Literatura

Fikziorako bidea egin zuen filosofoa

'The Sea, the Sea' da beharbada haren lanik goraipatuena, baina ez arrakasta izan zuen bakarra. Iris Murdochek 26 nobela idatzi zituen guztira, filosofia morala inoiz alde batera utzi gabe. Astelehenean ehun urte beteko dira jaio zenetik.

Miren Garate.
2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ez zuela Jainkoan sinesten, baina morala giza bizitzarentzat funtsezkoa zela nabarmentzen zuen Iris Murdochek. «Ongia, aldi berean, arraroa eta idazteko zaila da(...). Irudikaezina eta definiezina da», idatzi zuen lanetako batean. Filosofia moralaren aldeko hautua egin zuen diziplina horretan aritu zenean, eta kezka moralen isla argia dira haren nobelak ere. Otsailean hogei urte bete ziren Ingalaterrako emakumerik distiratsuena izengoitiarekin ere ezaguna zen egile hori hil zenetik, eta astelehenean izango da jaio zeneko mendeurrena.

Sortzez irlandarra zen arren, umea zela joan zen familia Londresera, eta han hazi zen. 1938an, Oxfordeko Somerville Collegen sartu zen, eta Mods and Greats izeneko ikasketak egin zituen: filologia klasikoaren, antzinako historiaren eta filosofiaren arteko nahasketa bat. Filosofiaren arloan ibilbide oparoa egin duten beste hainbat emakume ere belaunaldi berekoak ziren, eta ikastetxe berean ikasi zuten, hala nola Elizabeth Anscombek eta Philippa Footek. Izandako irakasleen artean, bereziki bi nabarmentzen zituen: alde batetik, Donald M. MacKinnon filosofo eta teologoa, hark txertatu baitzuen filosofia moralaren arazo handietan; eta, bestetik, Eduard Fraenkel helenista judu ospetsua, Alemaniatik ihesi joandakoa.

1939an, alderdi komunistako kide aktiboa izan zen Murdoch, baina laster utzi zuen. «Justizia sozialari buruzko sentimendu suharrak genituen. Uste genuen sozialismoak gizarte zuzenak eta onak sortzeko gaitasuna zuela, pobreziarik eta gatazkarik gabekoak, eta, gainera, nahiko azkar. Ilusio baikor horiek berehala galdu nituen», esan zuen, elkarrizketa batean.

Laguntzarako eta Errehabilitaziorako Nazio Batuen Administrazioan aritu zen 1944tik 1946ra, Austrian eta Belgikan. Eta orduantxe ezagutu zuen Jean-Paul Sartre, hainbeste miresten zuen filosofoa. Londresera itzuli ostean, Ludwig Wittgensteinek zuzentzen zuen Filosofiako graduondoko batean eman zuen izena, Cambridgen, eta, laster, Murdoch bera ere izan zen filosofiako irakasle, Oxfordeko Saint Anne's Collegen. 1948tik 1963ra aritu zen lan horretan.

Garai horretan hasi zuen literatur ibilbidea. Hain zuzen, doktore tesia izan zen argitaratu zuen lehen liburua: Sartre: Romantic Rationalist. 1953a zen, eta Murdochek 34 urte zituen. Urtebete eskasean kaleratu zuen lehen nobela. Ingurukoak harritu egin ziren, nahiz eta umetatik esaten zuen idazle izan nahi zuela. Under the Net izenburua jarri zion lehen lan hari, eta, Time aldizkariaren arabera, 1923tik gaur egunera bitartean ingelesez idatzitako ehun nobela onenetako bat da. Modern Libraryk ere XX. mendean ingelesez idatzitako ehun nobela onenen artean sailkatu zuen.

Arrakasta horrek idazten jarraitzera bultzatu zuen, eta hil artean beste 25 nobela kaleratu zituen. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, urtero ez, baina ia-ia urtero argitaratu zuen zerbait. Oso azkar idazten zuen. «Ordu erdiko atsedenik ere ez dut hartzen liburu batetik bestera», erantzun zion lan berri bat prestatzeko zenbat denbora hartzen zuen galdetu zion kazetari bati. Arrakastatsuak izan ziren nobela gehienak, baina, bat nabarmentzekotan, The Sea, the Sea da gehien aipatzen dena, 1978an idatzitakoa. Egileak Booker saria jaso zuen liburu horrekin, ingelesez idatzitako literatura lanei ematen zaien sari prestigiotsuenetako bat. Charles Arrowby antzerkigile eta zuzendari ospetsua da kontakizuneko protagonista. Urte askoan lan egin ostean, eta hainbat maitasun aferaren ostean, Britania Handiko kostako txoko batera erretiratzea erabakiko du, bere memoriak idazteko, eta iraganeko zenbait mamuri aurre egin beharko die.

Iraganaren oraina

Hain zuzen, iraganak pertsonen bizitzetan duen presentzia da Murdochek nobeletan asko jorratutako gaietako bat. «Giza bizitzako gauzarik nabarmenenetako bat da, gizakien ezaugarri orokorretako bat, agian damuaren edo bizitzan gaizki ateratako planen baten uztarpean bizitzea». Jendeari ona izatea eragozten zion gauzetako bat ere horixe izan zitekeela gaineratzen zuen. Jainkoaren absentzia eta maitasunak eta arteak hura ordezkatzeko duten gaitasuna ere oso presente egon ziren haren lanetan, eta, The Sea, the Sea-n bezala, askotan sartzen zituen istorioetan beren borondatea guztiaren gainetik jartzen duten gizonezko pertsonaiak. Murdochek berak aitortu izan zuenez, Elias Canetti maitalean oinarrituta eraikitzen zituen pertsonaia horiek.

Idazleari buruzko biografia eta liburuetan asko aipatzen da miresten zuen jende askorekin izan zituela sexu harremanak, gizon nahiz emakumeekin. Akaso, bizitzako alderdi horrek ez zuen hainbesteko eraginik izango bere obran, baina, hainbeste aipatzen denez, fokua Murdochen ekarpen literarioan jarri beharrean beste kontu batzuetan jartzea ekarri du. Senarra ere literatura mundukoa zuen, John Bayley literatur kritikari eta idazlea, eta lehen liburua argitaratu eta gutxira ezkondu ziren.

Murdochek esaten zuen nobela batek idazleak ondo ezagutzen dituen kontuak jorratu behar dituela, eta horregatik zirela haren pertsonaietako asko intelektualak eta goi kargudunak. Hala ere, filosofia eta literatura bereizteko premia nabarmentzen zuen, artelan baten barruko askatasuna galdu egiten baitzen teoria gehiegi sartuz gero. Horrek, baina, ez du esan nahi nobelagintzaren bidea hartu ostean filosofia alde batera utzi zuenik. The Sovereignty of Good (1970) eta The Fire and the Sun (1977) dira Murdochen filosofia lan sonatuenetako batzuk. Berdinetik berdinera hitz egiten zuen garai hartako idazle eta filosofo nagusiekin, eta munduko hainbat herrialdetan eman zituen hitzaldiak. Horietako batean, 1995ean, Jerusalemen, galdera bat egin zioten, eta mutu geratu zen. Egoera hura errepikatzen hasi zela ikusita, konturatu ziren idazleak alzheimerra zuela. 1999an hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.