Amets egitea libre da

Osasuna Magna Irurtzungo taldeak bihar ekingo dio Espainiako Kopari, Bartzelonaren aurka. Roberto Martil kapitainak denboraldi honetan balentria egiteko ilusioa du: bai ligan, bai Kopan, titulua altxatzeko borrokatu nahi du.

Roberto Martil, Osasuna Magnako jokalaria, asteburuan, Irurtzunen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Irurtzun
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Torneo berezi bat da Espainiako Kopa. Areto futbolak duen txapelketa ederrena dela uste dut». Roberto Martil (Irurtzun, Nafarroa, 1987) Osasuna Magnako kapitainaren hitzak dira, eta garbi utzi du «ilusio handiz» helduko diotela Kopari. Lau egunetan jokatuko da txapelketa, Malagan, eta bihar ekingo dio lehen neurketari Irurtzungo taldeak. Desafio neketsua izango dute parean: izan ere, Bartzelona egungo txapeldunaren aurka lehiatuko dira aurreneko kanporaketan. Itxaropentsu dago, ordea, Osasuna Magnako kapitaina, eta ez dio mugarik jartzen taldeari: «Klub apal bat gara, eta oso zaila izango da irabaztea, baina ikusten dut nire burua titulua altxatzen. Amets egitea libre da».

Martilen arabera, gol gutxi jasotzea izango da gakoa, eta aurrean dituzten aukerak baliatzea: «Gure kartak ahalik eta ondoen erabiltzen saiatuko gara. Ez litzateke irabazten diegun lehen aldia. Haiek ere ez dira gustura egongo gure aurka jokatu beharrarekin. Partida lehiatua izango da». Bartzelona, Osasuna Magna, Movistar Inter, Palma Futsal, Jaen Paraiso Interior, Viña Albali Valdepeñas eta Levante dira torneoa jokatuko duten zortzi taldeak.

Irurtzungo taldeak Espainiako Kopan jarriko ditu indar guztiak aste honetan, baina ligatik erabat deskonektatu gabe: hori baita, zalantzarik gabe, denboraldiko txapelketarik garrantzitsuena. Orain, sailkapeneko seigarren postuan daude, 39 punturekin. Lehen zortzi sailkatuetan egonkortzea lortu dute —horiek jokatuko dituzte, gero, titulurako kanporaketak— baina, oraindik, gorantz begiratu nahi dute.

Bide horretan, urrats garrantzitsua egin zuten joan den asteburuan, El Pozo Murciari 4-3 irabazita. «Talde handi bat da El Pozo, eta asko exijitzen dizu. Atsedenaldira atzetik joan ginen, baina emaitzari buelta ematea lortu genuen, eta, gero, ondo eutsi genuen haien zaparrada. Gure une onak baliatu behar genituen, eta horixe egin genuen». Gainera, bi hutsune nabarmen izan zituzten: Rafa Usinek ezin izan zuen jokatu, eta Mancusok min hartu zuen atsedenaldia iristear zela. «Taldeak lan handia egin zuen partida irabazteko».

Konfiantza hartzeko ezinbestekoa izaten da hiru puntuak poltsikoratzea, eta are gehiago bolada txar batetik bazatoz. Hori izan da, hain zuzen, Osasuna Magnaren kasua. Puntuak ezin pilatuta zebilen azkenaldian: aurreko lau partidetan, hiru porrot eta berdinketa bat erdietsi zituen. Hala, txakalalditik esnatzeko balio izan zion garaipenak: «Horrelakoetan, beti kostatzen da. Dena zailagoa egiten zaizu, eta aldapa gora jartzen da egoera; buruari behar baino buelta gehiago ematen dizkiozu. Zorionez, dinamika hori aldatzea lortu genuen». Konfiantzaz eta lasai ikusten du, alabaina, taldea: «Emaitza onak ezin aterata genbiltzan, baina, joko aldetik, oso partida onak egiten ari gara. Lehiakorrak gara beti, eta emaitzak bakarrik egiten zuten kale. Motibatuta dago jendea, eta gogo handiz».

Ilusioa dute bidelagun, eta Martilek traba guztiak gainditzeko gai ikusten du taldea; kanporaketarako sailkatu, eta hor «ahalik eta urrunen» iristea dute jomuga. Argi du zein den modua: «Dinamika onean sartu nahi dugu, eta, partida onak eginez, konfiantza hartuz joan. Hala bada, ilusio eta gogo handiz iritsiko gara kanporaketara, eta, horrelakoetan, ez du axola aurkaria zein den. Denei irabazteko gai gara».

Klubaren historian final bakarra jokatu du Osasuna Magnak: 2009-2010 denboraldian izan zen, El Pozo Murciaren aurka. Loria ukitzetik gertu geratu zen Irurtzungo taldea, baina txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan zuen. «Oso zaila» den arren, balentria egitea du desio Martilek: «Jokalari baten amets handiena titulu bat altxatzea da».

Etxean bale, kanpoan kale

Anaitasuna kiroldegia gotorleku bilakatu da, eta hor dago Osasuna Magnaren arrakastaren giltza. Aurtengo denboraldiko datuei begiratu besterik ez dago: hamabi partida jokatuta, hamar irabazi ditu, eta bitan soilik geratu da esku hutsik. «Gure jendearekin, hazi egiten gara. Kemen eta babes handia ematen digute zaleek. Partida guztietan bete egiten da Anaitasuna; berdin du nor den aurkaria. Horrek asko laguntzen du», azaldu du Martilek.

Bestelakoak dira, baina, etxetik at lortutako emaitzak: hamaika partidetatik bitan bakarrik bildu ditu hiru puntuak; seitan jaso du porrota, eta hiru aldiz berdindu du.

Oro har, baina, denboraldi txukuna egiten ari da Irurtzungo taldea; ohikoa bilakatu da sailkapeneko goiko postuetan ikustea, eta, beste behin, exijentzien pareko maila ematen ari dira jokalariak. Halere, haziz joatea dute helburu, eta horretarako lanean jarraituko dute: «Agian, atzealdean ari gara huts egiten. Partida batzuetan gol asko jaso ditugu. Gustatuko litzaiguke defentsako sendotasuna berreskuratzea. Aurrean apur bat eraginkorragoak izatea ere lortu behar dugu. Gure mailako talde batek beti du hobetzeko tartea, eta hori positiboa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.