Albistea entzun

Uzta oparoa, eta giroa paregabea

Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek launa Grand Slam irabazi dituzte, baina frontoietako giroa izan da zesta-punta denboraldiko «albisterik onena» haientzat. Azaroan Mexikon jokatuko den Munduko Txapelketarako prestatzen ari dira.
Imanol Lopez eta Aritz Erkiaga Donibane Lohizuneko Grand Slam torneoan.
Imanol Lopez eta Aritz Erkiaga Donibane Lohizuneko Grand Slam torneoan. DONIBANE LOHIZUNEKO NAZIOARTEKO TORNEOA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Berastegi -

2021eko urriak 20

Erkiaga eta Lopez, Lopez eta Erkiaga. Elkarrekin edo elkarren aurka. Buruhauste handirik ez dute izan denboraldiko zesta- puntako finaletako afixak egin dituztenek, bi puntista horiek ia final guztiak jokatu baitituzte. Udako sasoiko dominatzaileak izan dira Aritz Erkiaga (Ispaster, Bizkaia, 1987) eta Imanol Lopez (Zumaia, Gipuzkoa, 1984). Euskal Herrian lau Grand Slam final jokatu ditu bakoitzak, eta hiruna garaipen lortu dute. Miarritzen eta Donibane-Lohizunen (Lapurdi) elkarrekin lortu zuten txapela, eta Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Gernikako (Bizkaia) finaletan indarrak neurtu zituzten: azken horretan, Unai Lekerikarekin bikotea osatuz, Erkiaga nagusitu zen, eta, Hondarribian, berriz, Jokin Arberekin, Lopez izan zen garaile. Ez hori bakarrik: Euskal Herritik kanpo jokatu den Paueko (Okzitania) Grand Slama ere elkarrekin jokatuta irabazi zuten.

«Ezin naiz kexatu. Asko disfrutatu dut, eta emaitzak oso onak izan dira», dio Lopezek. «Emaitzen aldetik denboraldi borobila izan da. Baina, joko aldetik, ez dut nire onena eman», azaldu du Erkiagak. Hondarribian jokatu zen denboraldiko azken Grand Slama, eta Arbe eta Lopezek hiru setetan menderatu zituzten Erkiaga eta Nicolas Etxeto. «Ez dakit Hondarribian aritu ote naizen ondoen sasoi honetan. Argi dagoena da oso ondo sentitu naizela uda osoan. Grand Slam guztiak bereziak dira, baina denbora zen Hondarribian garaipen handi bat lortzen ez nuela», hausnartu du zumaiarrak.

Erkiagak, berriz, Gernikako txapelketa preziatua lehen aldiz irabazi du. «Unerik onena Gernikako txapelketa irabaztea izan da. Unai Lekerikarekin oso harreman ona dut, eta, duela urte batzuk txapelketa hasi eta berehala kanporatu gintuztenez, berriz ere elkarrekin jokatzeko gogotsu geunden». Emaitza aldetik bere ibilbideko «denboraldirik onena» izan den arren, zapore «gazi-gozoarekin» amaitu du: «Nire helburua irabaztea eta ikuskizuna ematea da, eta bigarren hori ez dut lortu. Zesta-punta dagoen moduan egonda, ikusleari ikuskizuna eman behar zaio. Ikusleak irabazi behar du, etxera gustura joan. Hurrengoetan ea gehiagotan egin dezakedan hori».

Iparraldeko eta Paueko txapelketan aritu dira batera Erkiaga eta Lopez, eta hiruretan garaile izan dira. «Imanolekin jokatzea oso erraza da. Atzeko koadroetako puntista onena da, alde handiz. Faborito izatearen presioa nabaritu genuen batzuetan, nahi baino gehiago ere sufritu genuen, baina Imanolekin errazagoa da», esan du Erkiagak. Lopezek ere Erkiagaren inguruko hitz onak baino ez ditu: «Pilotari bikaina da, aurreko koadroetako erreferentea. Merezi zuen uda izan du azkenean. Aritzekin hiru Grand Slam jokatu eta irabaztea polita eta erraza izan da».

Emaitzak emaitza, bi puntistek argi dute frontoietan izandako giroa dela denboraldiko gauzarik onena. «Bai, dudarik gabe. Gernikakoa, adibidez, gozamena izan da. Ipar Euskal Herrian ere frontoiak bete diren arren, turista gehiago dago harmailetan, eta giroa bestelakoa da». Erkiagak esandakoari hausnarketa hau gehitu dio Lopezek: «ETBk zesta-puntuaren alde egin duen apustua nabarmentzeko modukoa da. Frontoia betez gero, 1.500 pertsona dauzkazu. Telebistaren laguntzari esker, agian, 200.000 lagun gehiago lortzen dituzu. Gure kirolaren sustapenean asko laguntzen du horrek». Eta bide horretatik jarraitzea nahiko luke: «Ea etorkizunean emankizun gehiago egiten diren, eta ordutegi garrantzitsuetan. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, Canal+ kateari esker, hamabost edo hogei bider lagun gehiagorengana iritsi gara. Kirol honi indar handia ematen dio horrek».

Zesta-punta indartzen jarraitzeko makulu nagusietako bat telebista da, baina bestea, pilotarien koadroa eta egutegia handitu eta zabaltzea. Ahalegin horretan, Floridako (AEB) Dania Jai Alai pilotalekuaren itxierak eragin positiboa izan dezake Euskal Herriko zirkuituan. «Koadroa handitzearekin batera, txapelketa guztiak bi hilabetean jokatu beharrean egutegi zabalagoa egiteko aukera izan dezakegu. Horrez gain, torneoak hobeto sustatu behar ditugu. Enpresak gehiago inbertitzera bultzatu behar ditugu», azpimarratu du Erkiagak. Kirol arloan, Lopezen ustez, «lehiakortasuna handitzea» dakar horrek, eta hori «positiboa» izango dela iritzi dio.

Mexikora begira

Urtea amaitu arte beste hainbat txapelketa eta jaialdi jokatzea espero dute biek ala biek: Berriatuan (Bizkaia), Zumaian eta Gernikan, adibidez. Baina hurrengo txapelketa nagusia azaroaren 15etik 20ra bitartean Tolucan (Mexiko) jokatuko den Munduko Txapelketa izango da. Espainiako selekzioaren lehen zerrendan daude Erkiaga eta Lopez, eta mimo handiz ari dira txapelketa prestatzen. «Maiatzetik ari gara horretarako lanean. Sasoiko gaudela esango nuke, eta jokatzeko gogotsu. Ea itxura ona eman dezakegun. Hilabete dugu orain prestaketarekin jarraitzeko», esan du bizkaitarrak. «Urte guztia daramagu lanean hautatuen artean egoteko. Gogo handiz gaude jokatu eta emaitza polit bat lortzeko», gaineratu du gipuzkoarrak. Biak elkarrekin jartzea apustu ziurra litzateke, udan erakutsi duten bezala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Williams, David Alabarekin lehian, Real Madrilen aurka jokatutako Espainiako Superkopako finalean. ©JULIO MUÑOZ / EFE

Zailenak, baina etxekoen babesaz

Julen Etxeberria

Athleticek Real Madril izango du aurkari Espainiako Kopako final-laurdenetan, eta Realak, Betis. Biek etxean jokatuko dute kanporaketako partida bakarra, otsailaren 3an
Mendizale bat erreskateko helikopteroari begira, Belaguako aterpetxearen inguruan. ©JESUS DIGES / EFE

Mendia ez dago edonorentzat

Unai Ugartemendia

Urtea hasi zenetik bost mendizale hil dira Pirinioetan. Azken astean gehiago korapilatu da kontua, eguraldiak asko aldatu baitu elurraren egoera. Zuhurtzia eskatu dute.
Gernikako Itziar Ariztimuño eta IDK-ko Yurena Diaz lehian, lehen itzuliko partidan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Atzerapenez ahaztu nahi dute

Ainara Arratibel Gascon

Derbia jokatuko dute bihar eguerdian, Donostiako Gaska kiroldegian, IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak. Bi taldeak «gogotsu» dira, behingoz segidan lehiatu ahal izateko.
Alexander Sorloth eta Yeray Alvarez lehian, Anoetan jokatutako derbian. ©Gorka Rubio / Foku

Athletic-Real Madril eta Reala-Betis, Espainiako Kopan

Julen Etxeberria

Zuri-gorriek eta txuri-urdinek etxean jokatuko dute final-laurdenetako partida bakarra, otsailaren 3an

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.