Suitzar labana bat bezala

Abelardo Fernandez Ruben Sobrino erasoko edozein postutan jartzen ari da, eta, titular edo ordezko izan, ondo moldatzen ari da beti. Inork ez du hark baino gol gehiago sartu taldean: lau.

enaut agirrebengoa
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Beti dator ondo patrikan labana suitzar bat eramatea. Hamaika erabilera dituenez, ataka askori aurre egiteko balio du. Bada, Alavesek badu berea: Ruben Sobrino (Ciudad Real, Espainia, 1992). Partidaren eta egoeraren arabera, hainbat postutan kokatu ohi du Abelardo Fernandezek, eta beti moldatzen da ondo. Eskuarki, puntaren puntan, edo beste aurrelari baten atzetik jokatzen du. Aitortu izan duenez, bertan sentitzen da erosoen. Edonola, hegaletan ere aritzen da lantzean behin, eta bertan ere konplitzen du. Gainera, beste bertute bat ere badu: hasieratik jokatu edo ez, ia beti ematen du zeresana. Titular gisa, aurkarien defentsak higatzeko balio du, eta, ordezko gisa, lehiak apurtzeko, azken jardunaldian Huescaren kontra egin bezala.

Lau aurrelari ditu Alavesek, eta horietako hiruk antzeko zeregina dute zelaian. Aurrelari fisikoak dira Jonathan Calleri, John Guidetti eta Borja Baston, eta defentsekin borrokatu, baloiak jaitsi eta arean buruz mehatxua izatean datza haien jarduna. Hau da, bakoitzak bere berezitasunak izan arren, funtsean hirurak dira erreferentziazko aurrelariak. Sobrinok, kontrara, bestelako eginkizunak ditu. Abilezia teknikoa eta abiadura ditu bertute nagusi, eta, horri esker, erdi-puntan edo hegaletan joka dezake. Jokaldiak harilkatzeko tenorean, beste aurrelariek baino gehiago hartzen du parte: lerro artean agertu, eta joko asko sortzen du. Horretaz landa, mehatxua da aurretik hutsuneak dituenean, eta badaki areaz kanpotik jaurtitzen.

Hots, haginetako min baten parekoa izan ohi da Alavesen aurkarientzat. Gabezia batzuk ere baditu, dena den: adibidez, golerako sena falta zaio; sekula ez ditu sasoi berean zazpi gol baino gehiago sartu. Alabaina, denboraldi honetan koska bat igo du, eta, orain, inork ez ditu hark baino gol gehiago sartu Alavesen: lau gol. Ondo bidean, laster hobetuko du aurreko sasoiko marka, bost gol sartu baitzituen 33 partidatan. Finko bihurtu da Abelardoren planetan, hasieran titular legez, eta pizgarri moduan azken neurketetan. Sasoiko lehen zazpi partidetatik bostetan hasierako hamaikakoan izan zen, eta erasoko jokoa gidatu zuen Jonyrekin batera. Calleriren agerpenak, ordea, funtzio aldaketa ekarri dio Sobrinori.

Argentinarrak laugarren jardunaldira arte itxaron behar izan zuen Alavesekin debuta egiteko, baina, geroztik, titular gisa jokatu ditu neurketa gehienak; guztiak, bat izan ezik. Harekin bikote orekatu eta arriskutsua osatzen du Sobrinok, baina soilik bi lehiatan izan dira aldi berean hasierako hamaikakoan. Zenbaitetan, hirugarren erdilari bat jarri eta aurrelari bat kendu izan du Abelardok, eta kaltetua aurrelari espainiarra izan da. Gainera, azken partidetan Bastonek jokatu du Calleriren aldamenean. Alta, horrek guztiak ez du esan nahi Sobrino bigarren mailan dagoenik. Ordezko moduan bada ere, oso garrantzitsua da.

Ezaugarri egokiak ditu bigarren zatietan aurkariak aztoratzeko, eta zeregin hori eman dio Abelardok azkenaldian. Jokalariek beti nahi dute hasieratik jokatu, baina Sobrino ez da muturtu. Horren ordez, aulkitik atera osteko minutuak zukutzen ari da. Ligako azken norgehiagokan, esaterako, 2-1eko erabakigarria sartu zion Huescari 68. minutuan. Semedoren pase kaskarra area ertzean jaso, eta jaurtiketa zehatz batekin urrezko hiru puntu eman zizkion Alavesi.

2021era arte du kontratua

Sobrino Real Madrilen harrobian hazi zen jokalari moduan. Gazte mailan hasi, eta, hirugarren eta bigarren taldeetatik pasatu zen gero, 2014ko denboraldi-aurrea orduan Carlo Ancelottik zuzendutako talde nagusiarekin osatu aurretik. Edonola, sasoi hura ez zuen Real Madrilen hasi, Espainiako Bigarren Mailako Ponferradinak fitxatu baitzuen. Han, izen handiko hainbat talderen arreta piztu zuen aurrelariak, eta 2015eko udan Manchester Cityra joan zen. Orduan, Gironara irten zen utzita, eta, urtebete geroago, Alavesera. Ez zuen askorik jokatu Mauricio Pellegrinorekin, baina, halere, sasoiaren amaieran lau urterako fitxatu zuen Arabako taldeak, bi milioi euroren truke. Bada, pixkanaka, ari da inbertsio haren fruituak jasotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.