenean ikusi du enpresa pilotariek osatzen dutela».

Bazter batean utzitakoen artean dago, adibidez, binakakoaren finala jokatzeko aukera. «Ez dizkiot buelta asko eman horri. Argi nuen kolektiboarentzat onenak ziren erabakiak hartu behar zirela. Une horretan, nireari bakarrik begiratuta, banuen aukera greba ez egiteko, baina kolektiboarentzat onena zen partida ez jokatzea. Zaila izan zen, hamar urte baitaramatzat pilotan eta oso gutxitan izaten baita final bat jokatzeko aukera. Sakrifizio handia izan zen partida ez jokatzea, baina merezi izan du. Merezi izan du pilotari gazteei erakusteko bat eginda lor daitezkeela gauzak. Guk haiengatik egin dugu». Hala ere, espero du akordioa lortuta finalerdietako partida jokatzeko aukera izatea. «Itxaropentsu» dago.

Bitartean, jokatzeari ekingo dio berriro, hiru aste luzez geldirik egon ostean. «Gehien galdu duena pilota izan da, eta, akordioa lortuta, hark irabazi du gehien. Ahal duguna egingo dugu pilotazaleak berriro erakartzeko».

AIMAR OLAIZOLA Baikoko pilotaria

«Mikelek eta biok ez dugu iritzia aldatu; egitasmo berri bati baietz esan diogu »

Aimar Olaizola ere (Goizueta, Nafarroa, 1979) «oso pozik» dago akordioarekin. «Iritsi beharra zuen, egoera oso txarra baitzen. Garrantzitsuena zen aurretik gaizki egindakoak eta esandakoak bazter batean uztea eta irtenbide bat bilatzea. Eta lortu da. Inori ez zaio dominarik jarri behar».

Azaldu duenez, «espero baino gauza gehiago» lortu dituzte. «Pilotarien elkarte gisa Enpresen Ligarekin bildu ginenean adostea oso zaila zirudien zenbait puntu adostu dira; adibidez, Baiko utzitako lau pilotariei beste eskaintza bat egitea. Baikoko pilotarien kolektiboak funtsezkotzat jo zuen hori, eta hori ere lortu da. Gainera, bi enpresetako pilotari guztientzako hitzarmena da. Oso pozik gaude. Albiste ona da pilotarentzat. Hura ari zen gehien galtzen. Orain, egoerak normaltasunera joko du. Beharra bazegoen, are gehiago COVID-19a eragiten ari den kaltea kontuan hartuta».

«Nahiko deseroso» bizi izan du dena. «Nahiz eta pilotarien kolektiboan ez egon, enpresakideak bazeuden, eta denoi eragiten zigun egoerak. Denok egon gara nahiko deseroso. Binakakoa bete-betean egon arren, ez zen lehiaz hitz egiten. Nahiko nekatuta nengoen horrekin. Horregatik, onartu egin genuen Mikelek [Urrutikoetxea] eta biok Jokinek [Altuna] eta Josebak [Ezkurdia] proposatutako elkartearekin bat egitea. Beste bide bat bilatzeko aukera emango zuen, eta hasieratik ikusi genuen ligak aintzat hartzen zituela gure eskaerak».

«Ondo» eraman du egoera. «Kritikak egon ohi dira talde handi batekin bat egiten ez duzunean. Baina ni oso lasai egon naiz, eta, orain ere, oso lasai nago. Mikelek eta biok hasieratik argi utzi genuen zein zen gure iritzia, eta ez da aldatu. Ez geunden ados kolektibo horrek hasieran eginiko zenbait planteamendurekin, ezta jokatu zuen moduarekin ere. Orain, haietako batzuekin hitz egin ostean ere, berdin pentsatzen dut. Guk ez dugu iritzia aldatu; egitasmo berri eta ezberdin bati esan diogu baietz, hots, pilotarien elkarteari».

Ez dio jokatzeari utzi, baina «gogoz» dago ohiko jardunari ekiteko. «Ni jokatzen aritu naiz, baina pena ematen zidan enpresakide eta lankideak jokatu gabe ikusteak». Ez du uste pilotarien arteko giroak okerrera egin duenik. «Ez dago motiborik. Bakoitzaren iritzia errespetatu behar da. Nik haiena errespetatzen dut, eta espero dut haiek nirea errespetatzea. Eta berriro diot: garrantzitsuena da asteburu honetan berriro hasiko garela denok jokatzen».

JOKIN ALTUNA Aspeko pilotaria

«Ezin ditugu orain eskuak garbitu. Denok egin behar dugu autokritika»

«Lasaitu latza hartu dugu». Ezer galdetu baino lehen atera zaio Jokin Altunari aitorpena (Amezketa, Gipuzkoa, 1996). «Sekulako gogoa genuen guztiok hau bukatzeko. Ea hemendik aurrera pilotan jokatzean eta entrenatzean soilik dugun burua. Azken egunak ez dira batere errazak izan».

«Oso pozik» dago akordioarekin. «Nik uste dut Baikoko pilotariek sinatuko zutela horrela bukatzea. Gauza on asko lortu dira pilotari guztiontzat, baina batez ere haientzat, eta debuta egingo dutenentzat. Gu pozik gaude gure entrenatzeko erarekin, baina haiek ez genituen gustura ikusten. Denok antzeko baldintzatan egotea nahi genuen. Eta lortu da, baita beste hainbat gauza ere».

Berriro gogoratu du «aspalditik» zetorrela dena. «Mastersa aurkeztu zenean esan nuen gauzak ez zirela ondo egiten ari, eta kezkatuta nengoela. Hasieran, beste enpresako gatazka baten modura ikusi genuen, baina dena korapilatuz joan zen, eta pilota osoari eragin zion. Guk bustitzea erabaki genuen. Hau da egin nahi genuen bidea. Ea eusten diogun».

«Oso lasai» dute kontzientzia hark eta Ezkurdiak, baina berriro azpimarratu du ez zirela nahi bezain ondo azaldu elkartea sortzeko agirian. «Jende askok ulertu zuen atzera egiten genuela, eta hori ez da horrela. Baina gero, pilotari guztiekin bildutakoan, argi geratu zen gure asmoa ona zela».

Haren ustez, kirolari batek eskertu egiten du bere lana izatea bakarrik buruan, eta hark eta Ezkurdiak ezin izan dute hori egin azkenaldian. «Gutxi egin dugu lo, eta sakelakoaren mende egon gara beti. Grebalariek askoz denbora gehiago egin dute horrela; beraz, haiek ere sekulako gogoa izango zuten hau bukatzeko».

Aurrera begira jarrita, argi du gauzak «ondo» egin beharko dituztela. «Halako egoera batera iritsi ondoren, ezin ditugu eskuak garbitu. Denok egin behar dugu autokritika, eta zertan hobetu dezakegun hausnartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.